Langabetuentzako familia laguntza (langabezia subsidioa)

2018/03/20
Azken eguneraketa: 2023/01/26

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren III. Kapitulua 

– Langabezia prestazioa eskatzeko kotizazio nahikorik ez badaukazu, subsidioa eskatu ahal duzu, beste artikulu honetan azalduta daukazun bezala: prestazioa eskatu ahal izateko kotizazio nahikorik ez badaukazu. Ikusiko duzunez, baldintzak ezberdinak dira familia erantzukizunak baldin badauzkazu.

– Edozelan, langabezia prestazioa kobratzen egon bazara eta hau agortu baduzu eta familia erantzukizunak badauzkazu, langabezia subsidio hau eska zenezake.

 
Bete beharreko baldintzak

– Langabezia prestazioa amaitu behar izan duzu (izan kontuan eskatu baino lehen hilabete itxaron behar dela, beherago azalduko dugun moduan).

– Familia erantzukizunak izan behar dituzu.

– Diru-sarreren gabezia: Lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino gehiagoko diru sarrerarik ezin duzu izan (750 euro hilean, 2023. urtearen hasieran).

 
Diru sarreren muga eta familia ardurak

Azal ditzagun apur bat hobeto oraintxe aipatu ditugun baldintza biak:

Diru sarrerak

Subsidioa jaso ahal izateko, bete beharreko baldintzen artean, diru sarreren gabezia egiaztatu behar duzu. Zelan neurtzen da hau?

Diru sarrera nahikorik ez daukazula ulertuko da lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino gehiagorik irabazten ez duzunean. 2023. urtearen hasiera honetan lanbidearteko gutxieneko soldata 1.000 euro dira. Hortaz, honen %75 750€ lirateke.

Diru-sarrera hauek edozelakoak izan daitezke: nekazaritza jarduerengatik, jarduera artistikoengatik, lokalen bat alokatuta edukitzeagatik, bestelako prestazio publikoren bat jasotzeagatik, loteriak, pentsio-planak…

Balizko errenta hauen artean, honakoak EZ dira kontuan hartuko:

  • Gizarte Segurantzak seme-alabengatik ematen dituen prestazioak (hala ere, bestelako prestazio sozialak bai hartzen dira aintzat).
  • Kaleratzeagatiko kalte-ordaina. Lanetik bota bazaituzte, dagokizun kalte ordaina ez da kontuan hartuko zure errentak zenbatzeko. Berdin da kalte ordain hau dena batera jaso duzun edo zatika eskuratzen ari zaren.

Diru sarrera gordinak hartzen dira kontuan.

HEMEN daukazu zehaztuta zer jotzen duen SEPEk errentatzat edo diru-sarreratzat.

Familia ardurak

Langabezia subsidioei dagokienez, familia ardurak kontuan hartzen dira askotan. Oraintxe jorratzen ari garen subsidioaren kasuan nahiko argia da, familia laguntza denez gero.

Baina, zer jotzen da familia arduratzat?

  • Bikotekidea
  • 26 urtetik beherako seme-alabak edo harreran hartutako adin txikikoak
  • 26 urtetik gorakoak, desgaitasun mailaren bat aitorturik badaukate

Denarekin ere, familia arduratzat hartzeko, familia unitatearen diru sarrerak ere hartuko dira kontuan, bi modutan:

  • Senide guztien diru sarrerak batu eta senide kopuruaz zatitu behar da. Emaitza ezin da izan lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino gehiago, hau da, 750 euro hilean.
  • Era berean, seme-alabaren batek edo bikotekideak lan egiten badu eta bere soldata aipatutako kopurua (lanbidearteko gutxieneko soldataren %75) baino handiagoa bada, pertsona hau ez da familia arduratzat hartuko.
 
Zenbat jasotzen da?

Kopuru finkoa da: IPREMaren %80
Hau da, 480 euro hilean (2023. urte hasieran).

Hala ere, 2012ko lan erreformari “esker”, lehen prestazioaren kopurua osorik kobratzen bazen ere, orain jardunaldi partzialaz lan egin baduzu, subsidioa ere partziala izango da. Honela, jardunaldi erdiz lan egin baduzu, esaterako, subsidioa 240 euro baino ez litzateke izango. Hau subsidio guztietan gertatzen da, 52 urtetik gorakoentzako, Estatura itzulitako migranteentzako eta preso ohientzako subsidioetan izan ezik). Gizarte Segurantzaren Legearen 278 artikulua.

Gogoratu behar dugu neurri hau PPk sartu zuela bere lan erreformarekin. Eta lan erreforma horixe bera da PSOEk bertan behera utzi nahi izan ez duena, nahiz eta hala egingo zuela zin egin eta hala sinatu. Aldaketa bakarra egin zuen: 52 urtetik gorakoentzako subsidioak kanpo utzi.

 
Zein da eskatzeko epea?

Langabezia prestazioa agortu eta gero, hilabete itxaron behar da. Hilabete hau pasatu eta 15 lan egun dauzkazu eskatzeko.

Epez kanpo eskatzen baduzu, eskubidea ez duzu galduko, baina pasatu zaizkizun egunak ez dituzu kobratuko.

Langabezia prestazioa agortzen duzunean, ez badituzu subsidio hau eskatzeko baldintzak betetzen (beste bide batzuetatik jasotzen duzun diru kopuruagatik edo familia erantzukizunik ez daukazulako), urtebeteko epean zure egoera aldatuko balitz, bai eska zenezake.

 
Iraupena

Oro har 18 hilabetez jasotzen da. Baina kontuz, eskaera berriztatu behar duzu sei hilabetero. Hau da, 6 + 6 + 6 izango litzateke. Edozelan, salbuespenak badaude:

– 45 urte baino gutxiago badaukazu eta agortu duzun langabezia prestazioak gutxienez sei hilabete iraun badu, beste sei hilabetez berriztatu ahal izango duzu. Hau da, guztira 24 hilabetez jaso zenezake.

– 45 urte baino gehiago badaukazu eta agortu duzun langabezia prestazioak gutxienez lau hilabete iraun badu, beste sei hilabetez berriztatu ahal izango duzu. Kasu honetan ere 24 hilabetez jaso zenezake.

– 45 urte baino gehiago badauzkazu eta agortu duzun langabezia prestazioak gutxienez sei hilabete iraun badu, beste 12 hilabetez berriztatu ahal izango duzu. Hortaz, 30 hilabetez jaso zenezake.

AdinaAgortutako langabezia prestazioaren iraupenaSubsidioaren iraupena
45 urtetik beherakoak4 hilabete18 hilabete
6 hilabetetik aurrera24 hilabete
45 urtetik gorakoak4 hilabete24 hilabete
6 hilabetetik aurrera30 hilabete
 
Ze dokumentazio aurkeztu behar da?

– Eskaera dokumentu ofiziala. Honekin batera, errenta deklarazio dokumentua, subsidioa jasotzeko kontu korrontearen datuak, jarduera konpromisoa eta ogasunari informazioa eskatzeko baimena.
– Nortasun agiriak (NAN edo NIE/pasaportea), eskatzailearenak eta familiarenak (kasu honetan familia liburua edo, migrantea bazara, dokumentazio baliokidea ere bai).
– Diru laguntza jasotzeko kontu korrontea egiaztatzen duen bankuaren dokumentua
– 26 urtetik gorako seme-alaben desgaitasun egiaztagiria.

Dokumentazioaren inguruko guztiak HEMEN dauzkazu zehaztuta.