Jarduera amaieragatiko prestazioa (“autonomoen langabezia”)

2018/02/22
Azken eguneraketa: 2022/10/11

13/2022 Dekretua, autonomoen kotizazio sistema berria ezarri eta jarduera amaieragatiko babesa hobetu duena
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren V. Titulua

 

Autonomoentzako langabezia edo, zehazkiago esanda, jarduera amaieragatiko prestazioa 2010ean hasi zen indarrean (32/2010 Legea). 2015ean hainbat berritasun sartu ziren 35/2014 Legearen bitartez (Mutualitateen Legea). Bestetik, Jarduera amaieragatik kotizatzea hautazkoa izan da bere sorreratik, harik eta 2019ko urtarrilera arte, honetara behartzen zuen 28/2018 Dekretuaren ostean.

Prestazio honen inguruko azken moldaketak 13/2022 Dekretuak sartu ditu. Arau honek, badakizuenez, diru-sarreren arabera kotizatzeko betebeharra ekarri du. Hau ondorengo artikuluan daukazue azalduta.

Baina, honekin batera, azken dekretu honek beste puntu batzuk ere ikutu ditu autonomoen erregimenean, hala nola, jarduera amaieragatiko prestazioa edo tarifa laua. Honela, besteak beste, jarduera amaieragatiko prestazioa eskatu ahal izateko, kasu berri bi txertatu ditu, geroxeago azalduko dugunez.

Jarduera amaiera behin-betikoa edo aldi baterakoa izan daiteke. Hau da, gure negozioa betirako edo denbora tarte betarako itxi dugulako.

Era berean, jarduera amaiera erabatekoa edo partziala izan daiteke. Erabatekoa bada, honek esan nahi du jarduera guztiak bertan behera utziko ditugula, hau da, ez dugula lanik egingo. Amaiera partziala bada, lanean jarraituko genuke, baina gure jarduera murriztuta egongo litzateke.

 

Ze kasutan eska daiteke jarduera amaieragatiko prestazioa?

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 331. artikulua 

Erregimen orokorrean gertatzen den bezala, langabezia egoera legala ez zaigu aitortzen kasu guztietan, nahiz eta lanik ez egin. Honela, esaterako, norberak lana uzten badu, ez litzateke langabezia egoera legalean egongo eta, hortaz, ezingo luke langabezia prestazioa eskatu.

Autonomoen kasuan ere, jarduera amaieraren egoera legala aitortzeko, egoera zehatzetan egon behar gara. Hortaz, kasu honetan ere, negozioa itxi nahi izate hutsak ez digu honetarako eskubiderik emango.

Arestian esan dugunez, 13/2022 Dekretuak jadanik existitzen ziren egoerei beste bi gehitu dizkio, arrazoi ekonomikoen artean biak. Hauexek dira, beraz, 2023tik aurrera indarrean egongo diren kasu guztiak:

1. Arrazoi ekonomiko edo teknikoak zein ekoizpen edo antolaketa arrazoiak. Kasu ohikoenetako bat da. Jarduera ekonomiko edo profesionalarekin jarraitzea ezinezko egiten duten arrazoiak dira eta, hortaz, prestazioa jaso bitartean, beharrezkoa izango da negozioa itxita egotea edo hirugarren bati eskualdatu izana (geroxeago aipatzen diren salbuespenak salbuespen):

Galerak: urtean %10eko diru-galerak izan direla egiaztatu behar da. %10eko galera hau aurreko urtearekin konparaturik izan beharko da; hala ere, ez da kontuan hartuko jardueraren lehenbiziko urtea.

Betearazpen judizial edo administratiboak: epaitegiak edo administrazioak autonomoaren zorrak kobratzeko ebazpena ematen duenean. Zor hauek, gutxienez, autonomoaren diru-sarreren %30ekoak izan behar dira.

Hartzekodunen konkurtsoan egotea: porrot zein ordainketa etendura kasuetan. Hartzekodunen konkurtsoan egoteak, berez, jarduerarekin ezin jarraitzea dakar berarekin batera.

– (Berria) Jarduera amaiera jardunaldi murrizketagatik (langilerik kontratatuta izanez gero): kontrataturik dauden langile guztien jardunaldia %60 murriztu behar izan baduzu edo langileen %60ren kontratuak aldi baterako eten behar izan badituzu.

Honetaz gain, aurreko hilabete bietan, ohiko diru-sarrerak edo salmentak %75 jaitsi behar izan dira (aurreko urteko sasoi berberarekin konparatuta) eta autonomoaren hileko diru-sarrera garbiak -bere jarduera ekonomiko guztiengatik- ezin dira izan lanbidearteko gutxieneko soldata baino altuagoak edo, bestela, autonomoak aukeratuta daukan kotizazio oinarria baino altuagoak (oinarri hau lanbidearteko gutxieneko soldata baino baxuagoa bada).

Kasu honetan ez da beharrezkoa izango establezimendua ixtea.

– (Berria) Jarduera amaiera zorrengatik (ez badago langilerik kontratatuta): autonomoak zorrak baldin badauzka publikoak ez diren hartzekodunekin. Hau da, ez da kontuan hartuko Gizarte Segurantzarekin edo Ogasunarekin izan ditzakeen zorrak, baizik eta hornitzaile eta abarrekin izan ditzakeenak. Zor hauek ohiko diru-sarreren edo salmenten %150 baino handiagoak izan behar dira (eskaera egin eta aurreko hiruhileko fiskal bietan zehar). Honetaz gain, diru-sarrera edo salmenta hauek aurreko urtekoak baino %75 baxuagoak izan behar izan dira.

Honetaz gain, hiruhileko bi hauetan zehar autonomoaren diru-sarrera garbiak -bere jarduera ekonomiko guztiengatik- ezin dira izan lanbidearteko gutxieneko soldata baino altuagoak edo, bestela, autonomoak aukeratuta daukan kotizazio oinarria baino altuagoak (oinarri hau lanbidearteko gutxieneko soldata baino baxuagoa bada).

Kasu honetan ere ez da beharrezkoa izango establezimendua ixtea.

2. Ezinbesteko kausengatik (gaztelerazko “fuerza mayor”). Ez da harago zehazten, ezinbesteko kausa hau jarduera ekonomikoaren amaiera, aldi baterako zen behin-betiko, ekarri behar duela, besterik ez.

Baina bai zehazten da zer ulertuko den aldi baterako jardueraren amaiera partzialtzat ezinbesteko kausengatik denean. Honelaxe dio: enpresaren jardueraren eteteak sektore edo lan zentro bati eragiten dionean, aginte publikoak larrialdia deklaratu duenean, diru-sarrerak %75 jaitsi direnean eta autonomoaren hileko diru-sarrerak ez badira lanbidearteko gutxieneko soldatara iristen edo, bestela, autonomoak aukeratuta daukan kotizazio oinarrira (oinarri hau lanbidearteko gutxieneko soldata baino baxuagoa bada)

3. Lizentzia administratiboa galdu bada. Beti ere lizentzia hau ezinbestekoa bada jarduera ekonomiko edo profesionalerako eta lizentziaren galera hau ez bada izan hutsegite penalen ondorioz.

4. Dibortzio edo banaketagatik (ebazpen judiziala beharrezkoa da), baldin eta autonomoak familia laguntza emango balu bere bikotekide ohiaren negozioan.

5. Genero edo sexu indarkeriagatik, langile autonomoak jarduera bertan behera utzi behar badu, aldi baterako zein behin-betiko.

Genero edo sexu indarkeriaren biktima diren langileen eskubide guztien inguruko informazioa beste artikulu honetan daukazue (autonomen atala barne):

Bete beharreko baldintzak

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 330. artikulua

Autonomoen erregimenean altan egon behar zara

Jarduera amaieragatik 12 hilabetez segidan kotizatu behar izan duzu, gutxienez. Geroxeagoko taulan azalduko dugunez, zenbat eta hilabete gehiago kotizatu izan, orduan eta prestazio luzeagoa.

Gizarte Segurantzan altan egon behar zara eta kuoten ordainketa eguneraturik izan behar duzu. Ez balitz honela, Gizarte Segurantzak 30 egun natural emango dizkizu zor hauek erregularizatzeko. Zorrak behin kitatuta, jarduera amaieragatiko prestazioa jaso zenezake.

Jarduera konpromisoa sinatu behar duzu (SEPEn). Hau ez da beharrezkoa izango 13/2022 Dekretuak sartu dituen kasu bietan, hau da, jardunaldi murrizketagatik edo zorrengatik izan bada. Era berean, ez duzu jarduera konpromisoa sinatu beharko jarduera amaiera aldi baterako izan bada eta ezinbesteko kausengatik izan bada (“temporal por fuerza mayor”).

— Behin-betiko amaiera kasuetan, ezin zara erretiro adinean egon. Salbuespena: adin horretara heldu bazara, baina oraindik ez baduzu pentsioa jasotzeko nahiko kotizaziorik pilatu.

 

Prestazioaren iraupena eta zenbatekoa

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 338. eta 339. artikuluak

Prestazioaren iraupena kotizazio epeen araberakoa izango da. Esan dugunez, gutxienez, aurreko 12 hilabeteetan egon behar izan zara segidan jarduera amaieragatik kotizatzen:

  • KOTIZATUTAKO HILABETEAK
  • PRESTAZIOAREN IRAUPENA

12 eta 17 hilabete artean

4 hilabete

18 eta 23 hilabete artean

6 hilabete

24 eta 29 hilabete artean

8 hilabete

30 eta 35 hilabete artean

10 hilabete

36 eta 42 hilabete artean

urtebete

43 eta 47 hilabete artean

16 hilabete

48 hilabete edo gehiago

urte bi

Prestazioren zenbatekoa: oinarri arautzailearen %70.

13/2022 Dekretuak sartu dituen kasu berri bietan (jardunaldi murrizketagatik edo zorrengatik, alegia) eta ezinbesteko kausengatiko aldi baterako amaiera partzialaren kasuetan jasoko den kopurua oinarri arautzailearen %50 izango da.

Oinarri arautzailea kalkulatzeko, azken 12 hilabeteetako kotizazio oinarrien batezbestekoa egingo da.

Gehienezko zenbatekoa: IPREMaren %175. Autonomoak seme-alabarik badauka bere kargupean, IREMaren %200 (seme edo alaba bakar bat) edo %225 (seme edo alaba bat baino gehiago).

Gutxieneko zenbatekoa: IPREMaren %80, seme-alabarik eduki ezean edo IPREMaren %107, seme-alabak izatekotan.

 

Gizarte Segurantzari kotizazioak

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 329. artikulua

Jarduera amaieragatiko prestazioa jasotzen den bitartean, mutualitateak hartuko ditu bere gain Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioak.

13/2022 Dekretuak sartu dituen kasu berri bietan (jarduera amaiera jardunaldi murrizketagatik edo zorrengatik, alegia) mutualitateak kuotaren %50 ordainduko du eta langileak beste %50. Mutualitateak, prestazioaren zenbatekoarekin batera, kuoten %50a ere ordainduko dio eta autonomoa izango da Gizarte Segurantzari kuota osorik ordaintzeko arduraduna.

Jarduera amaiera genero edo sexu indarkeriagatik izan bada, sei hilabetez ez da beharrezkoa izango Gizarte Segurantzari kuotarik ordaintzea; hala ere, langilea altan jarraituko du eta denbora epe hori efektiboki kotizatutzat hartuko da. (1/2004 Legearen 21.5 artikulua eta 10/2022 Legearen 38.5 artikulua).

 

Dokumentazioa

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 332. artikulua 

Kasu guztietan arrazoia azaltzen duen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da. Geroxeago erakutsiko dizuegunez, honek ez dauka misterio handirik; izan ere, mutualitateak emango dizun eskaera orriarekin batera, zinpeko aitorpen hau betetzeko txantiloia ere txertaturik etortzen da.  

Jarduera amaieraren kausaren arabera, beste dokumentu hauek ere atxiki beharko dira:

1. Arrazoi ekonomiko edo teknikoak:

– %10eko galerak urtebetean / betearazpen judizial edo administratiboak / hartzekodunen konkurtsoa:

  • Zerga erroldako baja
  • Autonomoen erregimeneko baja
  • Baimen edo lizentzia administratiboen baja eskaera edo baja eman izanaren egiaztagiria
  • Galera ekonomikoen berri emateko, autonomoak kontabilitatearen inguruko dokumentazioa eman beharko du. Honetaz gain, BEZaren zein PFEZaren deklarazioak eta bestelako partiden berri ematen duen dokumentazioa ere atxiki beharko da.
  • Betearazpen judiziala: ebazpen judizial edo administratiboa
  • Hartzekodunen konkurtsoa: bulegoen edo establezimenduen itxiera agintzen duen autoa

– Jarduera amaiera jardunaldi murrizketagatik:

  • Lan agintaritzari helarazitako jakinarazpena, hau da, lan agintaritzari luzatu genion komunikazioa, non langileen jardunaldia murrizteko asmoaren berri ematen genion.
  • Diru-sarreren edo salmenten jaitsieraren berri ematen duen kontabilitatearen inguruko dokumentazio guztia.
  • BEZaren zein PFEZaren deklarazioak, diru-sarrerak egiaztatzen dituzten bestelako dokumentuak eta partidak ziurtatzen dituzten dokumentuak.
  • Adi! Kasu hauetan, ez da beharrezkoa izango autonomoetan baja ematea.

– Jarduera amaiera zorrengatik

  • Diru-sarreren edo salmenten jaitsieraren berri ematen duen kontabilitatearen inguruko dokumentazio guztia.
  • BEZaren zein PFEZaren deklarazioak, diru-sarrerak egiaztatzen dituzten bestelako dokumentuak eta partidak ziurtatzen dituzten dokumentuak.
  • Zorrak finantzatzeko akordiorik lotu badugu hartzekodunekin, honen beri ematen duen dokumentazioa ere gehitu beharko dugu.
  • Adi! Kasu hauetan, ez da beharrezkoa izango autonomoetan baja ematea.

2. Ezinbesteko kausengatik:

  • Ezinbesteko kausa hauen berri ematen duen dokumentazioa
  • Jarduera amaiera behin-betikoa bada, zerga erroldako baja. Honetaz gain, baimen edo lizentzia administratiborik beharrezkoa balitz, baja eskaera edo baja eman izanaren egiaztagiria.
  • Jarduera amaiera partziala eta aldi baterako bada, dagokion administrazio publikoaren akordioa ere atxiki beharko da (gogoratu agintaritza publikoak larrialdia deklaratu behar izan duela).
  • Jarduera amaiera aldi baterako bada -izan itxiera partziala edo erabatekoa-, ez da beharrezkoa izango autonomoetan baja ematea.

3. Lizentzia administratiboaren galera: ebazpena atxiki beharko da

4. Genero edo sexu indarkeria:

  • Idatzizko deklarazioa (autonomoak deklarazio honetan azaldu beharko du arrazoi honengatik jarduera eten behar izan duela)
  • Indarkeria kasua egiaztatu beharko da. Hainbat modu daude honetarako: ebazpen judiziala; epaitegiak eman duen kautelazko edozein neurri edo babes agindu; Fiskaltzaren txostena; gizarte zerbitzuen edota harrera zerbitzuen txostena…

5. Dibortzio edo banaketagatik:

  • Ebazpen judiziala
  • Negozioan jadanik familia laguntzarik ematen ez dela egiaztatzen duen dokumentazioa
 
Eskaera

Gizarte Segurantzaren 337. artikulua

Prestazioa mutualitateari eskatu behar zaio, bera izango baita kudeaketaren arduraduna.

HEMEN daukazue eskaera eredu bat. Ikusiko duzuenez, eskaeraren dokumentuan bertan zinpeko aitorpena ere egiten da eta, horretaz gain, atxiki beharreko dokumentuen zerrenda ere aurkituko duzue.

Noiz hasiko da prestazioa jasotzen? Eskubidea honako datetan aitortuko da (honek ez du esna nahi lehenbiziko ordainketa egun horietan jasoko duzunik):

— Autonomoetan baja gauzatu eta hurrengo egunean
— Autonomoetan baja eman behar ez den kasuetan:
                       • Jardunaldi murrizketa: lan agintaritzari komunikatu behar izan diogu langileen jardunaldia murrizteko edo kontratuak eteteko asmoa daukagula. Eskubidea aitortuko zaigu jakinarazpen hau egin eta hurrengo hilabetetik aurrera.
                       • Zorrengatik: eskaera egin eta hurrengo hilabetetik aurrera.
— Aldi baterako amaiera ezinbesteko kausengatik -erabatekoa zein partziala-: dokumentuak atxiki eta ezinbesteko kausa egiaztaturik geratzen den hurrengo egunetik aurrera.
— Gainontzeko kasuetan: Autonomoetan baja gauzatu eta hurrengo hilabetetik aurrera.