Gazteentzako lan eskubideen gida

2021/05/07

Gazteria kolektibo bereziki prekarizatua da. Enpresek, esperientziarik eza aitzakiatzat, esku lan merke moduan erabiltzen dituzte eta, hala, praktika kontratu amaigabeetan kateatu, bekario edo autonomo faltsu moduan lan egitera behartu eta hamaika amarru erabiltzen dituzte euren lan eskubideak urratzeko. Kontratu askoz prekarioagoak asmatzen dira gazteentzat eta, gainera, lan mundura egoera askoz kaskarragoetan sartzeagatik, eskerrak eman beharko balizkie bezala saltzen dituzte halakoak administrazioek eta enpresaburuek.

Izan ere, gazteek daukaten panorama ez da batere samurra. 2021eko apirileko datuetan erreparatzen badugu:

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren emaitzak sektoreka aztertuz gero, enplegu galera handiagoa izan da zerbitzuetan, batez ere ostalaritzan eta aisiarekin zerikusi zuzena duten jardueretan. Hain zuzen ere, horrelakoetan aritzen dira gazte asko eta asko, aldi baterako enplegu prekarioetan nagusiki. Horregartik, kanoi-bazka moduan erabiltzen den gazteria krisiak bereziki kaltetutako biztanleriaren sektorea izaten ari da.

25 urtetik beherakoen artean, lan okupazioak %12 egin du behera azken urtean Hego Euskal Herrian, gazteen artean %37tik gorako langabezia tasara iritsi arte. Langabezia tasa hori guztiz zentzugabea da, batez ere Europear Batasuneko baztaz bestekoarekin (%17) alderatuz gero. EBeko herrialdeen artean, Espainiako Estatua da gurea baino langabezia tasa handiagoa daukan bakarra.

Bestalde, aldi baterako kontratuen tasa %75 ingurukoa da euskal gazteen artean: belaunaldi gazteenek laneratzeko prozesu neketsuan jasaten dituzten lan baldintza tamalgarrien beste adibide bat.

Hego Euskal Herriko instituzioen agendetan ez da sekula egon gazte prekarietatearekin amaitzea. Aitzitik, instituzioek gazteen esplotaziorako tresnak eskaintzeari ekiten diote.

Egoera honela, are garrantzitsuagoa da gazteek euren eskubideen jabe izatea lan merkatura sartzerakoan. Gida honek borroka tresna bat izan nahi du, geure eskubideen alde borroka egiteko lehen pausoa eskubide horiek ezagutzea baita. Gazteei begirako gida izan arren, langile guztiontzako probetxugarria delakoan gaude, kapitalaren erasoek, enpresaburuen esplotazio eta iruzurrek denok kolpatzen gaituztelako.

Gidako edukien artean, ikusiko duzuenez, Bizilanen landutako gaiak ere txertaturik daude, informazioan sakondu nahi edo behar duzuenerako.