Gazteria kolektibo bereziki prekarizatua da. Enpresek, esperientziarik eza aitzakiatzat, esku lan merke moduan erabiltzen dituzte eta, hala, praktika kontratu amaigabeetan kateatu, bekario edo autonomo faltsu moduan lan egitera behartu eta hamaika amarru erabiltzen dituzte euren lan eskubideak urratzeko.

Berebiziko garrantzia dauka gazteek euren eskubideen jabe izatea lan merkatura sartzerakoan. Gida honek borroka tresna bat izan nahi du, geure eskubideen alde borroka egiteko lehen pausoa eskubide horiek ezagutzea baita.

Gazteei begirako gida izan arren, langile guztiontzako probetxugarria delakoan gaude, kapitalaren erasoek, enpresaburuen esplotazio eta iruzurrek denok kolpatzen gaituzten heinean.

Gida PDFz jaisteko, orrialde honetatik egin dezakezu:

👉🏼 IRAKURRI GEHIAGO

Gazteon lan eskubideen gida

2023/04/26

 

Gazteria kolektibo bereziki prekarizatua da. Enpresek, esperientziarik eza aitzakiatzat, esku lan merke moduan erabiltzen dituzte eta, hala, praktika kontratu amaigabeetan kateatu, bekadun edo autonomo faltsu moduan lan egitera behartu eta hamaika amarru erabiltzen dituzte euren lan eskubideak urratzeko. Kontratu askoz prekarioagoak asmatzen dira gazteentzat eta, gainera, lan mundura egoera askoz kaskarragoetan sartzeagatik, eskerrak eman beharko balizkiete bezala saltzen dituzte halakoak administrazioek eta enpresaburuek.

Izan ere, gazteek daukaten panorama ez da batere samurra. 2023ko lehen hiru hileko datuetan erreparatzen badugu:

Biztanleria Aktiboaren Inkestan erreparatzen badugu, 2022ko azken lau hilekoan, 25 urtetik beherakoen artekoen langabezia tasa %20,9 izan da EAEn eta %27,8 Nafarroan. Langabezia tasa hori, azken urteekin konparatuz gero, zertxobait jaitsi bada ere, guztiz zentzugabea da, batez ere Europar Batasuneko bataz bestekoarekin (%16,5) alderatuz gero. EBeko herrialdeen artean, gurea baino langabezia tasa handiagoa daukaten bakarrak Espainiako Estatua (%29,3) eta Grezia (%29,7) dira.

Esan dugunez, langabezia tasa jaitsi egin da. Baina oro ez da urre. Lan erreformak hainbat kontratu mugagabe bihurtu baditu ere, honek ez du esan nahi aldi baterakotasuna jaitsi denik. Hala gertatzen da, esaterako, aldizkako kontratu finkoekin: kontratu mugagabeak izan arren, urtean hilabete batzuetan baino ez da lanik egiten.

Denok dakigunez, enplegu bat izateak ez du bermatzen honezkero bizi baldintza duinik. Inorentzat ere ez, baina askoz gutxiago gazteentzat. Aldi baterako kontratuen eta jardunaldi partzialen tasak askoz altuagoak dira gazteen artean. Gazteek ezin diote euren bizi proiektu propioari ekin, lan prekarietateari etxebizitzaren arazoa ere gehitu behar zaio eta.

Bien bitartean, Hego Euskal Herriko instituzioek turistifikazioa -eta gentrifikazioa- bultzatzen dute batere lotsarik gabe, honek gure bizi eta lan baldintzetan daukan eragin zuzenaz jakitun. Azken batez, euren agendetan ez da sekula egon gazte prekarietatearekin amaitzea. Aitzitik, instituzioek gazteen esplotaziorako tresnak eskaintzeari ekiten diote. Botere ekonomikoak zer eskatu, huraxe eman.

Egoera honela, are garrantzitsuagoa da gazteek euren eskubideen jabe izatea lan merkatura sartzerakoan. Gida honek borroka tresna izan nahi du, geure eskubideen alde borroka egiteko lehen pausoa eskubide horiek ezagutzea baita. Gazteei begirako gida izan arren, langile guztiontzako probetxugarria delakoan gaude, kapitalaren erasoek, enpresaburuen esplotazio eta iruzurrek denok kolpatzen gaituztelako.

Gidako edukien artean, ikusiko duzuenez, Bizilanen landutako gaiak ere txertaturik daude, informazioan sakondu nahi edo behar duzuenerako.