Egiaztagiriaren eskaera
Egiaztagiri hau eskatzea ez da derrigorra, baina kontuan hartu behar da, lehen esan dugunez, hainbat prestaziotarako beharrezkoa izango zaizula.
Urte biko epea dago egiaztagiria eskatzeko; hala ere, gomendagarria da ahalik eta arinen ateratzea.
Non tramitatzen da?
Gobernuaren Ordezkaritzan edo Ordezkariordetzan, Lan eta Immigrazio Sailean. Hemen dauzkazue helbideak:
- ARABA: Olagibel kalea, 1. Gasteiz.
Tf. 945 75 94 30 - BIZKAIA: Diego López de Haro Kale Nagusia, 50.
Tf. 94 450 94 48 - GIPUZKOA: Pio XII Plaza, 6.
Tf. 943 989 000. - NAFARROA: Gipuzkoa Zeharkalea, 50
Tf.: 948 979 000
Dokumentazioa:
— Eskaera orria. Bulegoan bertan emango dizute. Dokumentuan azaltzen diren aukeren artean “Certificado de emigrante retornado” markatu eta zure datu pertsonalak sartu beharko dituzu.
— NAN edo pasaportea
— Estatura itzuli baino lehenago espainiar nazionalitatea bazeneukala egiaztatu behar da. Honetarako, nahikoa izango da indarrean dagoen NAN edo pasaportea. Bestela, Matrikula Kontsularraren Erregistroan izena emanda egotearen egiaztagiria eta, beharrezkoa balitz, jaiotze-agiri literala.
— Estatutik irten zineneko data. Hau pasaportearekin egiaztatu ohi da, baina horren berri ematen duten bestelako dokumentuak ere baliagarriak izan daitezke.
— Estatura itzuli zareneko data. Normalean, pasaportearekin eta hegalaldi txartelarekin egiaztatzen da hau. Matrikula Kontsularraren Erregistroan baja eman izana ez da baliagarria, itzuleraren data ez baitu ziurtatzen.
— Beste herrialde horretan egindako lana. Egindako lan hori ere egiaztatu beharko duzu, ze lan izan den eta zenbat denbora iraun zuen. Dokumentu originalak aurkeztu behar dira edo, horren ezean, konpultsatutako fotokopiak.
Inoren kontura lan egin baduzu: lan kontratuak, nominak, Gizarte Segurantzaren kotizazioak, enpresaren egiaztagiria, kaleratze karta edo kontratu amaiera egiaztatzen duen dokumentua…
Zeure kontura aritu bazara: lan egindako denbora eta jardueraren berri ematen duten dokumentuak, Gizarte Segurantzaren afiliazio eta kotizazio egiaztagiriak, zergak ordaindu izanaren egiaztagiriak…
— Migratu zinen herrialdean langabezia-prestaziorik jasotzeko eskubiderik ez daukazula egiaztatu behar da. Hau erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez egin behar da. Adierazpen horretaz adierazi behar duzu Estatura itzuli zarenetik ez duzula beste herrialdeko langabezia prestaziorik edo subsidiorik jaso.