Emanzipa programa alokairua ordaintzeko diru-laguntza da. 23 eta 32 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta eta merkatu askeko etxebizitzen alokairua ordaintzeko eska daiteke.

Covid izurrite bitartean langabetuei ere zabaldu zitzaien aukera hau (euren adina edozein dela ere) eta badirudi, pandemia pasaturik ere, Emanzipa programak talde bi hauentzat izaten jarraituko duela.

Laguntza honetaz jakin beharreko guztia kontatu dizuegu, baina, lagunok, zoritxarrez, abisatu behar dizuet: baldintzak ez dira bolanderak edo suziriak botatzeko modukoak. Enpin!

Gazteei zuzendutako alokairu-laguntzak: Emanzipa (Nafarroa)

2022/05/17
Azken eguneraketa: 2024/03/06

— 28/2018 Foru Legea, abenduaren 26koa, Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa arautzen duena
— 61/2013 Foru Dekretua, etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituena
— 10/2010 Foru Legea, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzkoa

 

Emanzipa programa alokairua ordaintzeko diru-laguntza da. 23 eta 32 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta (hau da, 33 urte betetzen diren urtea baino lehenago, geroxeago hobeto azalduko dugunez).

Merkatu askeko etxebizitzen alokairua ordaintzeko eska daiteke, ez, ordea, babes ofizialeko etxeen alokairua ordaintzeko. 

Babes ofizialeko etxebizitzaren batean bizi bazina eta alokairua ordaintzeko laguntzarik beharko bazenu, zenbait laguntza badaude. Hurrengo orrialdean kontsulta ditzakezu:

Gazteentzat edo langabezian dauden lagunentzat

Emanzipa programa, bere izenak adierazten duenez, emantzipatu diren gazteei zuzendutako programa moduan jaio zen. Hala ere, 2020. urtean, covid izurritea zela eta, langabezian geratutako lagunei ere zabaldu zitzaien laguntza hauek eskatzeko aukera. Aukera honek 2024. urtean oraindik badirau. Esan nahi baita badirudiela, izurritea pasaturik ere, Emanzipa programak talde bi hauentzat izaten jarraituko duela. Kontuan izan behar da 2022. urtetik erkidegoek funts berriak jasotzen dituztela alokairu laguntzetarako, artikulu amaieran azalduko dugunez.

Langabezian bazaude, hemen zerrendatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzu, adina izan ezik.

Zenbat jasotzen da?

Berez, kenkari fiskala da, baina, praktikan, errentaren portzentaje bat ordainduko digute diru-laguntza moduan. Alokairuaren %50 ordainduko digute baina, adi!, zenbateko hau mugaturik dago:  hilean, gehienez, 280 euro jaso genitzake eta, hurrengo atalean azaldu bezala, etxearen errenta ezin da 700€ baino gehiagokoa izan.

Honela, demagun errenta 650 eurokoa dela. Honen %50 325€ izango lirateke. Hala ere, 280€ baino ez genuke jasoko, horixe baita gehienezko muga.

Alokairuaren prezioa

Gehienezko diru-sarrerak eskatzen diren bezala, alokatu nahi duzun etxeak ere gehienezko prezio bat izan behar du diru-laguntza jaso ahal izateko: 700 euro gehienez, aurreko atalean aipatu bezala. 

EAEn, esaterako, zonaldearen arabera, muga altuagoak onartzen dira. Nafarroan, ordea, lurralde osorako muga berbera dago ezarrita, nahiz eta zonalde batzuk askoz tentsionatuago egon beste batzuk baino.

Jasotzaileak

• Norbanakoek edo familia unitateek jaso dezakete.

• Familia unitatea: Izan kontuan kasu honetan baldintzak, zuk ez ezik, zure bikotekideak ere bete behar dituela eta gehienezko errenta kalkulatzeko bion diru-sarrerak hartuko dituztela kontuan.

• Etxea eta, hortaz, alokairua ere konpartitzen baduzu, edozelan eska zenezake. Hau da, ez da beharrezkoa etxea zeure kabuz alokatzea, bazik eta, beste lagun batekin egiten baduzu ere, eskubidea izango zenuke prestazioa eskatzeko. Kasu honetan ez da beharrezkoa etxean bizi zareten lagun guztiok baldintzak betetzea. Baliteke beste lagunek ez betetzea edo laguntza eskatzeko premiarik ez izatea; hala ere, zuk eska zenezake. Baina, hori bai, geroxeago ikusiko dugunez, jasoko zenukeen laguntza txikiagoa izango litzateke.

Bete beharreko baldintzak

23 eta 32 urte bitartekoa izan behar zara. Gehienezko adina urterik urte doa altxatzen 35 urtera heldu arte. Honela, 2024. urtean 32 urte izan ditzakezu gehienez. Hau da, ezingo zenuke eskatu urte natural honetan 33 urte betetzen badituzu, nahiz eta, eskaera egiten duzun momentuan, oraindik 32 izan. Izan ere, lehen aipatu dugunez, diru-laguntza hau, berez, kenkari fiskala da eta, hortaz, kenkari fiskal guztietarako bezala, baldintzak abenduaren 31an bete behar dira.

Nafarroan erroldatuta egon behar zara eta alokatuta zauden etxea zure ohiko bizileku iraunkorra izan behar da.

Ezin duzu etxebizitza bat jabetzan eduki eta ezin izan duzu etxebizitza bat saldu azken bost urteetan. Hala ere, badira zenbait salbuespen. Kasu honetan bazaude, informa zaitez aldez aurretik. Emanzipa programaren kontaktu datuak artikulu amaieran aurkituko dituzu.

Etxeko jabearekin ezin duzu familia harremanik izan. Zehazkiago, ezin duzu 2. gradura arteko odolkidetasun edo ahaidetasun harremanik izan etxeko jabearekin.

Aurrezkien atalean ezin izan duzu 5.000€ baino gehiago aitortu (errenta aitorpenean).

— Ezin duzu 90.000€ baino gehiagoko ondasunik edo finantza aktiborik izan.

Alokairua banku transferentziaz egin beharko duzu. Gogoratu hilabeteroko egiaztagiriak telematikoki aurkeztu beharko dizkiozula administrazioari.

Gehienezko eta gutxienezko diru-sarrerak:

  • Gutxieneko diru-sarrerak: 3.000€
  • Gehienezko diru-sarrerak, norbanako batek eskatuz gero: 22.000€
  • Gehienezko diru-sarrerak, familia unitate batek eskatuz gero: 33.000€

Gogoratu familia unitate moduan eskatzen baduzue, denen diru-sarrerak hartuko direla kontuan eta, honetaz gain, baldintzak denok bete behar dituzuela (adina, ondasunak eta abar).

Bateraezintasunak

Alokairua ordaintzeko beste edozein diru-laguntza jasotzen baduzu (David programakoa, larrialdi sozialeko laguntzak) edo babes ofizialeko etxebizitza batean bizi bazara eta subentzioren bat jasotzen ari bazara, ezingo zenuke Emanzipa eskatu.

Etxe konpartituan bizi bazara

Etxea eta, hortaz, alokairua ere konpartitzen baduzu beste lagun batzuekin, diru-laguntza hau eska dezakezu.

Edozelan, baliteke denek behar ez izatea edo denek baldintza guztiak ez betetzea (esaterako, zuotako baten batek 32 urte baino gehiago dituelako). Hala ere, eska zenezake. Hori bai, laguntzaren zenbatekoa jaitsiko litzateke, etxean bizi diren kide guztiak kontuan hartuko direlako.

Hau da, demagun lau lagunek konpartitzen duzuela etxea eta hiruk eskatuko duzuela laguntza. Jaso daitekeen gehienezko kopurua 280 euro direnez, ondoko operazioa egingo dute:

280€ zati etxean bizi diren 4 lagunak = 70€
70€ bider diru-laguntza eskatu duten 3 lagunak = 210€

Hortaz, zuen kasuan jasoko zenuketen gehienezko kopurua 210€ izango lirateke orotara; 70€ eskatu duzuen bakoitzarentzat. Hau da, eskaera egin ez duen laugarren pertsona, hala ere, kontuan hartuko dute prestazioa jaisteko.

Zelan eskatu?

Ezin da aurrez aurre bulegoetan eskatu. Bide baliagarri bakarra online da.

Hiru aukera daude honetarako:

  • NAN elektronikoarekin
  • Ziurtagiri digitalarekin
  • Cl@ve sistemaren bitartez.

Cl@ve sistemak zelan funtzionatzen duen eta zelan eskura dezakezun jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikulu honi:

Eskaera egiten duzunean, hainbat datu eman beharko dituzu, baina ez duzu zertan aparteko dokumentaziorik atxiki behar. Datu hauen artean honako hauek daude:

  • Alokatutako etxearen helbidea eta logela kopurua
  • Alokatu dizun pertsonaren datuak: izen-abizenak eta NAN zenbakia
  • Kontratuaren hasiera data
  • Ordaintzen duzun errentaren zenbatekoa
  • Kontu korronte zenbakiak: zurea eta etxea alokatzen dizun pertsonarena

 

ADI! Eskaera familia unitate moduan egiten baduzu:
Eskaera egiten duzunean, bikotekidearen datuak eskatuko dizkizute. Baina, hau ez da nahikoa; honetaz gain, BEHARREZKOA DA BIOK ESKAERA EGITEA. Hau da, Emanzipa programan eskaerak beti egiten dira modu indibidualean (gogoratu kenkari fiskaltzat ezaugarrituta dagoela). Horregatik, bikotea bazarete eta biok baldintzak betetzen badituzue, eskaera bi egin beharko dituzue, nork berea.

 

Etxe konpartitu batean bizi bazara, ez dituzu beste kideen daturik sartu beharko.
Izan kontuan diru-laguntza bat baino ez dela ematen etxebizitza bakoitzeko, nahiz eta eskatzaile bat baino gehiago izan. Hortaz, adibidez, lagun bik eskatzen baduzue eta bioi ematen badizuete, kopurua ez da sekula 280 euro baino gehiago izango orotara. Hau da, kasu honetan bakoitzari 140 euro egokituko litzaizueke eta ez 280na.

 

Eskaeraren inguruko zenbait gidalerro eta pantaila-irudi kontsulta nahi badituzu, DOKUMENTU HONETAN egin dezakezu.

Eskaera hurrengo orrialde honetatik egin beharko duzu:.

Ikusiko duzunez, sarbide posible bi daude: ziurtagiri digital edo NAN elektronikoarekin eta Cl@ve sistemarekin. Cl@ve bitartez egiten baduzu, beste aukera bi zabalduko zaizkizu: cl@ve + PIN edo cl@ve iraunkorra. Gogoratu hau guztia ondo zehazturik daukazula beste artikulu honetan: Zelan egin izapideak internetez? cl@ve sistema.

Ez ahaztu alokairua ordaindu izanaren egiaztagiriak telematikoki aurkeztu beharko dituzula derrigorrez diru-laguntza jaso ahal izateko. HEMEN daukazu azalduta zelan egin behar duzun.

Emanzipa urtebeterako baino ez da ematen; gerora, ez dizute automatikoki berriztuko eta, hortaz, urterik urte berriztatzeko eskatu beharko duzu.

Emanzipa eta Madrilgo Gobernuaren alokairu bonua

Baliteke Madrilgo Gobernuak martxan jarri zuen gazteentzako alokairu bonuaz entzun izana. Laguntza hau 2022an onartu zen (42/2022 Dekretua).

Lege estatala izan arren eta funtsak Madriletik ipini arren, kudeaketa erkidego autonomikoei dagokie. Hala ere, laguntza hau ez zen Hego Euskal Herrian aplikatu:

“El Bono Alquiler Joven es de aplicación a todas las comunidades autónomas y las ciudades de Ceuta y Melilla, con excepción del País Vasco y Navarra” (2. artikulua)

Nafarroan Emanzipa eta EAEn Gaztelagun programak bageneuzkan martxan (EAEn 2024an izen oso antzekodun beste laguntza bat abiatu dute: Emantzipa) eta horiexek jarraitu zuten indarrean, bakoitza bere betebehar, arau eta baldintzekin.

Edozelan, bai EAEk, bai Nafarroak, nahiz eta euren programa propioei eutsi, funts estatal berriak jasotzen dituzte, gainontzeko erkidegoek egin bezala.

Honela, zenbait aldaketa izan dira laguntza honetan, baina, argi eta garbi, ez dira inondik inora nahikoak. Jadanik azaldu dugunez, batetik, langabetuei ere zabaldu zaie eskatzeko aukera eta, bestetik, gehienezko adina 30 urtetik 35 urtera joango da zabaltzen. Aurten 32 urtekoek eska dezakete, datorren urtean, 33 urtekoek eta abar (10/2010 Foru Legearen 3. quater artikulua, 2022ko 20/2022 Foru Legeak moldatu zuena).

Esan behar da, hala ere, alokairuen prezioa 700 eurotara mugatzea etxebizitza-merkatuaren inguruko ezagupen falta baino ez duela erakusten. Eta gauza bera esan genezake jasotzen den gehienezko zenbatekoaz (eta zer esan etxe konpartituez kontatu dugun itzelezko zekenkeriaz). Ezagupen falta diogu, ardura eta kezka falta ez esateagatik.

Edozelan, beti esaten dugun bezala, egiturazko arazoei ezin zaie halako txaplatekin ekin. Gazteen emantzipazioan benetan lagunduko duten politika bakarrak lan baldintza duinak bermatzea, behar bezalako soldatekin, eta etxebizitza politika eraginkorra dira. Enpleguaren prekarietateak eta ezegonkortasunak beren horretan badiraute, gazteen batezbesteko soldata gero eta baxuagoa bada eta etxebizitza, espekulaziora eta turismora bideratutako ondasun bihurturik, ez bada eskubide moduan bermatzen, ez dago zereginik (2021 eta 2023 urteen artean Nafarroako gazteen batezbesteko soldatak %1,3 jaitsi dira eta, inflazioa kontuan hartuta, eros-ahalmena %12 baxuagoa da).

Informazio gehiagorako:

Zure kontsultak hurrengo helbide honetara bidali ahal dituzu:
emanzipa@navarra.es

Informazio telefonoa (8:30etatik 14:00etara):
848 420 120