Zer da familia errotzegatiko erresidentzia baimena?
⇒ Espainiar nazionalitatea badaukazu, prozedura honen bitartez, zure senide zuzenak ekarri ahal dituzu edo, jadanik Estatuan badaude, euren egoera erregularizatu ahal dute.
Atzerritarren Legearen Arautegi berriak errotzeagatiko baimenak ere berregituratu ditu. Gaur gaurkoz bost errotze kasu daude: errotze soziala, errotze soziolaborala, prestakuntza bidezko errotzea, bigarren aukerako errotzea eta familia errotzea.
Aparteko prozedura honen bitartez, egoera irregularrean dauden lagunek Estatuan bizitzeko baimena lor dezakete, beti ere baldintza batzuk betetzen badira. Honela, errotzea erresidentzia lortzeko bide erabilienetako bat da, bere helburua Estatuan jadanik bizi diren lagunen egoera erregularizatzea da eta. Hala ere, familia errotzea ez dago beren-beregi pentsaturik jadanik Estatuan dagoen pertsona baten egoera erregularizatzeko, baizik eta nazionalitatea daukan lagun baten atzerritar senideen egoera administratiboa erregularizatu ahal izateko.
Atzerriko lagun bat espainiar nazionalitatea daukan pertsona baten senide zuzena bada, familia errotzeagatiko erresidentzia baimena eskatu ahal du. Ikusiko dugunez, eskaera batak zein besteak egin dezakete, beti ere kontuan izanda bakoitza non dagoen eskaera momentuan (Espainiako Estatuan ala atzerriko herrialdean). Puntu oso garrantzitsu bat: baimen hau eskatzeko, elkarbizitza ezinbestekoa da.
Europar Batasunetik kanpoko lagunei begirakoa da.
Aldi baterako baimena da: bost urte irauten ditu, oro har, eta, denbora hau pasaturik, berriztatu behar da.
Erresidentzia baimen honekin lan ere egin daiteke, inoren kontura zein norberaren kontura.
⇒ ADI! familiarekin zerikusia daukaten erresidentzia baimen ezberdin bi existitzen dira: batetik, familia errotzeagatiko erresidentzia eta, bestetik, familia bateratzeagatiko erresidentzia. Familia errotzea, gainontzeko errotze guztiak bezala, aparteko zirkunstantziengatiko baimena da (hainbat ezaugarri konpartitzen dute). Praktikan, alderik nagusiena honako hau da: Familia errotzerako, Estatuan bizi den lagunak nazionalitatea izan behar du; familia bateratzeko, aldiz, ez da beharrezkoa Estatuan bizi den pertsonak nazionalitatea izatea, erresidentzia legalarekin nahikoa da.