2025eko maiatzaren 20an Atzerritarren Legearen Arautegi berria hasi zen indarrean. Ez da lege berri bat, baizik eta 2000. urtetik martxan egon den legea aplikatzeko arautegi berria. Hortaz, legea ez da aldatu, legearen aplikaziorako arauak baino. Artikuluaren goiko partean legearen (LOEX) zein arautegiaren (RELOEX) estekak aurkitu ahal dituzue.
Edozein kasutan, aldaketa handia izan da. Aurreko arautegiarekin konparatuta, hainbat puntu hobetu dituela esan genezake: zenbait eskakizun malgutu dira, epeak murriztu dira, atxiki beharreko dokumentazioa gutxitu da, prozedura batzuk erraztu dira…
Beste aldaketa batzuk ere izan dira. Nabarmenetako bat errotze moduei dagokie. Alde batetik, baimena urtebeterako izango da, modalitate guztietan, eta berriztapena lau urtetarako (lehen bi urtetarako zen). Bestetik, bost errotze modu izango dira hemendik aurrera:
- Errotze soziala
- Errotze soziolaborala
- Prestakuntza bidezko errotzea
- Bigarren aukerako errotzea
- Familia errotzea
Hala ere, arautegi berriak hutsune handiak ekarri ditu. Horietako bat asilo eskatzaileei dagokie. Araudi honekin, asilo eskaera eta errotze prozesua ez dira bateragarriak izango. Asilo eskatzaileei babesa ukatzen bazaie edo, erantzunik ezean, urteak eta urteak pasatu ostean, beste bideren batetik erregularizatzen ahalegiten badira, Estatuan bizitzen edota lan egiten eman duten denbora ez da kontuan hartuko eta zerotik hasi beharko dira zenbatzen. Bestela esanda, Estatuak bi urtez egoera irregularrean egotera behartuko ditu, errotze prozesu batean hasi orduko.
Baina, aldaketak aldaketa, ezin dugu ahaztu atzerritarren legearen funtsa gurera datozen lagunak instrumentalizatzea baino ez dela. Jendearen prestakuntza, gaitasunak eta abileziak ez dira kontuan hartzen, helburua lan esku merkea bihurtzea baita. Betetzen ez diren eta egoera prekarioan mantendu nahi diren sektoreetara bideratu eta mugararazten dituzte lagun hauek guztiak. Gainera, epe luzeagoz edo laburragoz, baimena lortu arte, egoera irregularrean bizitzera kondenatzen zaie, prekarietate, gehiegikeria eta, zenbaitetan esklabotzara hurbiltzen diren egoerak errazturik.