Gizarte Segurantzari kotizatzen al zaio langabezian egonda?

Egoera ezberdina izango da segun eta langabezia prestazioa edo subsidioren bat kobratzen ari zaren.

Langabezia prestazioa

Gogoratu dezagun langabezia prestazioa kontributiboa dela. Beraz, prestazio hau jasotzen duzun bitartean, hainbat kotizazio ere egingo dira. Kontingentzia profesionalak kanpo gelditzen badira ere, hau da, lan istripu edo gaixotasunagatik, FOGASA eta lanbide heziketagatik kotizatzen ez badugu ere, beste kotizazioak bai egingo ditugu: jubilazioa, osasun arreta, baliaezintasuna…

Hau garrantzitsua da, langabezia prestazioa jasotzen egon garen denbora kontuan hartuko baita, jubilaziorako ez ezik, beste prestazio batzuetarako ere bai (alarguntza, amatasuna, aitatasuna).

Langabezia prestazioa kobratzen dugunean, lehenbiziko sei hilabeteetan oinarri erregulatzailearen %70 eta, handik aurrera, %50 jasotzen badugu ere, kotizazioak oinarri erregulatzaile osoaren araberakoak izango dira. Hau da, ez dugu kotizatuko jasotzen dugun diruagatik (soldata baino baxuagoa dena), bazik eta gure laneko azken 180 egunetan izan genuen oinarri osoagatik.

SEPEk enpresari dagokion zatia ordainduko du (oinarri erregulatzailearen %23,60). Eta zuri prestaziotik dagokizun ehunekoa deskontatuko zaizu (%4,70). 2012ko erreformak kotizazio hauek ordaintzeko modua aldatu zuen, ordura arte langileak ordaindu behar zuen kopurutik SEPEk %35 hartzen baitzuen bere kargu. Orain %4,70 hori bere osotasunean ordaindu behar da. Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 273 artikulua.

Langabezia subsidioak eta diru laguntzak

Langabezia subsidioak kobratzen ari garenean, honek ez du Gizarte Segurantzan kotizatzen. Edozelan, posible da Gizarte Segurantzarekin hitzarmen berezia izenpetzea, hilabetero kotizazioak geure kabuz ordaintzeko eta, horrela, gerora begira, jubilazio pentsioa jaso ahal izateko.

Subsidio guztietatik, badago salbuespen bat: 52 urtetik gorakoen subsidioa. Honek bai kotizatzen du. Lehen SEPEk gutxieneko kotizazioaren %125 kotizatzen bazuen ere, 2012tik aurrera %100 baino ez du egiten eta, aldaketa honek jasoko dugun pentsioa jaistea ekarri du berarekin batera.