Familia bateratzeagatiko erresidentzia

2018/02/26
2021/02/12an eguneratua

Zer da familia bateratzeagatiko erresidentzia eta zeintzuk senide ekarri ahal dira?

Estatu espainolean legalki bizi den norbaiten senidea izateagatik ematen den erresidentzia baimena da.

Honako senide hauek ekarri ahal dira:

– Bikotekidea (senar-emazteak edo izatezko bikotekidea)
– Seme-alabak, norberarenak zein bikotekidearenak -baita adoptatuak ere-, 18 urtetik beherakoak direnak edo desgaitasunen bat daukatenak.
– Gurasoak, norberarenak zein bikotekidearenak, 65 urtetik gorakoak badira eta ekonomikoki ekarri nahi dituen pertsonaren menpe badaude. Kasu honetan, Estatuan bizi den pertsona migrantea bada, iraupen luzeko erresidentzia baimena izan behar du.

Senideak ekarri nahi dituen pertsonak enplegua izan behar du edo, bestela, familia zaintzeko bitarteko ekonomiko nahikoak izan behar ditu. Honetaz gain, etxebizitza egokia badaukala ere egiaztatu beharko du.

Zeintzuk dokumentu behar dituzu Estatura etortzeko, zure bikotekideak nazionalitate espainola badauka?

• Familia bateratzeko bisatua zure herrian dagoen Estatu espainolaren kontsulatuan eskatu behar duzu.

Honako dokumentu hauek behar dituzu:

– Iraupen laburreko bisatuaren eskaera orria (Schengen bisatua), 3 inprimaki eta karnet tamainako 3 argazki, atzealde zuridunak.

– Zure pasaporte originala. Begiratu ondo zein den pasaportearen amaiera data, ezin da 180 egunetan kadukatu. Zure argazkia dagoen orrialdearen kopia bat ere beharko duzu eta pasaportean zuzenketarik egonez gero, orrialde hauen kopia ere bai.

– Zure bikotekidearen NANaren kopia konpultsatua.

– Ezkontzaren egiaztagiri literala. Originala eta kopia bat beharko dituzu. Errezena da zure bikotekideak eskatzea eta zuri helaraztea. Erregistro Zibilean eskatzen da. Hau eskatzeko bere NANa, bion izen-abizenak eta ezkondu zineten tokia eta eguna baino ez du beharko. Beste herrialderen batean ezkondu bazineten, estatu espainolean baliagarria den ziurtagiria behar duzue eta, hortaz, dokumentua legeztatuta eta zinpeko itzultzaile batek itzulia egon behar da. Izatezko bikotea bazarete, hau egiaztatzen duen dokumentua beharko duzue.

– Zure bikotekidearen errolda ziurtagiria

– Adierazpen akta. Dokumentu hau zure bikotekideak egin behar du notarioaren aurrean. Dokumentu honetan zure bikotekideak adierazi behar du Estatura ekarri nahi zaituela.

Zelan ekarri ahal dituzu zure senideak migrante komunitarioa bazara?

• Europako Batasuneko herrialderen batetik migratu bazara, aplikatzen zaizun arautegia askoz onuragarriagoa da.

Honako senide hauek ekarri ahal dituzu:

– Zure senar edo emaztea edo zure bikotekidea. Hau da, ezkonduta ez bazaudete, baina erregistro publikoren batean bikote moduan inskribatuta bazaudete, bikotekidea ekarri ahal izango duzu.
– 21 urtetik beherako seme-alabak (zureak edo zure bikotekidearenak). 21 urtetik gorakoak izan arren, desgaitasunen bat badaukate, hauek ere ekarri ahal izango dituzu.
– Gurasoak (zureak edo zure bikotekidearenak), beti ere zuen kargupean badaude.
– Familia zabalaren kontzeptupean sartzen diren senideak.

• Zeintzuk baldintza bete behar dituzte senide hauek Estatura ekarri ahal izateko?

– Schengen Ituneko herrialderen batean bizi badira, Estatu espainolean sartzeko, pasaportea eta bere herrialdeko dokumentazioa erakustea nahikoa izango da.
– Schengen Itunekoa ez den herrialderen batean bizi badira, bisatua edo bestelako dokumentazioren bat beharko dute Estatu espainolera sartzeko (beharrezko dokumentazioa herrialdearen arabera izango da).
– Behin Estatura sartuta, hiru hilabete pasatu baino lehenago, herritar komunitarioaren senide txartela eskatu beharko dute. epe hau pasatzen bazaizue, isun bat ipini ahal dizuete.

• Zer egin behar da herritar komunitarioaren senide txartela lortzeko?

Zuen probintziako atzerritarren bulegoan eskatu behar da:

Araba: Olagibel 1, Gasteiz
Bizkaia: GranVía 50, Bilbao
Gipuzkoa: Pio XII Plaza 6, Donostia
Nafarroa: Gizpuzkoa Etorbidea 40, Iruñea

Eta bertan azalduko dizkizueten izapideak egin beharko dituzue. Estatuan sartzeko Espainiako kontsulatuan bisatua lortzeko izapideak egin izan badituzu, hori ez da nahikoa eta beste batzuk egin beharko dituzu hemen.

• Ze dokumentazio behar duzu?

Estatura etorri nahi duen lagunak egin behar ditu izapideak eta sinatu behar ditu dokumentuak, eta ez honezkero Estatuan bizi denak.

– Eskaera orria (modelo oficial EX-19).
– Pasaportearen kopia (gogoratu eskaera egiten duzunean ere erakutsi beharko duzula; beraz, denbora osoan aldean eramateko gomendatzen dizugu, badaezpada)
– Senide komunitarioaren (hau da, Estatuan bizi den eta ekarri nahi zaituen pertsonaren) erregistro ziurtagiriaren kopia.
– Ekarri nahi zaituen pertsonak baliabide ekonomiko nahikoak dituela egiaztatzen duen dokumentua ere aurkeztu behar da. Lan kontratua nahikoa da honetarako.
– Osasun arreta bermaturik daukazuela ere egiaztatu behar da. Honela, Estatura ekarri nahi zaituen senideak ez badauka osasun sistema publikorako eskubiderik, osasun aseguru pribatua eduki beharko luke.
– Senideak zaretela egiaztatzen duen dokumentazioa (bikotekidea, seme-alabak edo gurasoak zaretela, alegia): ezkontza edo izatezko bikote ziurtagiria, jaiotze ziurtagiria, familia liburua edo antzekoa, Estatuan bizi den pertsonak senide hori bere karguan daukala egiaztatzen duen dokumentua (adibidez, 21 urtetik gorako seme-alaben kasuan).

Eskaera aurkezten duzunean tasen inprimakia emango dizute. Kasu honetan, 10,78 euro ordaindu behar dira, banku transferentziaz (2021 urterako zenbatekoa).

Eskaera egiten duzunean froga-agiri bat ere emango dizute. Agiri hau nahikoa izango da Estatuan legalki bizitzen ari zarela frogatzeko, harik eta txartela eman arte.

Zelan ekarri ahal dituzu zure senideak, migrante komunitarioa ez bazara?

Kasu guztietan eskatzen diren betebeharretaz gain, beste batzuk ere behar dira:

– Estatuan gutxienez urtebetez bizi izana –erresidentzia baimenen batekin- eta beste urtebete baterako baimena ere izatea.

– Bitarteko ekonomiko nahikoak izan behar dituzu. Gutxienez IPREMaren %150 (847,35 euro) bi lagun baino ez bazarete, hau da, zu zeu eta ekarri nahi duzun senidea (bikotekidea, semea, alaba, aita edo ama). Familian kide gehiago bazarete, kide bakoitzeko IPREMaren %50 gehiago beharko duzu (282,45 euro gehiago).

Familia osoaren diru sarrerak hartzen dira kontuan. Esaterako, zure bikotekidea (edo beste senideren bat) hemen badago eta biok lanean ari bazarete, bion artean kobratzen duzuena hartuko da kontuan. Hala ere, laguntza sozialen bat jasotzen ari bazarete, diru hori ez da aintzat hartuko.

– Gurasoak ekarri nahi badituzu, iraupen luzeko erresidentzia baimena behar izateaz gain, zure gurasoek ekonomikoki behar zaituztela ere egiaztatu beharko duzu. Honetarako azken urtean zehar dirua bidaltzen egon zarela frogatu beharko duzu, diru kopurua zure jaioterriko BPG per capita-ren %51 baino gehiago izan behar da. Herrialde bakoitzeko BPGa HEMEN kontsultatu ahal duzu

– Etxebizitza egokia daukazula ere frogatu beharko duzu. Txosten hau Eusko Jarlaritzaren atzerritarren bulegoan eskatzen da (informazioa 012 telefonoan eskatu dezakezu –tarifa normaleko zenbakia da-):

Bilbo: Gran Vía 50 944 509 435
Donostia: Andia 13
Gasteiz: Ramiro de Maeztu 10

Edo Nafarroan bizi bazara, udaletxean eskatu beharko duzu

Aurkeztu behar den dokumentazioaren inguruko informazio gehiago HEMEN

Nora jo familia bateratzea eskatzeko?

– Bizi zaren herrialdeko atzerritarren bulegoan eskatu behar da:

ARABA:
Olagibel 1 (Gasteiz)
945 759 490 (informazioa) 945 759 480 (aldez aurretiko hitzordua)
extranjeria_informacion.alava@correo.gob.es

BIZKAIA:
Gran Vía 50 (Bilbo).
944 509 435 (informazioa) 944 509 434 (aldez aurretiko hitzordua)
oficina_extranjeros.bizkaia@correo.gob.es

GIPUZKOA:
Plaza Pío XII, 6 (Sarrera Javier de Barkaiztegitik)
943 989 122 (informazioa) 943 989 110 / 943 989 120 (aldez aurretiko hitzordua)
oficina_extranjeros.gipuzkoa@seap.minhap.es

NAFARROA:
Gipuzkoa etorbidea, 40 (behea – Buztintxuri)
948 979 200 (informazioa) 948 979 203 (aldez aurretiko hitzordua)
infoext.navarra@seap.minhap.es

Tasa: eskaera egiten duzunean 16,24 euroko tasa ordaindu beharko duzu. 10 eguneko epea daukazu honetarako. Zenbateko hau 2021ekoa da.

Administrazioak 45 eguneko epea dauka erantzuteko. Familia bateratzeko baimena ematen badizute, zure senideak honako hau egin beharko du:

– Estatura etorri nahi duen lagunak hilabete bi dauzka bisatua kontsulatu espainolean eskatzeko. Honetaz gain, pasaportea, ziurtagiri medikoa, aurrekari penalik ez daukala egiaztatzen duen dokumentua eta familia lotura erakusten duen dokumentazio originala.

– Kontsulatuak, gehienez, bi hilabeteren buruan eman behar du bisatua.

– Estatura etorri den pertsonak, heldu eta hurrengo hilabetean zehar eskatu behar du atzerritarren identifikazio txartela (TIE).

– Kontuan hartu behar da Estatura etorri den senidearen baimena kadukatuko dela Estatuan bizi den beste senidearen baimena kadukatzen den egun berean.