Zer egin kaleratzen bazaituzte?

1. Eskatu beti idatziz. “Kaleratze karta” deritzon honetan kaleratzearen arrazoiak eta amaiera data argi azaldu behar dira. Ahoz jakinarazten badizute, ikusi hurrengo puntua.

– Eskatu kartaren kopia bat eta egiaztatu berdinak direla
– Egiaztatu data. Enpresa askotan lehenagoko data bat ipintzen dute, langileari erreklamatzeko epea pasa dakion. 20 eguneko epea baino ez dago.
– Sinatu behar duzula esango dizute, baina ezer baino lehenago idatzi bertan ados ez zaudela “desados/no conforme”. Hori da modu bakarra gerora erreklamatu ahal izateko, bai kaleratzea bera, bai diru kantitateak.
– Esan bezala, ezer baino lehenago, “desados/no conforme” jarri. Bestela, behin sinatuta, enpresak karta kendu ahal dizu, jartzeko denbora eman barik.
– Jaso duzun data ere idatzi.
– Kaleratze objektiboa bada, 15 eguneko aurreabisuaz jakinarazi behar dizute. Ikus. kaleratze motak
– Finikitoa sinatzeko esaten badizute, honetan ere “desados/no conforme” idatzi ezer baino lehenago. Ikus. finikitoa.
– Ondo kalkulatu behar dira kalteordainak eta finikitoa. Finikitoa eta kalteordaina erreklamatzeko, kantitateak, alegia, urtebeteko epea dago. Hala ere, esan bezala, kaleratzea erreklamatu nahi baduzu, 20 egun baino ez dauzkazu. Beraz, jarri kontaktuan sindikatuarekin ahalik eta lasterren.

2. Enpresak derrigorrez idatziz jakinarazi behar ditu kaleratzeak. Hala ere, kasu askotan, ahoz egin ohi dute (erreklamatzeko epeak pasa daitezen, kalteordainik ez pagatzeko…). Zer egin behar duzu horrelako kasu batean?

– Kaleratzea idatziz emateko eskatu, esan dugunez, behartuta daude.
– Enpresak uko egingo balu, ahalegindu lekukoak egon daitezen.
– Frogarik ez badaukazu, hurrengo egunean joan lanera. Bestela, enpresak esan lezake zeu zarela huts egin duena eta, hortaz, kaleratzea bidegabea izan beharrean, kaleratze disziplinarioa izan liteke. Edo, are okerrago, enpresak esan lezake eurek ez zaituztela bota, baizik eta zeuk utzi duzula lana.
– Gogoratu 20 egun daudela kaleratzea erreklamatzeko. Beraz, jarri kontaktuan sindikatuarekin ahalik eta lasterren.