45 urtetik gorakoentzako subsidioa (langabezia subsidioa)

2018/03/20
Azken eguneraketa: 2023/01/27

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren III. Kapitulua

45 urte badauzkazu, langabezia prestazioa agortu baduzu eta ez badaukazu familia erantzukizunik, subsidio hau eska zenezake. Familia erantzukizunak badauzkazu, bota begirada bat beste artikulu honi: “Langabetuentzako familia laguntza“.

 
Bete beharreko baldintzak

Gutxienez, 45 urte beteta izan behar dituzu eskatzen duzun momentuan.

Langabezia prestazioa agortu behar izan duzu. Hau da, subsidio hau eskatu baino lehenago, prestazioa jasotzen egon behar izan zara.

Subsidio hau familia erantzukizunik ez daukan jendeari dago bideratuta. Familia ardurarik izanez gero, bota begirada bat beste artikulu honi: “Langabetuentzako familia laguntza“. Bertan azalduta daukazu zer jotzen den familia arduratzat eta ikus dezakezu zure kasua egokitzen ote den.

Zure errentak ezin dira izan lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino handiagoak (750 euro, 2023. urte hasieran).


⇒ ADI! Langabezia prestazioa agortu duzunetik eta subsidioa eskatu arte hilabete itxaron behar duzu.


 
Diru sarrerak

Subsidioa jaso ahal izateko, bete beharreko baldintzen artean, diru sarreren gabezia egiaztatu behar duzu. Zelan neurtzen da hau?

Diru sarrera nahikorik ez daukazula ulertuko da lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino gehiagorik irabazten ez duzunean. 2023. urte hasiera honetan lanbidearteko gutxieneko soldata 1.000 euro dira. Hortaz, honen %75 750€ lirateke.

Diru-sarrera hauek edozelakoak izan daitezke: nekazaritza jarduerengatik, jarduera artistikoengatik, lokalen bat alokatuta edukitzeagatik, bestelako prestazio publikoren bat jasotzeagatik, loteriak, pentsio-planak…

Balizko errenta hauen artean, honakoak EZ dira kontuan hartuko:

  • Gizarte Segurantzak seme-alabengatik ematen dituen prestazioak (hala ere, bestelako prestazio sozialak bai hartzen dira aintzat).
  • Kaleratzeagatiko kalte-ordaina. Lanetik bota bazaituzte, dagokizun kalte ordaina ez da kontuan hartuko zure errentak zenbatzeko. Berdin da kalte ordain hau dena batera jaso duzun edo zatika eskuratzen ari zaren.

Diru sarrera gordinak hartzen dira kontuan.

HEMEN daukazu zehaztuta zer jotzen duen SEPEk errentatzat edo diru-sarreratzat.

 
Zenbat jasotzen da?

Kopuru finkoa da: IPREMaren %80
Hau da, 480 euro hilean (2023. urte hasierako zenbatekoa).

Hala ere, 2012ko lan erreformari “esker”, lehen prestazioaren kopurua osorik kobratzen bazen ere, orain jardunaldi partzialaz lan egin baduzu, subsidioa ere partziala izango da. Honela, jardunaldi erdiz lan egin baduzu, esaterako, subsidioa 240 euro baino ez litzateke izango. Hau subsidio guztietan gertatzen da, 52 urtetik gorakoentzako, Estatura itzulitako migranteentzako eta preso ohientzako subsidioetan izan ezik). Gizarte Segurantzaren Legearen 278 artikulua.

Gogoratu behar dugu neurri hau PPk sartu zuela bere lan erreformarekin. Eta lan erreforma horixe bera da PSOEk bertan behera utzi nahi izan ez duena, nahiz eta hala egingo zuela zin egin eta hala sinatu. Aldaketa bakarra egin zuen: 52 urtetik gorakoentzako subsidioak kanpo utzi.

 
Iraupena

Sei hilabete.
Diru laguntza hau ezin da luzatu.

 
Ze dokumentazio aurkeztu behar da?

– Eskaera dokumentu ofiziala. Bertan 45 urtetik gorakoentzako diru laguntza aukera markatu beharko duzu.
– Nortasun agiria (NAN edo NIE)
– Diru laguntza jasotzeko kontu korrontea egiaztatzen duen bankuaren dokumentua.
– Errenten egiaztagiria (enplegu bulegoan horrela eskatuz gero).

 
Eskatzeko epea

15 lan egun. Gogoratu, hala ere, kasu honetan langabezia prestazioa agortu ondoren hilabete itxaron behar duzula.

Epez kanpo eskatzen baduzu, ez dizute subsidioa ukatuko. Hala ere, galdu dituzun egunak ez dituzu kobratuko.