Epe administratiboak geldirik eta bulegoak itxita daudenez, zer gertatzen da momentu honetan herritar migranteek egin behar dituzten izapideekin?
Epe administratiboak geldirik eta bulegoak itxita daudenez, zer gertatzen da momentu honetan herritar migranteek egin behar dituzten izapideekin?
2020/04/29
Epe administratiboak geldirik eta bulegoak itxita daudenez, zer gertatzen da momentu honetan herritar migranteek egin behar dituzten izapideekin?
Ezer baino lehen, hemen daukazue egoitza elektronikoaren helbidea: https://sede.administracionespublicas.gob.es/procedimientos/index/categoria/34
Bertan hainbat prozedura egin daitezke telematikoki eta espedienteen egoeraren inguruko informazioa ere lor daiteke. ADI! pasahitza edo egiaztagiri elektronikoa beharrezkoa da eta, gainera, erabiltzen den hizkera nahiko zaila da; beraz, ondo etorriko da baten bati laguntza eskatzea (erreferentziazko elkarteko edo GKEko kideren bat, gizarte langilea…).
Eskaerari baietza eman behar badiote eta ez badute beste dokumentaziorik behar edo ez badute beste errekerimendurik egin behar, espedientea ebatzi egingo dute. Beraz, espedientea osorik badago eta betebehar guztiak betetzen baditu, seguruenik, erantzun egingo dute.
Hala ere, eskaerari dokumenturen bat falta bazaio (edo bestelako errekerimenduren bat egin behar badute) edo eskaera hori ukatu behar badute, prozedura geldituko da. Seguruenik, alarma egoera bertan behera geratzen denean, jakinaraziko dute, falta duzun dokumentazioa atxikitu ahal izateko.
Bestela, eskaera ukatu badute, hori ere jakinarazi beharko dute eta orduan, berriro dena martxan dagoela, errekutsoa jarri ahal izango da.
Hitzordu guztiak bertan behera gelditu dira. Gainera, izapide batzuk ezinbestez aurrez aurre egin behar dira (hatz-markak ematea erresidentzia txartelerako, elkarrizketa egitea…).
Baliteke, hitzordua guk eskatu bagenuen, mugikorrera edo posta elektronikora abisuren bat heltzea, (seguruenik hitzordua bertan behera gelditu dela jakinarazteko), baina ez da azaldu zelan berrekingo dioten honi, alarma egoera amaitzen denean, hau da, ea norberak beste bat eskatu beharko duen, eurek emango diguten beste bat… Hortaz, adi egon beharko da alarma egoera amaitzen denean, beste hitzordu bat lortu ahal izateko.
Posible da hitzorduak telematikoki eskatzea. Hori bai, seguruenik hitzordua nahiko berandu emango dute. Alarma egoera altxatu arte ez da aurrez aurreko hitzordurik emango eta, dakigunagatik, alarma egoera bitartean hitzordua zeukaten pertsonek lehentasuna izango dute. Beraz, hitzordu berria bada, momentura arte egin ez diren guztiak egin arte itxaron beharko da.
Baimen bat eskatu edo baimena berriztu behar izanez gero, epe administratiboak etenda badaude ere, aurkeztu ahal dira (egoitza elektronikoan -Merkurio Plataforma izeneko horren bitartez- edo erregistro elektronikoan).
Eskaerak oker edo hutsuneren bat badauka, alarma egoera amaitu arte itxaron beharko da (esan bezala, epe administratiboak etenda daudelako). Hala ere, dokumentazio guztia atxikitzen baduzu, prozedurarekin jarraituko dute.
Telematikoki egiten baduzu ere, frogagiria jasoko duzu (PDF formatuan). Frogagiri honek balioko dizu edozein arazo ekiditeko, hau da, egoera erregularrean egoteko, berdin da zenbat denbora ematen duen administrazioak zure eskaera prozesatzen.
Prozedurarako dokumentazioren bat eskatu badute eta alarma egoera bitartean indarraldia amaitzen bazaio (hala nola, aurrekari penalik ez izatearen egiaztagiria), hala ere, administrazioak gerora ere onartuko ditu.
Edozelan, internetez bidaltzeko aukera dagoenez, ahal izanez gero eta trankilago gelditzeko, horixe gomendatzen dugu. Dokumentuak bidali ahal izateko plataforma biak aipatutako berberak dira:
• Erregistro elektronikoa
• Egoitza elektronikoa
Araudi orokorrak ezartzen du 90 egun daudela txartela berriztatzeko, hau da, hiru hilabete daude txartela kadukatzen denetik. Berriztu ezean, egoera irregularrean egotera pasatuko zinateke.
Hala ere, administrazioak ez du esan ezer honetaz. Beraz, alarma egoera bitartean iraungiz gero, aurkeztu berriztapen eskaera telematikoki, aipatutako edozein bidetatik.
Erresidentzia txartela, beraz, berriztu ahal duzu eta, gerora, egin beharko zenukeen gauza bakarra izango litzateke hatz-marken erregistroa.
Estatuan egoera erregularrean egongo zara alarma egoerak dirauen bitartean eta zure herrialdera itzuli ahal zaren arte (baliteke Espainiako Estatuan alarma egoera amaitzea, baina zure herrialdeko mugak itxita egotea).
Aldi baterako erresidentzia txartela bada, ordea, telematikoki berriztu beharko da, ez da berez prorrogatuko.
COMUNICACIÓN DE LA DIRECCION GENERAL DE MIGRACIONES (Secretaría de Estado de Migraciones)
GUÍA CON LAS PREGUNTAS MÁS FRECUENTES sobre las medidas tomadas por la Secretaría de Estado de Migraciones (Secretaría de Estado de Migraciones)
Bidali bizilan@lab.eus posta elektronikora ze gai nahi duzun jorratzea; guk webgunean txertatuko dugu eta horren berri emango dizugu.