Bekarioak eta praktikak

Beka bat, berez, administrazio (edota fundazio) ezberdinek ematen dituzten diru subentzioak izaten dira, ikasketak burutu ahal izateko edo ikerketa proiekturen bat egiteko. Bekak dira edo izan beharko liratezke, halaber, praktikak egiten direnean jasotzen den diru laguntza. Edozelan ere, “bekario” hitza erabiltzen dugunean, normalean enpresetan praktikak egiten dituzten gazteak izendatzeko erabiltzen da. Oro har, prekarietate modurik gordinetako bat pairatzen duten gazteak, alegia, enpresek iruzurreko praktikak eskaintzen baitituzte lanpostu bat betetzeko.

Praktika mota anitz daude, laboralak eta ez laboralak izan daitezke, ordainduak eta ez ordainduak, ikasten dugun bitartean eta ikasketak behin amaituta.

Praktika ez laboralak

• Bete beharreko praktikak: unibertsitate eta lanbide heziketa ikasketa askotan praktikak egin beharra dago. Curriculum barruko praktikak dira hauek eta, ikasgaiekin gertatu bezala, gainditu beharreko kreditu kopuru bat daukate.

• Lan zentroek askotan enpresekin hitzarmenak izaten dituzte curriculum kanpoko praktikak eskaintzeko. Unibertsitateak ikuskatzen ditu eta behin amaituta, praktika hauek ebaluatu eta ziurtagiria jasotzeko eskubidea daukazu. Praktika hauek ez dira laboralak eta, hortaz, ez da lan harremanik izango. Honela, praktikak egin ostean, enpresak kontratatuz gero, denbora tarte hau ez da antzinakotasunerako zenbatuko, adibidez.

• Praktika hauek batzuetan ordaintzen dira (dietak, bekak, garraioa…). Honela denean, ikaslearen alta eman behar du Gizarte Segurantzan ordainketa egiten duen erakundeak edo enpresak (2013tik dago horrela ezarria). 2018ko kotizazioa 46,52 euro dira, hauetatik 6,94 ikaslearen eta gainontzekoa enpresaren kontura. Ez da tramiterik egin behar, jasotzen duzun dirutik zuzenean kenduko zaizu. Kontzeptu guztiengatik kotizatzen da, edozein langileren kasuan bezala, langabezia, FOGASA eta lanbide heziketagatik izan ezik.

• Praktikak ordaintzen ez direnean, ez dago altarik Gizarte Segurantzan eta, hortaz, kotizaziorik ere ez. Kasu honetan eskola aseguruak babesten gaitu, 28 urtetik beherakoak izanez gero, edo lan zentro bakoitzak dauzkan babes sitemek edo hitzarmenek.

• Ez nahastu praktika kontratuarekin. Azken hauetan lan kontratua eta, hortaz, lan harremana badago.