Gazteei zuzendutako alokairu-laguntzak: Emanzipa (Nafarroa)
2022/05/17
28/2018 Foru Legea, abenduaren 26koa, Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa arautzen duena.
44/2022 Dekretua, urtarrilaren 18koa, Alokairurako Gazte Bonua arautzen duena
⇒ Nafarroako Gobernurako hainbat lotura gazteleraz dira, arrazoi birengatik: edo euskarazko bertsiorik ez dagoelako edo euskarazko bertsioa oraindik ez delako eguneratu
Seguruenik bere momentuan entzun zenuten Madrilgo Gobernuak atera behar zuen gazteentzako alokairu bonuaz. Bada, laguntza hau 42/2022 Dekretuan argitaratu zen urtarrilean.
Lege estatala izan arren eta funtsak Madriletik ipini arren, kudeaketa erkidego autonomikoei dagokie. Honela, apirilaren 28an jakin genuen Garraio, Mugikortasun eta Agenda Urbanorako Ministerioak erkidegoei jakinarazpena bidali ziela funtsen banaketaren inguruan. Hortaz, momentu hartatik posible zen diru-laguntza jasotzeko eskaerak egitea. Seguruenik, hau guztia komunikabideetan entzun edo irakurri duzue.
Edozelan, laguntza hau ez da Hego Euskal Herrian martxan jarriko, lehenagotik halakoak bazeudelako indarrean gurean, bai Nafarroan, bai EAEn. Gainera, Estatuko legeak esplizituki adierazten duen bezala…
“El Bono Alquiler Joven es de aplicación a todas las comunidades autónomas y las ciudades de Ceuta y Melilla, con excepción del País Vasco y Navarra” (2. artikulua)
Nafarroan Emanzipa eta EAEn Gaztelagun programak dauzkagu martxan eta horiexek izango dira hemendik aurrera ere Hego Euskal Herrian indarrean jarraituko dutenak, bakoitza bere betebehar, arau eta baldintzekin.
Artikulu honetan, Nafarroako Emanzipa programa aletuko dizuegu:
Emanzipa programa (Nafarroa)
Alokairua ordaintzeko diru-laguntza da. 23 eta 30 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta (hau da, 31 urte bete baino lehenago, geroxeago azalduko dugunez). Merkatu askeko etxebizitzen alokairua ordaintzeko balio du; izan ere, babes ofizialeko etxeen alokairurako diru-laguntzak beste ORRIALDE HONETAN azaldurik dauzkazu.
Zenbat jasotzen da?
Berez, kenkari fiskala da, baina, praktikan errentaren portzentaje bat ordainduko digute diru-laguntza moduan. Gehienez, alokairuaren %50 jaso dezakegu. Hala ere, badago beste mugapen bat: hilean, gehienez, 250 euro jaso genitzake.
Jasotzaileak
• Norbanakoek edo familia unitateek jaso dezakete.
• Familia unitatea: Izan kontuan kasu honetan baldintzak zuk ez ezik zure bikotekideak ere bete behar dituela eta gehienezko errenta kalkulatzeko bion diru-sarrerak hartuko dituztela kontuan.
• Etxea eta, hortaz, alokairua ere konpartitzen baduzu, edozelan eska zenezake. Hau da, ez da beharrezkoa etxea zeure kabuz alokatzea, bazik eta, beste lagun batekin egiten baduzu ere, eskubidea izango zenuke prestazioa eskatzeko. Kasu honetan ez da beharrezkoa etxean bizi zareten lagun guztiok baldintzak betetzea. Baliteke beste lagunek ez betetzea edo laguntza eskatzeko premiarik ez izatea; hala ere, zuk eska zenezake.
⇒ Esan bezala, gazteei bideratutako diru-laguntza da. Hala ere, 2020., 2021. eta 2022. urteetan, izurritea dela eta, langabezian gelditu diren lagunei ere eskatzeko aukera zabaldu zaie. Kasu honetan ere baldintza guztiak bete behar dira, adina izan ezik.
Bete beharreko baldintzak
— 23 eta 30 urte bitartekoa izan behar zara. Ezingo zenuke eskatu urte natural horretan 31 urte betetzen badituzu, nahiz eta, eskaera egiten duzun momentuan, oraindik 30 izan.
— Nafarroan erroldatuta egon behar zara eta alokatuta zauden etxea zure ohiko bizileku iraunkorra izan behar da.
— Ezin duzu etxebizitza bat jabetzan eduki eta ezin izan duzu etxebizitza bat saldu izan azken bost urteetan. Hala ere, badira zenbait salbuespen. Kasu honetan bazaude, informa zaitez aldez aurretik. Emanzipa programaren kontaktu datuak artikulu amaieran aurkituko dituzu.
— Etxeko jabearekin ezin duzu familia harremanik izan. Zehazkiago, ezin duzu 2. gradura arteko odolkidetasun edo ahaidetasun harremanik izan etxeko jabearekin.
— Aurrezkien atalean ezin izan duzu 5.000€ baino gehiago aitortu (errenta aitorpenean).
— Ezin duzu 90.000€ baino gehiagoko ondasunik edo finantza aktiborik izan.
— Alokairua banku transferentziaz egin beharko duzu. Gogoratu hilabeteroko egiaztagiriak telematikoki aurkeztu beharko dizkiozula administrazioari.
— Gehienezko eta gutxienezko diru-sarrerak:
- Gutxieneko diru-sarrerak: 3.000€
- Gehienezko diru-sarrerak, norbanako batek eskatuz gero: 20.000€
- Gehienezko diru-sarrerak, familia unitate batek eskatuz gero: 30.000€
Gogoratu familia unitate moduan eskatzen baduzue, denen diru-sarrerak hartuko direla kontuan eta, honetaz gain, baldintzak denok bete behar dituzuela (adina, ondasunak eta abar).
Alokairuaren prezioa
Gehienezko diru-sarrerak eskatzen diren bezala, alokatu nahi duzun etxeak ere gehienezko prezio bat izan behar du diru-laguntza jaso ahal izateko: 675 euro gehienez. Muga hau duela gutxi altxatu da; momentura arte 650 euro ziren eta.
EAEn, esaterako, zonaldearen arabera, muga altuagoak onartzen dira. Nafarroan, ordea, lurralde osorako muga berbera dago ezarrita, nahiz eta zonalde batzuk askoz tentsionatuago egon beste batzuk baino.
Bateraezintasunak
Alokairua ordaintzeko beste edozein diru-laguntza jasotzen baduzu (David programakoa, larrialdi sozialeko laguntzak) edo babes ofizialeko etxebizitza batean bizi bazara eta subentzioren bat jasotzen ari bazara, ezingo zenuke Emanzipa eskatu.
Etxe konpartituan bizi bazara
Lehen aipatu dugunez, etxea eta, hortaz, alokairua ere konpartitzen baduzu beste lagun batzuekin, diru-laguntza hau eska dezakezu.
Edozelan, baliteke denek behar ez izatea edo denek baldintza guztiak ez betetzea (esaterako, zuotako baten batek 30 urte baino gehiago dituelako). Hala ere, eska zenezake. Hori bai, laguntzaren kopurua jaitsiko litzateke, etxean bizi diren kide guztiak kontuan hartuko direlako.
Hau da, demagun lau lagunek konpartitzen duzuela etxea eta hiruk eskatuko duzuela laguntza. Jaso daitekeen gehienezko kopurua 250 euro direnez, ondoko operazioa egingo dute:
250€ zati etxean bizi diren 4 lagunak = 62,50€
62,5€ bider diru-laguntza eskatu diren 3 lagunak = 187,50€
Hortaz, zuen kasuan jasoko zenukeen gehienezko kopurua 187,50€ izango lirateke orotara; 62,50€ eskatu duzuen bakoitzarentzat. Hau da, eskaera egin ez duen laugarren pertsona, hala ere, kontuan hartuko dute prestazioa jaisteko.
Zelan eskatu?
Ezin da aurrez aurre bulegoetan eskatu. Bide baliagarri bakarra online da.
Hiru aukera daude honetarako:
- NAN elektronikoarekin
- Ziurtagiri digitalarekin
- Cl@ve sistemaren bitartez.
Cl@ve sistemak zelan funtzionatzen duen eta zelan eskura dezakezun jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikulu honi:
Eskaera egiten duzunean, hainbat datu eman beharko dituzu, baina ez duzu zertan aparteko dokumentaziorik atxiki behar. Datu hauen artean honako hauek daude:
- Alokatutako etxearen helbidea eta logela kopurua
- Alokatu dizun pertsonaren datuak: izen-abizenak eta NAN zenbakia
- Kontratuaren hasiera data
- Ordaintzen duzun errentaren zenbatekoa
- Kontu korronte zenbakiak: zurea eta etxea alokatzen dizun pertsonarena
⇒ ADI! Eskaera familia unitate moduan egiten baduzu: eskaera egiten duzunean, bikotekidearen datuak eskatuko dizkizute. Baina, hau ez da nahikoa; honetaz gain, BEHARREZKOA DA BIOK ESKAERA EGITEA. Hau da, Emanzipa programan eskaerak beti egiten dira modu indibidualean (gogoratu kenkari fiskaltzat ezaugarrituta dagoela). Horregatik, bikotea bazarete eta biok baldintzak betetzen badituzue, eskaera bi egin beharko dituzue, nork berea.
Etxe konpartitu batean bizi bazara, ez dituzu beste kideen daturik sartu beharko.
Izan kontuan diru-laguntza bat baino ez dela ematen etxebizitza bakoitzeko, nahiz eta eskatzaile bat baino gehiago izan. Hortaz, adibidez, lagun bik eskatzen baduzue eta bioi ematen badizuete, kopurua ez da sekula 250 euro baino gehiago izango orotara. Hau da, kasu honetan bakoitzari 125 euro egokituko litzaizueke eta ez 250na.
Eskaeraren inguruko zenbait gidalerro eta pantaila-irudi kontsulta nahi badituzu, DOKUMENTU HONETAN egin dezakezu.
Eskaera ORRIALDE HONETATIK egin beharko duzu.
Ikusiko duzunez, sarbide posible bi daude: ziurtagiri digital edo NAN elektronikoarekin eta Cl@ve sistemarekin. Cl@ve bitartez egiten baduzu, beste aukera bi zabalduko zaizkizu: cl@ve + PIN edo cl@ve iraunkorra. Gogoratu hau guztia ondo zehazturik daukazula beste artikulu honetan: Zelan egin izapideak internetez? cl@ve sistema.
Eta, azkenik, ez ahaztu alokairua ordaindu izanaren egiaztagiriak telematikoki aurkeztu beharko dituzula derrigorrez diru-laguntza jaso ahal izateko. HEMEN daukazu azalduta zelan egin behar duzun.
Gainera, Emanzipa urtebeterako baino ez da ematen; gerora, ez dizute automatikoki berriztuko eta, hortaz, urterik urte berriztatzeko eskatu beharko duzu.
Informazio gehiagorako:
Zure kontsultak posta elektroniko honetara bidali ahal dituzu:
emanzipa@navarra.es
Informazio telefonoa (8:30etatik 14:00etara):
848 420 120