Baina baliteke, hasiera batean isolamendua egin behar izatea, prebentzioz, ikaskide batek edo irakasleak positibo eman duelako, baina gure seme edo alabari behin PCRa eginda, negatibo ematea. Honelakoetan, guri ere alta emango ligukete.
Bestalde, umea kutsatu bada, ume hori, nahiz eta larri ez egon, gaixorik egon badago eta baliteke hitzarmenak honako egoeretarako baimen ordainduren bat ekartzea.
Klasea edo eskola tarte batez ixten badute
Demagun hasiera bateko isolamendu prebentiboa pasaturik, gure umeak negatibo eman duela eta, esan bezala, guri alta medikoa eman digutela, gu ere ez garelako harrezkero isolamenduan egon behar. Hala ere, klasea edo eskola hainbat egunetan itxita egon liteke. Honelako kasuetarako, zaintza lan premiazko hauetarako, ez da aurreikusi jardunaldi moldaketa baino gehiagorik.
Hau da, familiakideren bat zaindu behar izanez gero, eskubidea daukagu gure jardunaldia moldatzeko hainbat eratan: ordutegiak aldatu ahal ditugu, txanda aldatu ahal dugu, jardunaldia murriztu ahal dugu, %100era arte… (8/2020 dekretuaren 6. artikulua). Edo, bestalde, telelana hobetsi beharko ligukete enpresan, aukerarik egonez gero. Baina, jakina, jardunaldia murriztu behar badugu, soldata ere proportzio berean murriztuko digute.
Neurri hau Mecuida izeneko plan barruan dago eta irailaren 21ean iraungitu behar zen. Hala ere, 23an BOEn argitaratutako 28/2020 Dekretua aprobetxatu zen neurri hau 2021eko urtarrilaren 31ra arte luzatzeko, baina ez zen beste inolako neurririk hartu berrogeialdian egon daitezkeen umeak zaindu ahal izateko.
Esan barik doa aukera hau langilearen eskubidea izan arren eta legez hala aitortuta egon arren, enpresak hasiera batean ezetza eman ahal diola. Horrelakoetan, “negoziazio” tarte batean sartu beharko gineteke, epaileen esku ere amai litekeena. Hortaz, klasea edo eskola zarraturik egongo den denbora osoa epresarekin borrokan eman genezake, arrazoia ematen diguten arte, baina, bitartean, lanera joaten jarraitu beharko genuke eta, hortaz, arazoa konpondu barik geldituko litzateke berdin-berdin.
Laburbilduz, kontziliazio aferari orain arte ez bazaio konponbide eraginkorrik eman, zaintza lanak familiaren esku, eta zehazkiago, emakumeon esku utzi bada, “hor konpon, ahal duzun moduan” izan bada errezeta, covid-19ak sorrarazi dituen arazo berriei ere ez zaie bestelako intenbiderik eman, ez klasera itzulera honetan, ezta aurreko hilabeteetan ere.
Hurrengo orrialdean azalduta dauzkazu jardunaldi moldaketa honen nondik-norakoak eta zelako laguntzak eska daitezkeen: