Oporrak

Zenbat irauten dute oporrek?

Oporren iraupena hitzarmen kolektiboan ezartzen da. Edozelan, ezin dute iraun 30 egun natural baino gutxiago urtean (egun naturaletan jaiegunak eta igandeak ere sartzen dira).

30 egun natural hauek gutxieneko legala da eta, hortaz, hitzarmenek ezin dute gutxiagorik ezarri. Beraz, enpresarekin edo enpleatzailearekin zure oporrak adostu behar badituzu, izan argi ezin dizula hori baino gutxiagorik proposatu.

Bestetik, baliteke egun naturaletan baino, lanegunetan zenbatzea. 30 egun naturali, 22 lanegun dagozkio. Beraz, hitzarmenean horrela agertu liteke, hau da, 22 lanegunetako oporrak badauzkazu, honek esan nahi du jaiegunak eta asteburuak ez direla zenbaketarako kontuan hartzen. Kontuz larunbatak lan eguntzat hartzen diren kasuekin, horrelakoetan kontsultatu hitzarmena.

Oso garrantzitsua da edozein kasutan, egun naturaletan zein lanegunetan zenbatuta, oporrak ezin direla egun baliogabe batean hasi (“día inhábil” delako batean, alegia). Hau da, esate baterako, astelehenetik ostiralera lan egiten baduzu eta zure azken eguna ostiralean bada, oporrak ezin dira larunbatean zenbatzen hasi; hurrengo astelehenean hasiko litzateke zenbaketa, nahiz eta egun naturaletan zenbatu.

Eta jardunaldi partzialaz lan egiten badut?

Jardunaldiaren iraupenak ez du oporren iraupena mugatzen. Honela, jardunaldi partzialaz lan egin arren eta egunean ordu gutxiagoz aritu, opor egunen kopuru berbera daukazu, hau da, 30 egun natural edo 22 lanegun.

Era berean, opor berberak aitorturik izango ditugu, nahiz eta astean egun gutxiagoz lan egin. Adibidez, demagun asteburuetan baino ez dugula lan egiten. Gure opor sasoia 30 egun naturaletakoa izango da berdin-berdin: 30 egun natural horietan zehar 8 lan egun baino ez zitzaigun tokatzen eta, hortaz, 8 egunez baino ez diogu lan egiteari utziko.

Oporrak eta aldi baterako kontratuak

Oporrak sortzen edo “generatzen” dira, lan egiten ditugun egunen arabera. Lehen esan dugunez, lan egiten dugun urte bakoitzeko, oro har, 30 egun natural edo 22 lanegun dagozkigu. Baina, zer gertatzen da gure kontratua aldi baterakoa bada eta ez bada urtebetera heltzen? Honek ez du esan nahi oporrik izango ez dugunik. Aitzitik, lan egingo dugun denborak opor egun kopuru zehatz bat sortuko du. Ideia bat egiteko eta kalkulua grosso modo ateratzeko: lan egindako hilabete bakoitzeko, 2,5 opor egun egokituko zaizkigu.

Atseden hartzeko eta, hortaz, oporrak egun libreetan disfrutatzeko eskubidea daukagu eta ezin dira diruz ordezkatu. Halaxe jasotzen da Langileen Estatutuaren 38. artikuluan. Hala ere, zenbait kasutan gure kontratuak laburregiak dira eta ez dugu opor egun horiek hartzeko aukerarik izaten. Horrelakoetan, finikitoan ordaindu beharko dizkigute: zenbat opor egun sortu ditugun bider eguneko soldata. Gauza bera gertatzen da kontratua edozein arrazoirengatik amaitzen denean (izan kaleratzea, izan erretiroa): disfrutatu ez diren opor egunak diruz jaso beharko ditugu finikitoan.

Esan dugunez, oporrak urte naturalean -urtarriletik abendura- disfrutatu behar dira (hitzarmenean kontrakorik esaten ez bada). Baina demagun gure kontratua, esaterako, urte bateko azaroan hasi dela eta hurrengo urteko irailean amaituko dela eta enpresako opor sasoia udan izaten dela. Zer gertatzen da horrelakoetan? Azaroan eta abenduan opor egun batzuk sortu ditugu, baina urtea amaitu egin da. Kasu honetan aukera ohikoenak bi izan daitezke:

– Enpresarekin aldez aurretik adostea sortutako opor egun guztiak, baita aurreko urtekoak ere, batera hartuko direla hurrengo udan.

– Disfrutatu ez diren opor egun horiek, lehen azaldu bezala, finikitoan jasotzea.

Adi! Kontratua amaitu ostean opor egunak pasatu arte itxaron behar dugu langabezia prestazioa eskatzeko. Adibidez, lau hilabetez lan egin badugu, 10 opor egun dagozkigu. Baliteke finikitoan jaso izana, baina, edozelan, kontratua behin amaituta, enpresak 10 egun horiek gugatik kotizatuko ditu (nahiz eta gu harrezkero lanean ez egon). Hortaz, 10 egun horiek itxaron beharko ditugu langabezia prestazioa eskatzeko, enpresa oraindik gugatik kotizatzen ari da eta. Gogoratu langabezia eskatzeko epea 15 egun baliodun (“hábil”) direla, oraintxe emandako adibidearen arabera, 10 opor egun horiek pasatuta zenbatzen hasiko liratezkeena.

Nork erabakitzen du noiz hartu behar diren oporrak?

Langileen estatutuaren 38. artikuluak ezartzen duenez, oporrak hartzeko sasoia enpresaren eta langileen artean adostu behar da. Honela, hitzarmen kolektiboak zehazten du zein den oporrak hartzeko sasoia eta berauek planifikatzeko bestelako baldintzak.

Honela, normalean urteko lan egutegian adierazten da zein den opor sasoia, langile guztiek aldez aurretik jakin dezaten noiz daukaten egun horiek hartzeko aukera. Edozelan, noiz hartuko ditugun, gutxienez, bi hilabete lehenago jakin behar dugu derrigorrez, ez badu hitzarmenak epe luzeagorik ezartzen.

Lehen esan bezala, adostua izan behar da eta, hortaz, adostasunik ez balitz lortuko, lan arloko epaitegira jo daiteke, honek prozedura berezi eta premiazkoan ebatzi dezan. Gai honetaz epaitegiak ebazten duenaren kontra ez dago errekurtsorik jartzea.

Gogoratu oporrak generatzen diren urtean zehar disfrutatu behar direla, bestela galduko liratezke, hitzarmenak kontrakorik ez badakar.

Etxeko langilea bazara, oporrak eta beste eskubide zein berezitasun batzuk HEMEN zabalago azalduta dauzkazu

Ordainsari osoa jasoko dut oporretan?

Lehenengo eta behin hitzarmena ikusi behar da, ea zer ezartzen duen. Bestela, dotrina orokorrak dio oporretan soldata kontzeptu ohiko guztiak jasotzen direla. Nolanahi ere, salbuespenak badaude. Aparteko kontzeptuak, hala nola jardunaldi luzapenari dagozkionak (aparteko orduak), lanaren kantitate edo kalitateari dagozkionak (primak edo pizgarriak) eta soldatatik aparteko kontzeptuak (dietak, garraio plusak) ez dira kontuan hartzen oporrak ordaintzen direnean. Hala ere, esan dugunez, hitzarmena ikusi behar da, azken kontzeptuetako batzuk oporretarako ere onartuak egon daitezkeelako.

Oinarrizko soldata gehi salmenten araberako komisioak irabazten diren kasuetan, Europako Epaitegi Nagusiak 2014ean zera ebatzi zuen, honelakoetan langileek kontzeptu bi hauen araberako erremunerazioa jasotzeko eskubidea daukatela oporretan ere bai.

Zalantzarik badaukazu, jo ezazu sindikatura zure egoera berezia aztertzeko.

Zer gertatzen da opor sasoian gaixorik banago? Oporrak galduko ditut?

Langileen Estatutuko 38. artikuluan argi geratzen da: ezintasun iragarkor kasuan (hau da, bajan bazaude), urte horretan disfrutatu ezin izan dituzun oporrak ez dituzu galduko. Osatzen zarenean eta jadanik ezintasun iragankorra (baja) amaitu denean disfrutatu ahal izango dituzu, beti ere oporrak hartu behar zenituen urtea amaitu denetik 18 hilabete baino gehiago ez badira pasatu.

Areago, Epaitegi Gorenak gai honetan sakondu eta zehaztu du: oporrak behin hartuta gaixotzen bagara, oraindik disfrutatu ez ditugun egunak gerora hartzeko eskubidea omen daukagu.