Langabezia subsidioa (kotizazio nahikorik ez badaukazu)

2018/03/20
Azken eguneraketa: 2023/01/25

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren III: Kapitulua

 

Langabezia prestazioa eskatzeko 360 egun izan behar dituzu kotizatuta azken sei urteetan. Honen ezean, hau da, prestazioa eskatzeko besteko kotizaziorik ez badaukazu, subsidioa eska dezakezu. Hala ere, honetarako ere gutxieneko kotizazio batzuk beharko dituzu:

– hiru hilabete kotizaturik, familia ardurak baldin badauzkazu
– sei hilabete kotizaturik, familia ardurarik ez badaukazu

 
Ezer baino lehen, ondo pentsatu ea subsidioa eskatzea komeni dizun

Izan ere, laguntza hau eskatzen baduzu, momentura arte pilatuta dauzkazun kotizazioak galduko dituzu. Hau da, berriro lanean hasten bazara, zerotik hasiko da kontadorea. Adibidez, 10 hilabete kotizaturik badauzkazu, subsidioa eskatu ahal duzu, baina 10 hilabete horiek galduko dituzu eta hilabete bi baino ez dituzu falta langabezia prestazioa eskatu ahal izateko. Subsidioagatik jasotzen den kopurua baxuagoa da prestazioagatik jasotzen dena baino.

 
Zenbat denboraz kobratzen da subsidio hau?

• Familia erantzukizunik ez badaukazu: subsidioak 6 hilabete iraungo du.

• Familia erantzukizunak edukiz gero:

– 3, 4 edo 5 hilabete kotizaturik, 3, 4 edo 5 hilabete, hurrenez hurren, iraungo du
– 6-12 hilabete bitartean kotizaturik, 21 hilabete iraungo du. Hasiera batean 6 hilabetez emango dizute eta, horren ostean, berrizteko eskatu beharko duzu.

Erreparatu ondo, ezen alde handia baitago: 5 hilabete kotizaturik badauzkazu 5 hilabeteko laguntza dagokizu, baina hilabete bat gehiagorekin (6 hilabetetik aurrera), subsidioa 21 hilabetekoa izan daiteke.

 
Diru-sarreren muga eta familia ardurak
Diru-sarrerak

Subsidioa jaso ahal izateko, bete beharreko baldintzen artean, diru sarreren gabezia egiaztatu behar duzu. Zelan neurtzen da hau?

Diru sarrera nahikorik ez daukazula ulertuko da lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino baxuagoak direnean. 2023 hasiera honetan lanbidearteko gutxieneko soldata 1.000 euro dira. Hortaz, honen %75 750€ lirateke.

Diru-sarrera hauek edozelakoak izan daitezke: nekazaritza jarduerengatik, jarduera artistikoengatik, lokalen bat alokatuta edukitzeagatik, bestelako prestazio publikoren bat jasotzeagatik, loteriak, pentsio-planak…

Balizko errenta hauen artean, honakoak EZ dira aintzat hartuko:

  • Gizarte Segurantzak seme-alabengatik ematen dituen prestazioak (hala ere, bestelako prestazio sozialak bai hartzen dira aintzat).
  • Kaleratzeagatiko kalte-ordaina. Lanetik bota bazaituzte, dagokizun kalte ordaina ez da kontuan hartuko zure errentak zenbatzeko. Berdin da kalte ordain hau dena batera jaso duzun edo zatika eskuratzen ari zaren.

Diru sarrera gordinak hartzen dira kontuan.

HEMEN daukazu zehaztuta zer jotzen duen SEPEk errentatzat edo diru-sarreratzat.

Familia ardurak

Langabezia subsidioei dagokienez, familia ardurak kontuan hartzen dira askotan. Oraintxe jorratzen ari garen subsidioaren kasuan (kotizazio nahikorik ez edukitzeagatik, alegia), ikusi dugunez, prestazioaren iraupena ezberdina da: familia ardurak baldin badauzkazu, subsidioa 21 hilabetera arte luza daiteke. Honen ezean, muga sei hilabete izango dira. Era berean, eskatzen diren gutxieneko kotizazioak ere ezberdinak dira.

Baina, zer jotzen da familia arduratzat?

  • Bikotekidea
  • 26 urtetik beherako seme-alabak edo harreran hartutako adin txikikoak
  • 26 urtetik gorakoak, desgaitasun mailaren bat aitorturik badaukate.

Denarekin ere, familia arduratzat hartzeko, familia unitatearen diru sarrerak ere hartuko dira kontuan, bi modutan:

  • Senide guztien diru sarrerak batu eta senide kopuruaz zatitu behar da. Emaitza ezin da izan lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino gehiago, hau da, 750 euro hilean.
  • Era berean, seme-alabaren batek edo bikotekideak lan egiten badu eta bere soldata aipatutako kopurua (lanbidearteko gutxieneko soldataren %75) baino handiagoa bada, pertsona hau ez da familia arduratzat hartuko.
 
Zenbat jasotzen da?

Kopuru finkoa da: IPREMaren %80
Hau da, 480 euro hilean (2023ko zenbatekoa).

 
Jardunaldi partzialaz lan egin baduzu

Langabezia prestazioarekin gertatzen den bezala, lan egindako egunak kotizatutako eguntzat hartzen dira, jardunaldi osoz ez izan arren.

Hala ere, 2012ko lan erreformari “esker”, lehen prestazioaren kopurua osorik kobratzen bazen ere, orain jardunaldi partzialaz lan egin baduzu, subsidioa ere partziala izango da. Honela, jardunaldi erdiz lan egin baduzu, esaterako, subsidioa 240 euro baino ez litzateke izango. Hau subsidio guztietan gertatzen da, 52 urtetik gorakoentzako, Estatura itzulitako migranteentzako eta preso ohientzako subsidioetan izan ezik). Gizarte Segurantzaren Legearen 278 artikulua.

Gogoratu behar dugu neurri hau PPk sartu zuela bere lan erreformarekin. Eta lan erreforma horixe bera da PSOEk bertan behera utzi nahi izan ez duena, nahiz eta hala egingo zuela zin egin eta hala sinatu. Aldaketa bakarra egin zuen: 52 urtetik gorakoentzako subsidioak kanpo utzi.

 
Ze dokumentazio aurkeztu behar da?

– Eskaera dokumentu ofiziala. Honekin batera, errenta deklarazio dokumentua, subsidioa jasotzeko kontu korrontearen datuak, jarduera konpromisoa eta ogasunari informazioa eskatzeko baimena.
– Nortasun agiriak (NAN edo NIE/pasaportea), eskatzailearenak eta familiarenak (kasu honetan familia liburua edo, migrantea bazara, dokumentazio baliokidea). Dokumentu hauek erakustearekin nahikoa da. Ez dira eskaeran erantsi behar.
– Enpresa ziurtagiria.
– Errenten ziurtagiria, enplegu bulegoan hala eskatuz gero.

Dokumentazioaren inguruko guztiak HEMEN dauzkazu zehaztuta.

 
Eskaera egiteko epea

15 lan egun dauzkazu eskatzeko, kontratua amaitu denetik edo kaleratu zaituztenetik hau da, langabezia-egoera legalean geratu zarenetik. Beste subsidio batzuk eskatzeko orduan, hilabete itxarotera behartzen dute. Kasu honetan, ordea, ez da beharrezkoa.

Epez kanpo eskatzen baduzu, ez dizute subsidioa ukatuko. Hala ere, galdu dituzun egunak ez dituzu kobratuko.