Hego Euskal Herrian behin-behinekotasun tasarik altuena daukagu, Estatu osoko tasarik altuena, bai, baina baita Europa osokoa ere.

Gai hau Europako Justizia Auzitegi Gorenera heldu zen, bere momentuan kontatu genizuen bezala.

Gure artikulu berri honetan kontatu dizuegu azken moldaketek (uztaileko dekretua barne) zelako aldaketak eragin dituzten Enplegatu Publikoen Estatutuan.

Eta, horretaz gain, 20/2021 Legeak ekarri duen berritasunik handiena ekarri eta Administrazio publikoek egin beharko dituzten aparteko egokortze prozesuen detaile guztiak ondo azaltzen ahalegindu gara: ze lanposturi eragingo dien, ze hautapen sistema erabiliko den, ze gertatuko den hautapen prozedura gainditu ezean…

👉🏼 IRAKURRI GEHIAGO

Sektore publikoko behin-behinekotasuna murrizteko Madrilgo legea (20/2021 Legea)

2022/03/21

20/2021 Legea, Enplegu Publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua:
10. artikulua
11. artikulua
Hamazazpigarren Xedapen Gehigarria

 
Egoera jasanezina

Sektore publikoak behin-behinekotasun tasa gero eta jasanezinagoak pairatzen ditu. EAEn eta Nafarroan Estatu osoko tasarik altuenetakoak dauzkagu: %40 inguru EAEn eta %43,1 Nafarroan, kontuan izanda emakumezkoen artean tasa hau altuagoa dela: %52 inguru. Behin-behinekotasun tasarik altuena daukagu, Estatu osoan, bai, baina baita Europa osoan ere.

Tasa hauen hazkunderik handiena azken hamarkada luzean izan da, gainera: %25etik %40ra. Eta eremu batzuetan 20 urte eman dituzte inolako deialdi publikorik egin gabe.

Horixe da errealitatea, eta ez komunikabideetatik saltzen digutena, lantzean behingo lan eskaintza zabalekin. Hego Euskal Herriko gobernu eta administrazioek propaganda hutsa baino ez dute egiten, sektore publikoa nahita ahultzen duten bitartean.

Egiturazko arazo bi daude honen guztiaren atzean: batetik, prekarietatea (hamarkadetan behin-behinen aritu diren langileak, euren lanpostua egonkortzeko aukerarik izan gabe, adinean aurrera doazen eta antzinatasun luzea daukaten langileak…) eta, bestetik, zerbitzuak pribatizatzeko estrategia. Enplegu publikoa egonkortzen bada eta lanpostuak finkatzen badira, zerbitzuak kanporatzeko edo pribatizatzeko aukera itxi egiten da eta horixe da, hain zuzen, bertoko gobernuek nahi ez dutena.

Langile publikoen batezbesteko adina gero eta altuagoa da. Hortaz, ez badira lanpostu horiek egonkortzen, aukera handiak egongo dira plaza horiek amortizatzeko. Urteetan bakante egon diren eta dauden lanpostu guztiak deialdi publikora atera behar dira, baina deialdi horiek azaldu dugun egoera kontuan hartu behar dute: lanpostua egonkortzeko aukera  aitortu behar zaie urteetan lanpostu horietan egon diren pertsonei, beti ere administrazioan sartzeko garaian berdintasun eta gardentasun printzipioak gorde baziren.

Egoera jasanezin hau Europara heldu zen. Honek guztiak aldi baterakotasunaren gehiegizko erabilera debekatzen duten Europako Zuzenbidearen arauak urratzen ditu (Enplegatu Publikoaren Estatutua ere urratzeaz gain) eta, hori dela eta, berriki gaia Europako Justizia Auzitegi Gorenera arte heldu da, egoera honetan dauden hainbat langileren kasuarekin. Auzitegi honek 2020ko martxoan eman zuen epaia.

Honetaz gehiago jakin nahi baduzue, hurrengo artikulu honetan daukazue azalduta:

Testuinguru horretan heldu da 20/2021 Legea, Enplegu Publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena. Edozelan, kontuan izan behar dugu, aldez aurretik, 2021eko uztailean eta Iceta ministroa zela, beste hainbat moldaketa egin zitzaizkiola testuari, 14/2021 Dekretuaren bitartez.

Prozesu honetan guztian Euskal Herrian enplegua egonkortzeko lege propioak adostea aldarrikatu izan dugu, baina ez dute arazoa taxuz konpontzeko borondaterik erakutsi, ez dute ahalmen legegile osoa erabiltzeko asmorik. Jaurlaritzak Madrilgo erabakiak txintxo beteko ditu eta Nafarroan oraindik ez da zehaztu bertako eskumenetan izango duen eragina.

Ikus dezagun, hortaz, zer ezarri duen lege berri honek eta zelan gelditu den Estatutua azken aldaketa guztien ostean:

 

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren aldaketak

Bitarteko funtzionarioak (10. artikulua)

10. artikulua bitarteko funtzionarioen edo, bestela esanda, funtzionario interinoen ingurukoa da. Artikulu hau ez da apenas ikutu; gogora dezagun 2021eko uztailean moldaketa handia egin zitzaizkiola (14/2021 Dekretua). Denarekin ere, errepasatuko dugu zer dioen artikulu honek, moldaketa bien ostean:

Izendapena

Funtzionario interinoek karrerako funtzionarioen funtzioak betetzen dituzte, baina aldi baterako. Funtzionario interinoak izenda daitezke honelako egoeretan:

  • Lanpostu hutsak betetzeko, karrerako funtzionarioekin betetzea ezinezkoa denean. Gehienezko iraupena 3 urtekoa izango da.
  • Langile titularren ordezkapena, behar den denborarako.
  • Aldi baterako programetarako. Gehienezko iraupena 3 urtekoa izango da, nahiz eta 12 hilabete gehiagoz luza daitekeen.
  • Zereginen pilaketagatik. Gehienez, 9 hilabetez (18 hilabeteko epeen barruan).

Hautaketa

Hautapen prozedura publikoak izango dira eta berdintasun, meritu, gaitasun, publizitate eta arintasun irizpideak gorde beharko dituzte. Prozedura hauen helburua lanpostua berehala betetzea izango da. Izendapen honek ez dakar berarekin batera karrerako funtzionario izaera aitortzea.

Interinitate harremanaren amaiera

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 63. artikuluan aipatzen diren arrazoiengatik (erretiroagatik, diziplinazko kaleratzeagatik…) ez ezik, beste kasu hauetan ere amaituko da lan harremana:

– Lanpostua karrerako funtzionario batek bete duelako (prozedura legalen bitartez, jakina)
– Lanpostua deuseztatu edo amortizatu delako
– Kontratuaren iraupena amaitu delako
– Kontratuaren arrazoia edo kausa amaitu delako

Izan kontuan kasu hauetan guztietan ez da kalte-ordainik jasoko.

Interinoak lanpostu hutsa betetzen duenean

Ikusi dugunez, interinoek lanpostu hutsa bete ditzakete, ezinezkoa denean karrerako funtzionarioekin betetzea (10.1.a artikulua).

Interinitate harreman honek ezin du 3 urte baino gehiago iraun. Honen ostean, lan harremana amaitutzat joko litzateke eta lanpostu hutsa karrerako funtzionario batek bete beharko luke. Hautapen prozesu hau esleitu barik gertatzen bada, beste langile interino bat izendatu ahal izango da.

Salbuespena: plaza hutsa betetzen ari zen funtzionario interinoa bere lanpostuan geratu ahal izango da deialdia ebatzi arte, baldin eta deialdi hau 3 urteko epe horren barruan argitaratu bada (interinoaren izendapenetik aurrera zenbatuta) eta Estatutuaren 70. artikuluan ezartzen diren epeetan ebazten bada. Hauxe izan da, hain zuzen, azken legeak artikuluari egindako zehaztapen bakarra.  

Edozelan, kasu honetan ere ez litzateke kalte-ordainik egongo.

Erregimena

Funtzionario interinoei karrerako funtzionarioen erregimena aplikatuko zaie. Aitzitik, ez dituzte eskuratuko karrerako funtzionarioek, beren izaera honengatik, dauzkaten eskubideak.

Lan legepeko langileak (11. artikulua)

Lan legepeko langileen edo, bestela esanda, langile laboralen inguruko artikulu honi 2021eko uztaileko moldaketan puntu bat gehitu zitzaion, eta lege berriak eutsi egin dio.  Honelaxe dio atal berri horrek:

“Langile laboralak hautatzeko prozedurak publikoak izango dira eta berdintasun, meritu eta gaitasun irizpideen arabera arautuko dira. Aldi baterako langile laboralen kasuan arintasun irizpidea ere gordeko da eta helburua beti izango da premiazko eta larritasunezko egoerei erantzutea. Arrazoi hauek beti egon beharko dira justifikaturik.”

Kalte-ordainak (Hamazazpigarren Xedapen Gehigarria)

Azken Legeak ez du atal honi dagokionez aldaketarik ekarri. Izan ere, Xedapen Gehigarri hau aurreko moldaketetan sartu zen (2021eko uztailean).

Bitarteko funtzionarioak (funtzionario interinoak):

Lanpostu batean interino moduan egon daitekeen denbora gaindituz gero, langileak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango luke. Kalte ordain honen zenbatekoa: 20 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko; urtebete baino gutxiagoko denbora honen arabera prorrateatuko da (adibidez, hiru hilabete “solte” geldituz gero, hiru hilabete horiengatik 5 eguneko soldata jasoko genuke). Gehienez 12 hilabeteko soldata jaso genezake.

Aldi baterako lan legepeko langileak (langile laboralak):

Aldi baterako langile laboralen kasuan, gehienezko denbora gainditzen bada, kalte ordain berbera izango genuke (20 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko). Baina, honetaz gain, lan araudia urratu izanagatik jaso daitekeen kalte-ordaina ere jaso liteke.

Hala ere, ez genituzke kalte-ordain biak osorik jasoko. Izan ere, kontratu amaieragatiko kalte-ordaina altuagoa balitz gehienezko denbora gainditzeagatiko kalte-ordaina baino, bien arteko aldea jasoko genuke. Kontuan izan behar dugu aldi baterako kontratuen amaieragatiko kalte-ordaina 12 eguneko besterik ez dela. Beraz, ez dirudi oso probable beste kalte-ordaina gaindituko duenik.

Kasu bietan, diziplinazko kaleratzea izan bada edo langileak bere borondatez lana utzi badu, ez litzateke kalte-ordainik jasoko. 


⇒ ADI! Hona arte azaldu ditugun aldaketa guztiak, Estatutuan isla izan dutenak, indarrean hasi dira Legea argitaratu ostean. Hau da, ez da atzeraeraginez aplikatuko eta 2021eko abenduaren 29tik aurrera kontratatutako langileei baino ez zaie egokituko.


 

Egonkortze prozedurak (20/2021 Legearen 2. artikulua eta Xedapen Gehigarriak)

Hauxe da, duda barik, Legeak ekarri duen berritasunik handiena: egin beharreko egonkortze prozeduren nondik-norakoak (hau ez da Estatutuko testuan islatu, aparteko egonkortze prozedurak diren heinean).

  • 2017ko abenduaren 31tik aurrera aldi baterako kontratuekin bete diren lanpostuak:

Aldi baterako enplegua egonkortzeko aparteko tasa bat baimendu da. Honek egiturazko lanpostuak hartuko ditu kontuan, egon hauek lanpostuen zerrendetan (gaztelerazko RPTetan) ala ez. Lanpostu hauek, gutxienez, 2020ko abenduaren 31 baino lehenagoko hiru urteetan beteta egon behar izan dira, jarraian, gehienez hiru hilabeteko etenaldiarekin, baina aldi baterako izendapenekin. Hau da, posible da izendapen bat baino gehiagorekin bete izana, baina, jarraian izan dela ulertu ahal izateko, izendapen hauen artean ezin izan dira pasatu hiru hilabete baino gehiago.

Enplegu eskaintza hauek dagokion administrazio publikoak koordinatuko ditu. Administrazio bakoitzak 2022ko ekainaren 1a baino lehenago onartu eta argitaratu beharko ditu bere buletin ofizialean. Hautapen prozeduren deialdiak 2022ko abenduaren 31 baino lehen argitaratu beharko dira eta hautapen prozeduren ebazpena 2024ko abenduaren 31 baino lehen eman beharko da.

Hautapen eredua lehiaketa-oposizioa izango da. Lehiaketa faseak puntuazio osoaren %40 balioko du eta kontuan hartuko da, bereziki, langile bakoitzak kidegoan, eskalan, kategorian edo enparauetan daukan eskarmentua.

Aukera dago oposizio faseko ariketak kanporatzaileak ez izateko, hala adosten bada negoziazio kolektiboaz (Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 37.1.c) artikulua).

  • 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik aldi baterako kontratuekin bete diren lanpostuak:

2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik aldi baterako eta jarraian beteta egon diren lanpostuak: lanpostu hauek egonkortzeko sistema lehiaketa izango da. Sistema hau, Oinarrizko Estatutuko 61.6 artikuluan azaldu bezala, merituen balorazioa izango da.

Hautapen prozedura gainditu ezean:

Lanean dauden funtzionario interinoek edo aldi baterako langile laboralek hautapen prozesu hau gaindituko ez balute eta, hortaz, lan harremana amitutzat emango balitz, kalte-ordaina jaso lezakete (20 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko).

Honetaz gain, hautapen prozedura gainditzen ez duten langileak lan-poltsetan sartu ahal izango dira, bai funtzionario interinoentzat, bai aldi baterako langile laboralentzat. Hau deialdietan egon beharko da aurreikusita eta azaldu beharko da, gainditu ez arren, ze puntuazio izango den nahikoa lan-poltsan sartzeko.

Tokiko Administrazioa:

Udalek, biztanleria handikoak izan ezik, hautapen prozeduren kudeaketa foru aldundien esku utzi ahal izango dute.

Enpresa publikoak:

Egonkortze prozesu hauek aplikatuko dira baita merkataritza elkargo, enpresa, fundazio eta partzuergo publikoetan ere, bakoitzaren araudi espezifikora egokituta bada ere. Kasu hauetan ordaindu beharreko balizko kalte-ordainak Langileen Estatutuak arautzen ditu.

Egonkortze prozedura hauek erakunde sindikalekin negoziatuak izango dira eta behin-behinekotasun tasa egiturazko lanpostuen %8tik behera egon beharko da.

Laburbilduz:
  • Egonkortzen dena lanpostua da, ez langilea.
  • Aparteko egonkortze prozedurak baimendu dira:
    • 2018, 2019 eta 2020an aldi baterako eta jarraian beteta egon diren lanpostuak: lehiaketa-oposizioak deituko dira (lehiaketa faseak puntuazioaren %40 balioko du)
    • 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik aldi baterako eta jarraian bete diren lanpostuak: lehiaketa prozedura bitartez (merituen balorazioa).
  • Aldi baterako langile laboralak eta funtzionario interinoak, gehienez, hiru urtez egon litezke egoera horretan (zereginen pilaketagatik denean, gehienez 9 hilabetez).
  • Egonkortze prozesua gainditzen ez duten langileentzako kalte-ordaina aurreikusi da: 20 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko. Honetaz gain, lan poltsetan sartzeko aukera ere egongo da, deialdian hala aurreikusiz gero.

Ondorioak

Urteetan zerbitzu publikoetan iruzurrean lanean aritu diren interino eta aldi baterako laboraleentzat aparteko egonkortze prozedurak onartu badira ere, legeak jasotzen duen edukia ez da inondik inora nahikoa. Honetaz gain, zentralizazio estrategian tematzen da, ez baitu tarterik uzten geure lege propioen bitartez enplegu publikoa Euskal herriaren beharretara egokitzeko.

  • Gaur egun sektore publikoan dauden behin-behinekotasun tasak berriro ez gertatzeko, zenbait neurri berri eman arren, birjartze tasak, esaterako, indarrean iraungo du eta hauxe izan da, hain zuzen, azken urteotako aldagai nagusia behin-behinekotasunaren hazkundearen aldagai nagusienetako bat.
  • Oposizio faserik gabeko hautapen prozesuak arautzen badira ere, horiek mugatuak izango dira eta ezaugarri zehatz batzuk betetzen dituzten plazak finkatzeko baino ez dira erabiliko. Horrela, iruzurrean ari diren langile askok aukera murritzagoak izango dituzte.
  • Euskal administrazioetan behin-behinekotasunak askotariko ezaugarriak ditu. Legeak jasotzen dituen finkapenerako bideak ez du mesederik egiten hainbat kolektibotan. Izan ere, administrazioek aterako dituzten plaza kopuruak ez dira nahikoak izango behin-behinekotasun egoeran dauden langile guztiak egonkortzeko.
  • Hezkuntza edo osasun langileen kasuan bestelako arau batzuk onartu behar dira egonkortze prozesuetarako. Urtebete dago honetarako (20/2021 Legearen Bigarren Azken Xedapena). Egun dugun informazioaren arabera, zentralizazioan are gehiago sakontzeko erabiliko dira: hainbat lanpostu Madrilgo Gobernuak araututa datoz, itxita eta negoziatzeko aukerarik gabe.
  • Hain zuzen, enplegu kontsolidaziorako lege propioak behar ditugu eta halaxe aldarrikatzen gabiltza azken urteotan, Euskal Herriaren beharrei eta arazoei egokituko direnak eta bertoko langileekin adostuak izango direnak.

Egonkortze prozesuetarako hurrengo pausoak

Lehen azaldu dugunaren arabera eta finkatuta dagoen egutegia kontuan izanda, lehenbiziko erronka egonkortu beharreko plazak ahalik eta zehatzen zerrendatzea izango da. Gogoratu hauek lanpostuen zerrendan (gaztelerazko RPTan) egon daitezkeela ala ez. Beraz, ezkutuan dauden lanpostuak ere azalarazi beharko lirateke.

Epeak eta egutegia gogoratuko ditugu:

  • 2022ko ekainaren 1a: lan eskaintza publikoaren argitarapena
  • 2022ko abenduaren 31: hautapen prozeduraren deialdia (oinarriak argitaratu)
  • 2024ko abenduaren 312: prozeduraren amaiera

Lege aldaketa honek dituen arazoak gainditu eta aukerak probestu behar ditugu, ahalik eta lanpostu gehien azaleratzeko eta egonkortzeko. Administrazioetan deialdiak orain egitea aldarrikatuko dugu, epeak pasa eta lanposturik amortiza ez dadin eta ahalik eta gehien egonkor daitezen. Adi ibiliko gara, gobernuek trikimailu guztiak erabiliko dituztelako kontrako norabidean: lanpostu finkoak deuseztatzen jarraitzeko eta azpikontratazioari zein pribatizazioari ateak zabaltzeko.

BIDEOA: Sektore publikoko egonkortze prozesuak.
Azterketa eta negoziaziorako ildoak