Autonomoei eragiten dieten neurri bi dakartzagu: koronabirusagatiko bajak eta jarduera amaieragatiko aparteko prestazioa.
Autonomoei eragiten dieten neurri bi dakartzagu: koronabirusagatiko bajak eta jarduera amaieragatiko aparteko prestazioa.
6/2020 Dekretuan, 5. artikuluan, COVID-19k sortutako gaixotasun bajen inguruan ebatzi zen, kontingentzia edo gertakizun arruntengatik baino, lan istriputzat aitortuak izango zirela. Honek esan nahi du, bajan gauden bitartean, gehiago kobratuko dugula eta lehen egunetik jasoko dugula prestazioa, “Aldi baterako ezintasuna” atalean atalean azaltzen dugun bezala.
Ondorioz, bi dira lan istripu egoerara asimilatzen diren gertaerak:
1.- Isolamendua
2.- Kutsatzegatiko gaixotasuna
Iaztik autonomo guztiek kontingentzia profesionalengatik ere kotizatzen dute (lan istripuengatik eta gaixotasun profesionalengatik). Hortaz, neurri hau autonomoentzat ere bada.
Esan bezala, lan istriputzat onartzen denez, kotizazio oinarriaren %75 kobratuko litzateke eta, gainera, lehenengo egunetik: autonomoen gutxieneko kotizazio oinarrirako, 23,61 euro egunean.
Neurri hau 8/2020 Dekretuan dago jasota, 17. artikuluan. Gainera, Ministerioak eta Gizarte Segurantzaren Zuzendaritza Orokorrak irizpide bat atera berri dute Dekretuaren hainbat puntu argitzearren.
• Prestazio hau jasotzeko eskubidea izango dute:
– alarma egoera dela eta, negozioa ixtera behartuta egon diren autonomo guztiek
– diru sarreren %75eko jaitsiera izan dutenek
• Diru sarreren %75eko jaitsiera pairatu baduzu: hilabeteko diru-sarreren jaitsiera izango da kontuan; hortaz, eskatu ahal izango duzu “prestazioa eskatu aurreko hilabeteko fakturazioa %75ean murriztu bada”. Hau da, martxoko diru sarreren jaitsiera, apirilean, prestazioa eskatzean, egiaztatu beharko genuke. %75eko jaitsiera kalkulatuko da aurreko seihilabetekoaren batezbesteko fakturazioarekin konparatuta. ADI! Sehilabeteko naturala hartuko da kontuan, azken irizpideek argitu bezala. Sei hilabete baino gutxiago eman badituzu jardueran, lan egindako denbora hori hartuko da kontuan.
• Prestazioa eskatzeko epea: hilabeteko epea dago Dekretua indarrean hasi zenetik; beraz, apirilaren 14ra arteko tartea daukazu prestazioa eskatzeko. Hala ere, alarma egoera luzatuko balitz, BALITEKE epe hau luzatzea.
• Prestazioaren zenbatekoa: oinarri erregulatzailearen %70. Gutxieneko kotizazio epera helduko ez bazina (hau da, ez bazeneuka, gutxienez, aurreko 12 hilabeteak segidan kotizaturik), gutxieneko kotizazio oinarriaren araberako %70 jasoko zenuke. Hau da, gutxienekoa kotizatzen baduzu, aldaketarik ez zenuke nabarituko, baina kotizazio handiagorik egingo bazenu eta 12 hilabete kotizaturik izango ez bazenu, gutxienekoa jasoko zenuke. Gutxieneko kotizazioa egiten baduzu, prestazioa 661 euro hilean izango dira.
• Dokumentazioa: jaitsiera egiaztatzeko, kontabilitate dokumentazioaren kopia atxiki beharko duzu (emandako eta jasotako fakturen erregistro liburua, diru-sarrera eta gastuen eguneroko liburua, salmenten eta sarreren erregistro liburua edota erosketa eta gastuen liburua).
• Altak eta bajak autonomoetan: saltokia dekretuz ixtera behartuta egon bazara, ez da beharrezkoa bajan ematea, baina aukera hori zabalik daukazu. Aitzitik, salmenten %75eko jaitsieragatik izan bada, autonomoetan altan jarraitu beharko duzu.
• Gizarte Segurantzako kuoten ordainketa egunean izan behar dituzu prestazioa eskatu ahal izateko. Hala ere, horrela ez balitz, aukera izango zenuke, eguneratzeko eta zor horiek kitatzeko (30 eguneko epea daukazu horretarako).
• Prestazioa jasotzen duzun bitartean ez duzu Gizarte Segurantzako kotizaziorik egin beharko (kotizatutzat joko da denbora hori).
• Epe hau, era berean, ez da kontuan hartuko, pilatutako kotizazioei dagokionez, etorkizunean jarduera amaieragatiko prestazioa berriro eskatu beharko bazenu.
• Prestazioaren iraupena: hilabeteko iraupena izango du. Alarma egoera luzatuko balitz, prestazioa ere luzatuko litzateke, harik eta alarma egoera amaitzen den hilabeteko azken egunera arte.
Kontrataturik daukazun mutualitatean egin behar duzu eskaera. 2019ko ekainetik derrigorra da autonomo guztiek mutualitate bat kontrataturik edukitzea kontingentzia edo gertakizun guztietarako (jarduera amaiera, aldi baterako ezintasuna eta gertakizun profesionalak). Mutualitateei gero eta botere gehiago ematen ari zaie azken urteotan (gogora dezagun hauek erakunde pribatuak direla eta, langileon osasunaren gainetik, euren interes nagusia irabaziak direla; hortaz, osasun publikoaren beste ustiaketa modu bat baino ez da).
Hala ere, hainbat eta hainbat autonomok oraindik ez dute mutualitaterik izan eta sistema publikoa erabiltzen jarraitzen zuten. Kasu honetan mutualitateren bat aukeratu beharko zenuke prestazioaren ordainketarako (ORRIALDE HONETAN duzkazu Gizarte Segurantzak zerrendatzen dituenak).
Informazio gehiago jarduera amaieragatiko prestazioaz: Autonomoen “langabezia”
Bidali bizilan@lab.eus posta elektronikora ze gai nahi duzun jorratzea; guk webgunean txertatuko dugu eta horren berri emango dizugu.