Azkenik, hemen dauzkazue datorren urteko egutegia eta kartelera. PDF formatuan jaitsi ahal izango dituzue, behar duzuenerako. Edozelan, paperean nahi izanez gero, jo gure egoitzetako batera eta hantxe topatuko dituzue.

Eta, betiko moduan, jai egunen berri emateaz gain, enpresa barruan lan egutegiaz jakin beharreko zenbait puntu garrantzitsu ere azaldu dizkizuegu gure artikuluan.

2024ko jai egunak (lan egutegia)

2023/11/17

2024ko jai egunak (Estatua)
2024ko jai egunak (EAE)
2024ko jai egunak (Nafarroa)

 

Artikulu honetan, datorren urteko jaiak eta egutegia emateaz gain, enpresa barruan lan egutegiaz jakin beharreko zenbait puntu garrantzitsu ere azalduko dizkizuegu.

 

2024ko jai egunak

Urtero argitaratzen dira BOEn hurrengo urteko jai egunak. Madrilen ezartzen diren jai horietatik, zenbait erkidego guztietan errespetatu beharrekoak dira; hala ere, egun batzuk erkidegoek alda edo truka ditzakete eta beste jai batzuekin ordezkatu.

Urriaren 27an argitaratu dira zeintzuk jai egun izango diren Estatuan 2024rako. Orotara, 14 jai egun izango dira (2023an beste) eta honelaxe daude bereizturik:

  • 8 jai egun, Estatu osoan derrigor bete behar direnak

— Urtarrilak 1 (astelehena): Urte Berri eguna
— Martxoak 29 (ostirala): Ostiral Santua
— Maiatzak 1 (asteazkena): Maiatzaren Lehena
— Abuztuak 15 (osteguna): Ama Birjinaren Jasokundea
— Urriak 12 (larunbata): Espainiako jaia
— Azaroak 1 (ostirala): Domu Santua
— Abenduak 6 (ostirala): Konstituzio eguna
— Abenduak 25 (asteazkena): Eguberri eguna

  • 4 jai egun, erkidego autonomikoek ordezka ditzaketenak. Hau da, Estatuak 4 jai egun proposatzen ditu eta erkidegoek beren horretan onartu edo ohikoak dituzten beste batzuekin ordezkatu ahal dituzte.

— Urtarrilak 6 (larunbata): Errege eguna
— Martxoak 28 (osteguna): Ostegun Santua
— Uztailak 25 (osteguna): Done Jakue eguna
— Abenduak 9 (astelehena): Sortzez Garbiaren eguna (hilaren 8a igandea denez, astelehena proposatu da). Egun hau ez da jaia izango ez EAEn, ez Nafarroan. Honen ordez, Pazko Astelehena, apirilak 1, hartuko dugu.

  • Tokian tokiko jai bi

Urtean zehar tokian tokiko jai bi hartu beharko dira. Hauek herrialdeko jai eguna eta herriko jai eguna izaten dira.

Bai Nafarroan, bai EAEn aukerazko 4 jai berberak izango ditugu 2024an. Honako hauek dira, beraz, erkidego mailakoak zein herrialde mailakoak:

Nafarroan urtarrilaren 6a (Errege eguna), martxoaren 28a (Ostegun Santua), apirilaren 1a (Pazko Astelehena) eta uztailaren 25a (Done Jakue eguna). Herrialdeko jaia: abenduak 3, San Frantzisko Xabier. Gogoratu abenduaren 3a Euskararen Eguna ere badela.
EAEn urtarrilaren 6a (Errege eguna), martxoaren 28a (Ostegun Santua), apirilaren 1a (Pazko Astelehena) eta uztailaren 25a (Done Jakue eguna)
Bizkaia: herrialdeko jaia, uztailak 31 (San Ignazio Loiolakoa)
Gipuzkoa: herrialdeko jaia, uztailak 31 (San Ignazio Loiolakoa)
Araba: herrialdeko jaia, apirilak 29 (San Prudentzio). Apirilaren 28a igandea denez, astelehenera mugitu da.

 

Hortaz, hauexek izango dira Hego Euskal Herriko jaiak:

    • Urtarrilaren 1a, Urteberri eguna (astelehena). Hegoalde osoan.
    • Urtarrilaren 6a, Errege eguna (larunbata). Hegoalde osoan.
    • Martxoaren 28a, Ostegun Santua (osteguna). Hegoalde osoan.
    • Martxoaren 29a, Ostiral Santua (ostirala). Hegoalde osoan.
    • Apirilaren 1a, Pazko Astelehena (astelehena). Hegoalde osoan.
    • Apirilaren 29a, San Prudentzio (astelehena). ARABAN
    • Maiatzaren 1a, Maiatzaren Lehena (asteazkena). Hegoalde osoan.
    • Uztailaren 25a, Done Jakue eguna (osteguna). Hegoalde osoan.
    • Uztailaren 31, San Ignazio Loiolakoa (asteazkena). BIZKAIAN ETA GIPUZKOAN.
    • Abuztuaren 15a (osteguna), Ama Birjinaren Jasokundea. Hegoalde osoan.
    • Urriaren 12a (larunbata), Espainiaren eguna. Hegoalde osoan.
    • Azaroaren 1a (ostirala), Domu Santua. Hegoalde osoan.
    • Abenduaren 3a (asteartea), San Frantzisko Xabierkoa.
    • Abenduaren 6a (ostirala), Konstituzioaren eguna. Hegoalde osoan.
    • Abenduaren 25a (asteazkena): Eguberri eguna. Hegoalde osoan.

 

Jai egun hauei herriko jai eguna gehitu behar zaie. EAEko herri bakoitzeko jai egunak ondoko lotura hauetan kontsulta ditzakezue; Nafarroakoak, ordea, oraindik ez daude argitaraturik, baina, ondo dakigunez, normalean ez dira aldatzen. Gainera, zerrenda osoa buletinean abenduan argitaratu ohi den arren, udal bakoitzak aldez aurretik izaten du ebatzita:

ARABA 
BIZKAIA
GIPUZKOA

Orrialdearen beheko partean egutegi eta kartelerak jaitsi ahal izango dituzue PDF formatuan.

 

Jai iraingarririk ez

Urtez urte, lan egutegiarekin batera, hainbat jai inposatzen zaizkigu, ezinbestez ospatu beharrekoak eta euskal langileriarentzat iraingarriak direnak. Gainera, erreparatzen baduzue, jai hauek derrigor bete beharrekoen artean sartzen dira. Estatuak, beste ezeren gainetik arbuioa eta gaitzespena sorrarazi ahal dituzten egunak direla jakinda, beste batzuekin ordezkatzeko aukerarik ere ez du ematen. Eta, gero, ikusi behar dugu askoz errotuago dauden eta familia artean ospatu ohi diren beste jai batzuk aukeran uzten dituztela, Errege Egunarekin edo Urte Berri egunarekin, adibidez, sarri askotan egin ohi duten bezala.

• Urriaren 12a, gaur egun Espainiako jai nazionaltzat jotzen dena eta aurretiaz Hispanitatearen jaia edo Arrazaren eguna izan zena. Jai honek gure herriaren eta gure eskubideen gainetik hispanitate horren inposaketa suposatzen du. Eta, honetaz gain, Inperio espainiarrak gurutzearen eta ezpataren izenean Latinoamerikako herrietan egindako sarraski guztiak ospatzea ere bai: genozidioa, baliabide ustiaketa, hizkuntza eta kultura akatzea…

• Abenduak 6, Konstituzio eguna. Hegoaldeko herritarroi gure eskubideak ukatzen dizkigun lege-markoa ospatzea adierazten du. Autodeterminazio eskubidea galarazten diguna, hain zuzen ere.

Egun hauek, jakina, ez dira jai ez Bizilanentzat, ez LAB sindikatuarentzat. Eta guretzat ez diren bezala, hainbat enpresetan ere ez. Negoziazio kolektiboaren bitartez posible baita, bultzatu eta lortu izan dugun bezala, jai egun horiek beste batzuekin ordezkatzea.

 

Lan egutegia enpresan

Lan egutegiaren inguruko arautegia honakoetan aurkituko dugu, besteak beste:

• Langileen Estatutuaren 34.6 artikulua: Bertan egutegia urtero egin beharra eta leku ikusgarrian jarri beharra adierazten da
• 1561/1995 Dekretua, Hirugarren Xedapen Gehigarrian: Langileen ordezkarien parte hartzea lan egutegian
• 5/2000 Dekretuaren 6.1. artikulua eta 40 artikulua: Arau hausteak eta zehapenak
• Hitzarmen kolektiboa. Negoziazio kolektiboaz askotan lan egutegiaren inguruko hainbat puntu adosten dira, sektorean edo enpresan bete beharrekoak direnak.

 

Lan egutegian honako hau islatu behar da: lan jardunaldia, atseden egunak, jai egunak eta oporraldia. Honetaz gain, jardunaldien banaketa irregularra ere azaldu beharko litzateke, hitzarmenak ezartzen duena errespetaturik.

Enpresak urtero egin behar du lan egutegia. Ze epetan izan behar den, normalean hitzarmen kolektiboak adierazten du. Izan liteke, esaterako, hilabeteko tartea egotea administrazioek jai egunak argitaratzen dituztenetik edo adostu den edozein epe.  

Egutegia egin baino  lehen, langileen ordezkaritzari kontsultatu behar dio. Honetaz gain, langileen ordezkaritzak aldez aurretiko txostena eman ahal dio enpresari. Txosten hau loteslea ez bada ere, bertan adierazi behar da enpresak urteko jardunaldia, atseden denborak, jai egunak eta zubiak eta abar betetzen ote dituen.

Enpresak lan egutegia ordezkaritzarekin kontsultatu barik egingo balu, egutegia baliogabetzat jo liteke eta zehapena jaso lezake Lan Ikuskaritzaren aldetik. Era berean, txostena loteslea ez bada ere, erabilgarria izango litzaiguke balizko erreklamazioren bat sartu beharko bagenu.

Adostasunarekin edo adostasunik gabe, egutegia langileen bistan egon behar da (normalean informazio paneletan eskegitzen da). Hau lan zentro guztietan egin behar da eta, beharrezkoa balitz, enpresan dauden sail ezberdinetan. Enpresak eta langileen ordezkariek sinatuta egon behar da. Esan bezala, langileen ordezkaritzak kontrolatu behar du egutegian islatzen den horrek legeak eta hitzarmenak ezartzen dutena betetzen ote duen eta errespetatu egiten ote duen. Izan ere, lan baldintzen aldaketa substantziala ekar lezake egutegiak, behin baino gehiagotan gertatzen den bezala.