Laneko diru sarrerak osatzeko errenta (RGI) – EAE

Uste zabala da diru sarrerak bermatzeko errenta edo RGI delakoa enplegurik ez daukan jendeak baino ezin duela eskatu. Hala ere, honen barruan badago modalitate bat, enplegua eduki arren, diru sarrera nahikorik ez daukaten lagunentzat. Esan barik doa gero eta langile gehiagok behar izaten dutela diru laguntza hau, gero eta emakume eta gizon gehiago, lan egin arren, pobrezia mugatik behera bizi baitira. Prestazio sozialak handitzeko eta zabaltzeko premia ukaezina bada ere, egoera honen hazkundea lan erreformen, lan eskubide murrizketen eta lan harremanen deuseztapenaren ondorioa denez gero, konponbidea prekarietatearen eta lan esplotazioaren kontrako politiken aldetik etorri behar da ezinbestez.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren arabera, diru laguntza hau enplegurako pizgarria omen da (“estímulos al empleo”), hau da enplegu prekarioen kontra egin ordez, prekarietate hori onartu eta, horretaz gain, nolabaiteko “pizgarria” behar duelakoan.

Ze kasutan eskatu zenezake errenta hau?

Enplegua edo pentsioa badaukazu, baina jasotzen duzun diru kopurua ezarrita dauden gutxienekoetara heltzen. Beti bezala, familia unitatearen diru sarrerak hartuko dira kontuan:

– Lagun bakarra bazara: 1.075 euro hilean
– Familian lagun bi bazarete: 1.225 euro hilean
– Familian hiru lagunetiki gora izanez gero: 1.350 euro hilean
(Aparteko pagak prorrateaturik)

Adibidez, zure diru sarrerak 400 euro hilean badira, Lanbidek 675 eurotan osatu beharko lizuke 1.075 eurotara heldu arte.

Iraupena:

Diru laguntza hau gehienez hiru urtez jaso daiteke. Ez dira zertan segidan izan, eten zenezake eta berriztatu.

Bete beharreko baldintzak:

– Urtebete lehenago, gutxienez, unitate ekonomiko independientea izatea, zu bakarrik edo elkarbizitzan (bikotekidearekin edo beste senideren batekin/batzuekin).

– Diru laguntza eskatu aurretiko hiru urteetan, gutxienez, EAEn erroldaturik egon behar izan zara. Baldintza hau ez baduzu betetzen, urtebete nahikoa izango da, beti ere bost urtez lanean eta Gizarte Segurantzan kotizatzen egon zarela frogatu ahal baduzu.

– 23 urte baino gehiago izan behar dituzu. 23 urtetik behera, zenbait salbuespen daude: seme-alabarik badaukazu, umezurtza bazara edo gutxienez 6 hilabetez ezkondurik egonez gero.

– Ezin zara egon jardunaldi murriztuaz lanean (zeure borondatez).

ADI! Laguntza hau diru sarrerak bermatzeko errenta (RGI) denez gero, jasotzen duzun bitartean (nahiz eta kopurua txikia izan, nahiz eta euro bakar bat izan), etxebizitza alokatzeko diru laguntza ere eska zenezake.