Berebiziko garrantzia dauka gazteek euren eskubideen jabe izatea lan merkatura sartzerakoan.

Gazteria kolektibo bereziki prekarizatua da. Enpresek, esperientziarik eza aitzakiatzat, esku lan merke moduan erabiltzen dituzte eta, hala, praktika kontratu amaigabeetan kateatu, bekadun edo autonomo faltsu moduan lan egitera behartu eta hamaika amarru erabiltzen dituzte euren lan eskubideak urratzeko. Kontratu askoz prekarioagoak asmatzen dira gazteentzat eta, gainera, badirudi eskerrak eman behar dituztela lan mundura egoera askoz kaskarragoetan sartzeagatik.

Berriztu eta berrargitaratu dugun gida honek borroka tresna izan nahi du, geure eskubideen alde borroka egiteko lehen pausoa eskubide horiek ezagutzea baita.

Gidako edukien artean, ikusiko duzuenez, Bizilanen landutako gaiak ere txertaturik daude, informazioan sakondu nahi edo behar duzuenerako.