Preso ohientzako subsidioa (langabezia subsidioa)

2018/03/21
Azken eguneraketa: 2023/01/30

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren III: Kapitulua

Gutxienez 6 hilabetez kartzelan egon diren pertsona guztiek langabezia subsidioa 18 hilabetez jasotzeko eskubidea daukate, baldin eta enplegurik eta baliabide ekonomiko nahikorik ez badaukate; horrelaxe ezartzen du Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak 274. artikuluan.

Espetxean egon diren pertsona guztiek, oro har eta kasu guztietan, onarturik daukate eskubide hau. Hala ere PPren gobernuak, espetxe politika krudelari segida emateko, 2014ko Aurrekontuen Legean erreforma burutu zuen euskal preso politikoei langabezia subsidio hau ukatzeko.

Erreforma honen bitartez kolektibo honetako presoei bestelako trataera bat ematea bilatzen zuten, hala nola betebehar espezifikoak eskatu (damua, salaketa, kartzela agintearen aldeko txostena…). LABeko zerbitzu juridikoek honen aurka egin zuten, hainbat erreklamazio aurkeztuta eta, azkenik, Epaitegi Konstituzionalak inkonstituzionaltzat jo zuen. Honela, Estatuak ordura arte ukatuak zituen subsidio guztiak ordaintzera behartu genuen.

Gaur egun euskal preso politikoek preso ohi guztiek aitortuta daukaten subsidioa eska dezakete.

 
Nork eska dezake?

• Espetxean gutxienez 6 hilabetez egondako pertsonek
• Adin txikikoentzako zentroetan egon diren gazteek, baldin eta askatuak izan direnean 16 urtetik gorakoak baziren.

 
Bete beharreko baldintzak:

– Zure errentak ezin dira lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino altuagoak izan, hau da, 750 euro hilean (2023. urteko hasieran)
– Langabezian egon behar zara eta enplegu eskatzailetzat apuntaturik. Espetxetik irten eta hilabete daukazu langabezian apuntatzeko. Honen ostean, hilabete itxaron beharko duzu diru laguntza eskatu baino lehenago.
– Beste kasu guztietan bezala, jarduera konpromisoa sinatu behar duzu.

 
Diru sarrerak

Subsidioa jaso ahal izateko, bete beharreko baldintzen artean, diru sarreren gabezia egiaztatu behar duzu. Zelan neurtzen da hau?

Diru sarrera nahikorik ez daukazula ulertuko da lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino gehiagorik irabazten ez duzunean. 2023. urte hasieran lanbidearteko gutxieneko soldata 1.000 euro dira. Hortaz, honen %75 750€ lirateke.

Diru-sarrera hauek edozelakoak izan daitezke: nekazaritza jarduerengatik, jarduera artistikoengatik, lokalen bat alokatuta edukitzeagatik, bestelako prestazio publikoren bat jasotzeagatik, loteriak, pentsio-planak…

Balizko errenta hauen artean, honakoak EZ dira kontuan hartuko:

  • Gizarte Segurantzak seme-alabengatik ematen dituen prestazioak (hala ere, bestelako prestazio sozialak bai hartzen dira aintzat).
  • Kaleratzeagatiko kalte-ordaina. Lanetik bota bazaituzte, dagokizun kalte ordaina ez da kontuan hartuko zure errentak zenbatzeko. Berdin da kalte ordain hau dena batera jaso duzun edo zatika eskuratzen ari zaren.

Diru sarrera gordinak hartzen dira kontuan.

HEMEN daukazu zehaztuta zer jotzen duen SEPEk errentatzat edo diru-sarreratzat.

 

Subsidioaren iraupena

Subsidio honek 6 hilabete irauten du, baina birritan berrizta dezakezu 18 hilabetetara arte; hau da, 6+6+6.

 
Zenbat jasotzen da?

Kopuru finkoa da: IPREMaren %80
Hau da, 480 euro hilean (2023. urtean).

 
Subsidioa eskatzeko epea:

Lehen esan dugun bezala, lehenengo eta behin langabezian apuntatu behar zara. Honetarako hilabete daukazu. Hala ere, zenbat eta arinen egin, hainbat eta hobeto. Zeren eta langabezian apuntatu zarenetik hilabete itxaron behar baita subsidioa eskatu ahal izateko. Hilabete hau behin pasaturik, 15 egun dauzkazu subsidioa eskatzeko.

Epez kanpo eskatzen baduzu, ez dizute subsidioa ukatuko. Hala ere, galdu dituzun egunak ez dituzu kobratuko. 

 

Ze dokumentazio behar da?

Eskaera orria. Bertan subsidio mota, banku, datuak, senideak eta abar azaldu behar dituzu.
– Nortasun agiria (NAN edo NIE/pasaportea)
Espetxe ziurtagiria, sarrera eta irteera data adierazten duena. Ziurtagiri hau espedientea dagoen kartzelan eskatu beharra dago. Ez da beharrezkoa zeu joatea, beste pertsona bati baimena eman ahal diozu. Era berean, beste espetxe batean ere eskatu liteke (dispertsio politika dela eta, espedientea ehunka kilometrotara egon liteke eta). Informazio gehiago ziurtagiri honetaz.

 
Langabezia subsidioa edo prestazioa?

Baliteke kartzelara joan aurretik kotizazioak pilatuta izatea (gutxienez 360 egun). Askatzen zaituztenean, ez badira 6 urte pasatu kotizatu zenuenetik, edo espetxean zeundenean lan egin baduzu eta lan horrengatik kotizatu baduzu, langabezia prestazioa eska zenezake. Edo, hobeto esanda, prestazioa derrigor eskatu beharko zenuke eta ez subsidioa.

Bestalde, espetxera sartu orduko, langabezia prestazioa jasotzen ari bazinen prestazio hau etengo da; nolanahi ere, familia ardurak badauzkazu (bikotekidea edota 26 urtetik beherako seme-alabak) ez zenioke prestazioa edo subsidioa jasotzeari utziko. Hala ere, hau ez da automatikoki gertatzen, enplegu bulegoan eskatu beharra dago.

Familia ardurarik ez badaukazu eta, hortaz, prestazioa jasotzeari utzi behar izan badiozu, behin askatuta, ez baduzu prestazio osoa agortu, geratzen zaizkizun hilabeteak kobratu ahal izango dituzu.

Prestazioa eta subsidioak, era berean, ez dira etengo behin-behineko edo probisional zauden bitartean.

Bestetik, 52 urte edo gehiago badituzu, eta ez badaukazu langabezia prestazioa eskatzeko kotizaziorik, 52 urtetik gorakoentzako subsidioa eskatu behar duzu. Hau ere subsidioa da, baina onura gehiago ditu (jubilatzeko adinera arte jasotzen da, kontributiboa da…).