Zer egin seme-alabak eskolan kutsatuz gero?

2020/09/09

Adierazpen anitz eta, hainbat kasutan, kontrajarriak entzun izan ditugu azken egunotan Madriletik gai honi dagokionez. Baina, orain, umeak eskolara itzuli direla, gurasook zehatz jakin beharko genuke zelan joka dezakegun eta zeintzuk aukerak dauzkagun enpleguari begira, egunotako batean gure seme-alaba kutsatzen bada, berrogeialdia ezartzen badiote edo klasea itxi behar badute covid-19a dela eta.

Klaseak honezkero hasi diren arren, oraindik ez da honi begirako neurri zehatzik hartu eta, hortaz, aurreikus daitekeenez, hurrengo aste eta hilabeteetan hainbat eta hainbat langilek izango duten arazo guztiz probableak berdinetan dirau.

Bada, zeintzuk aukerak daude gaur egun?

Umea kutsatuz gero edo isolamenduan egonez gero

Umea kutsatzen bada, berrogeialdia gorde beharko luke derrigor. Honekin batera, gurasook berarekin harreman estua izan dugunez, berez, geu ere isolamenduan egotera pasatu beharko ginateke. Honek esan nahi du medikuak baja eman beharko ligukeela.

Izan ere, martxoko 6/2020 Dekretuaren arabera, kutsapen kasuak ez ezik, isolamendu sasoiak ere aldi baterako ezintasuntzat hartuko dira. Eta prestazioari dagokionez, lan istriputzat parekaturik egongo dira hauek. Gogora dezagun honelako bajen kasuan prestazioa lehen egunetik jasotzen dela.

Koronabirusa. Informazio eta gomendioak alarma egoerarako orrialdean badaukazue atal bat koronabirusagatiko bajak azaltzen dituena.

Beraz, kasu honetan gaixotasun baja tramitatu beharko ligukete:

Baina baliteke, hasiera batean isolamendua egin behar izatea, prebentzioz, ikaskide batek edo irakasleak positibo eman duelako, baina gure seme edo alabari behin PCRa eginda, negatibo ematea. Honelakoetan, guri ere alta emango ligukete.

Bestalde, umea kutsatu bada, ume hori, nahiz eta larri ez egon, gaixorik egon badago eta baliteke hitzarmenak honako egoeretarako baimen ordainduren bat ekartzea.

Klasea edo eskola tarte batez ixten badute

Demagun hasiera bateko isolamendu prebentiboa pasaturik, gure umeak negatibo eman duela eta, esan bezala, guri alta medikoa eman digutela, gu ere ez garelako harrezkero isolamenduan egon behar. Hala ere, klasea edo eskola hainbat egunetan itxita egon liteke. Honelako kasuetarako, zaintza lan premiazko hauetarako, ez da aurreikusi jardunaldi moldaketa baino gehiagorik.

Hau da, familiakideren bat zaindu behar izanez gero, eskubidea daukagu gure jardunaldia moldatzeko hainbat eratan: ordutegiak aldatu ahal ditugu, txanda aldatu ahal dugu, jardunaldia murriztu ahal dugu, %100era arte… (8/2020 dekretuaren 6. artikulua). Edo, bestalde, telelana hobetsi beharko ligukete enpresan, aukerarik egonez gero. Baina, jakina, jardunaldia murriztu behar badugu, soldata ere proportzio berean murriztuko digute.

Kontuan hartu behar dugu neurri hau Mecuida izeneko plan barruan dagoela eta plan hau irailaren 21ean iraungituko dela. Hala ere, ziurrena da luzatzea, Madriletik honezkero apuntatu duten bezala.

Esan barik doa aukera hau langilearen eskubidea izan arren eta legez hala aitortuta egon arren, enpresak hasiera batean ezetza eman ahal diola. Horrelakoetan, “negoziazio” tarte batean sartu beharko gineteke, epaileen esku ere amai litekeena. Hortaz, klasea edo eskola zarraturik egongo den denbora osoa epresarekin borrokan eman genezake, arrazoia ematen diguten arte, baina, bitartean, lanera joaten jarraitu beharko genuke eta, hortaz, arazoa konpondu barik geldituko litzateke berdin-berdin.

Laburbilduz, kontziliazio aferari orain arte ez bazaio konponbide eraginkorrik eman, zaintza lanak familiaren esku, eta zehazkiago, emakumeon esku utzi bada, “hor konpon, ahal duzun moduan” izan bada errezeta, covid-19ak sorrarazi dituen arazo berriei ere ez zaie bestelako intenbiderik eman, ez klasera itzulera honetan, ezta aurreko hilabeteetan ere.

Hurrengo orrialdean azalduta dauzkazu jardunaldi moldaketa honen nondik-norakoak eta zelako laguntzak eska daitezkeen: