Egoera administratiboa edozein dela ere, hau da, paperak izan ala ez, osasun txartela eska liteke. Hala ere, badira osasun publikotik at utzi diren hainbat lagun.
Egoera administratiboa edozein dela ere, hau da, paperak izan ala ez, osasun txartela eska liteke. Hala ere, badira osasun publikotik at utzi diren hainbat lagun.
Osasuna pertsona guztien oinarrizko giza eskubidea da, pertsonaren jaioterria, kolorea edo egoera administratiboa edozein dela ere. Honek esan nahi du eskubide hau unibertsala izan beharko litzatekeela eta halaxe jorratu beharko luketela administrazioek eta botere publikoek. Ez dezagun ahaztu justizia eta giza eskubideen aferaz gain, osasun sistema osoaren eraginkortasun afera ere badela hau, osasun publikoa hobetu eta koste orokorrak merketzen ditu eta.
Hala ere, migranteen kontrako jazarpen politiken barruan eskubide hau ere larriki erasotua izan da. 2012an neurririk lazgarriena etorri zen PPren eskutik: egoera irregularrean zeuden migranteak osasun sistematik kanporatuak izan ziren. Gainera, EAEn eta Nafarroan egoera leuntzeko hartu ziren neurriak (murriztaileak izan baziren ere) Madriletik izan ziren deuseztatuak. Esan barik doa hau politika propioak egiteko ahalmenaren kontrako beste eraso bat baino ez zela izan, baita aspalditik geure esku dagoen honelako eskumen batean ere.
Azkenik, 2018an osasun unibertsala berreskuratzera bideratutako dekretua eman zen. Hala ere, migranteek hainbat mugapen dauzkate oraindik, geroxeago azalduko dugunez.
Edozelan, migrantea bazara, gomendatzen dizugu ahalik eta lasterren osasun sisteman sartzeko eskaera egin dezazun, zure egoera administratiboa edozein dela ere. Eskaera edozein osasun zentrotan egin zenezake (anbulategian bertan kudeatuko dizute).
1.Joan zure osasun zentrora (012 telefonoan galdetu ahal duzu zein den zuri dagokizuna)
2. Osasun zentroan emango dizuten eskaera orria bete.
3. Izapidea egiteko behar duzun dokumentazioa:
– TIEren fotokopia (originala ere eraman beharko duzu)
– Errolda agiria (errolda agiria gehienez 15 egun lehenagokoa izan beharko da; eskatzen duzunean, azaldu osasun txartela eskatzeko dela, agirian ager dadin)
– Osasun arreta jasotzeko eskubidea daukazula adierazten duen dokumentua. Dokumentu hau Gizarte Segurantzaren Institutuan eskatu beharko duzu (INSSeko bulegoen helbideak HEMEN)
– Seme-alabarik badaukazu: familia liburua (14 urtetik gorakoak badira, euren dokumentazioa ere bai)
4. Osasun txartela etxera bidaliko dizute postaz.
1.Kasu honetan ere osasun zentrora joan behar zara eta eskaera orria bete
2. Izapidea egiteko behar duzun dokumentazioa:
– Pasaportea edo zure jaioterriko identifikazio dokumentua. Dokumentu baliogarria izateko, argazkiduna izan behar da.
– Estatuan gutxienez 3 hilabetez bizitzen egon zarela adierazten duen dokumentua. Erroldaturik bazaude, errolda agiria. Hala ere, erroldaturik ez bazaude, beste dokumentu batzuk erabil ditzakezu: umeen eskolatze agiriak, zerbitzu sozialen agiriak.
– Osasun arreta ez esportatzeko egiaztagiria, hau da, zure jatorrizko Estatutik Espainiako Estatura ez esportatzeko agiria. Hau beharrezkoa izango duzu, baldin eta Europako Batasunetik edo Txiletik bazatoz. Egiaztagiri hau zure jatorrizko herrialdeko administrazioak egin behar dizu; beraz, zure kontsulatuan eskatu beharko duzu.
– Hirugarren bat ordaintzera behartuta ez dagoelako adierazpena. Bestela esanda, osasun aseguru pribaturik ez daukazula adierazi behar duzu. Hau eskaeran bertan egiten da, ez da dokumentu berezirik behar, baina konprobatu egingo dute. Honetan oinarritzen dira, gero zabalago azalduko dugunez, migranteek ekarri dituzten gurasoei osasun arreta ukatzeko.
3. Eskaera onartzen badizute, izan kontuan urte bitan behin berriztu beharko duzula
4. Erresidentzia lortzen duzunean, joan berriro osasun zentrora erresidenteentzako txartela eskatzeko.
PSOEren gobernuak esan arren osasun publikorako eskubide unibertsala berreskuratu zela, hau ez da egia. Egoera irregularrean dauden lagunek oraindik hainbat arazo izaten dituzte, hala nola, euren kontsulatuak ez badie egin nahi osasun arreta ez esportatzeko agiria. Zenbait kasutan euren jaioterrira joan behar direla esaten diete eta hau guztiz ezinezkoa da, hain zuzen ere, egoera irregularrean daudelako.
Hala ere, bazterketarik lazgarriena da migranteen gurasoek pairatzen dutena. Familia bateratzeagatiko erresidentzia baimena lortzeko, migranteen gurasoek, Estatura etorri ahal izateko, osasun aseguru pribatua egin behar dute derrigor, bestela ez zaie baimenik ematen. Pertsona nagusiak direnez, aseguru pribatu askok ez dituzte bezerotzat nahi eta, asegurua egitea lortzen dutenean, egiten dizkieten polizek ez dituzte premia guztiak estaltzen. Hortaz, migranteen gurasoei, alde batetik, Estatuan gelditzeko aseguru pribatua exijitzen zaie, baina, bestetik, aseguru pribatua daukatenez, Estatuak osasun publikoa ukatzen die. Beraz, sortu duten egoera kafkiar hau bereziki onartezin eta krudela da: euren adinagatik laguntzarik eta babesik handiena behar duten lagun horiek guztiek, praktikan, osasun arreta ukaturik daukate.
Sisteman sartuta zaudenean, mediku bat egokituko zaizu. Osasun arazorik daukazun bakoitzean zure mediku honek hartuko zaitu eta bera izango da zure bilakaeraz arduratuko dena. Aldez aurretik hitzordua edo kontsulta eskatu behar da osasun zentroan eta eurek esango dizute ze egunetan eta ze ordutan joan behar zaren medikua ikustera.
Larrialdiren bat gertatzen bazaizu, adibidez, istripuren bat, ez da beharrezkoa aldez aurretik kontsulta eskatzea. Ospitaleko larrialdietara jo beharko duzu eta bertan hartuko zaituzte. Baina gogoratu hau larrialdietarako baino ez dela.
Espezialistaren batek ikusi behar bazaitu, aldez aurretik zure medikuarekin egon behar zara, eta berak bideratuko zaitu.
Zure gaixotasuna tratazeko ospitaleratzea beharrezkoa balitz edo ebakuntzaren bat beharrezkoa badaukazu, espezialistak bidaliko zaitu.
Laburbilduz, zure auzoko edo herriko medikua izango da beti lehenbiziko pausoa, trataeran zehar beste mediku batzuek ere parte har dezaketen arren, baina zu ezin zara joan zuzenean espezialistarengana edo zirujauarengana.
Azkenik, osasun zerbitzuak kudeatzeaz arduratzen diren administrazioak honako hauek dira:
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: Euskadiko Osasun Saila eta Osakidetza
Nafarroan: Nafarroako Osasun Saila eta Osasunbidea
Bidali bizilan@lab.eus posta elektronikora ze gai nahi duzun jorratzea; guk webgunean txertatuko dugu eta horren berri emango dizugu.