Lan egutegia enpresan
Lan egutegiaren inguruko arautegia honakoetan aurkituko dugu, besteak beste:
• Langileen Estatutuaren 34.6 artikulua: Bertan egutegia urtero egin beharra eta leku ikusgarrian jarri beharra adierazten da
• 1561/1995 Dekretua, Hirugarren Xedapen Gehigarrian: Langileen ordezkarien parte hartzea lan egutegian
• 5/2000 Dekretuaren 6.1. artikulua eta 40 artikulua: Arau hausteak eta zehapenak
• Hitzarmen kolektiboa. Negoziazio kolektiboaz askotan lan egutegiaren inguruko hainbat puntu adosten dira, sektorean edo enpresan bete beharrekoak direnak.
Lan egutegian honako hau islatu behar da: lan jardunaldia, atseden egunak, jai egunak eta oporraldia. Honetaz gain, jardunaldien banaketa irregularra ere azaldu beharko litzateke, hitzarmenak ezartzen duena errespetaturik.
Enpresak urtero egin behar du lan egutegia. Ze epetan izan behar den, normalean hitzarmen kolektiboak adierazten du. Izan liteke, esaterako, hilabeteko tartea egotea administrazioek jai egunak argitaratzen dituztenetik edo adostu den edozein epe.
Egutegia egin baino lehen, langileen ordezkaritzari kontsultatu behar dio. Honetaz gain, langileen ordezkaritzak aldez aurretiko txostena eman ahal dio enpresari. Txosten hau loteslea ez bada ere, bertan adierazi behar da enpresak urteko jardunaldia, atseden denborak, jai egunak eta zubiak eta abar betetzen ote dituen.
Enpresak lan egutegia ordezkaritzarekin kontsultatu barik egingo balu, egutegia baliogabetzat jo liteke eta zehapena jaso lezake Lan Ikuskaritzaren aldetik. Era berean, txostena loteslea ez bada ere, erabilgarria izango litzaiguke balizko erreklamazioren bat sartu beharko bagenu.
Adostasunarekin edo adostasunik gabe, egutegia langileen bistan egon behar da (normalean informazio paneletan eskegitzen da). Hau lan zentro guztietan egin behar da eta, beharrezkoa balitz, enpresan dauden sail ezberdinetan. Enpresak eta langileen ordezkariek sinatuta egon behar da. Esan bezala, langileen ordezkaritzak kontrolatu behar du egutegian islatzen den horrek legeak eta hitzarmenak ezartzen dutena betetzen ote duen eta errespetatu egiten ote duen. Izan ere, lan baldintzen aldaketa substantziala ekar lezake egutegiak, behin baino gehiagotan gertatzen den bezala.