Etxeko langileen gutxieneko eskubideak ezartzen dituen 189 Hitzarmenak berriro egin du salto komunikabide guztietara. Ministeriotik esaten digute baietz, orain egin egingo dutela, hitzarmena berretsi egingo dela. Eta zenbaitek jadanik ematen dute egintzat etxeko langileak langabezia prestazioa jasotzen hasiko direla laster batean.

Artikulu honetan, besteak beste, zera argitzen ahalegindu gara:

  • zertan datzan Hitzarmen hau
  • Estatuak zeintzuk puntu ez dituen betetzen
  • ze momentutan dagoen afera (Gorteetako Mahaiak apirilaren 22an, azkenik, erabaki zuen tramitatzea),
  • zer ekar dezakeen Hitzarmenaren berrespenak (ala ez)
  • langabezia prestazioa ez dela aldarrikapen bakarra eta bide luzea dagoela oraindik etxeko langileen egoera gainontzeko langileen egoerarekin parekatzeko.

👉🏼 IRAKURRI GEHIAGO

Zer da Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189 hitzarmena? (etxeko langileak)

2022/04/20

Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. Hitzarmena
Lanaren Nazioarteko Erakundearen 201. Gomendioa
Europako Auzitegi Nagusiaren 2022ko otsailaren 24ko ebazpena

 

Etxeko langileen gutxieneko eskubideak ezartzen dituen 189 Hitzarmenak berriro egin du salto komunikabide guztietara. Ministeriotik esaten digute baietz, orain egin egingo dutela, hitzarmena berretsi egingo dela. Eta zenbaitek jadanik ematen dute egintzat etxeko langileak langabezia prestazioa jasotzen hasiko direla laster batean.

Izan ere, pare bat mugimendu egon dira azken sasoian: alde batetik, EHBilduk berriro eraman du Kongresura legez besteko proposamen bat 189 Hitzarmena eta berau osatzen duen 201 Gomendioa berrets daitezen; hala ere, aurretiaz ere egin izan da, emaitzarik gabe. Beste alde batetik, Espainiako Estatuak berriro jaso du zaplazteko bat Europako Auzitegi Nagusiaren aldetik, etxeko langileek langabeziagatik kotizatzeko eta, hortaz, prestazioa jasotzeko, eskubidea daukatela ebatzi baitu. Badirudi honek gobernua mugiarazi eta legedian aldaketaren bat ekarriko duela.

Aspaldi sinatu zen Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189 Hitzarmena, baina Espainiar Estatuak oraindik ez du berretsi. Artikulu honetan kontatuko dizuegu zertan datzan Hitzarmen hau eta zer ekar dezakeen (ala ez).

 

Zer dira Lanaren Nazioarteko Erakundearen hitzarmenak?

Lanaren Nazioarteko Erakundea Nazio Batuen agentzietako bat da. Lanaren inguruko gutxieneko arauak ematen ditu, Estatuek onar ditzaten eta euren legedi propiora egoki ditzaten.

Arau hauek era bitakoak izan daitezke:

  • Hitzarmenak
  • Gomendioak

Gomendioak, izenak berak adierazten duenez, ez dira lotesleak, hau da, ez dira derrigor bete beharrekoak, baina gidalerroak ematen dituzte hitzarmenetan islatzen diren eskubideak nork bere legedira eraman ahal izateko. Hitzarmenak, ordea, bai, lotesleak dira. Hau da, Estatu batek hitzarmenen bat berresten duenean, honek esan nahi du bere legedi propioa egokitu behar duela hitzarmenak agintzen duen hori praktikan bete dadin.

189. Hitzarmenak etxeko langileen gutxieneko eskubideak biltzen ditu. Helburu oso argia dauka: etxeko langileek gainontzeko langileen eskubide eta baldintza berberak izan ditzatela eta, honela, etxeko lana duindu dadila. Hitzarmen hau 201. Gomendioak lagunduta dator.

 

Zer dakar espresuki hitzarmen honek?

Zerrendatzen dituen eskubideen artean, honako hauek izan daitezke, seguruenik, nabarmenenak:

  • Askatasun sindikalaren eta negoziazio kolektiborako eskubidearen benetako aitorpena (3. artikulua). Etxeko langileek negoziazio kolektiborako eskubidearen ukoaren adibiderik argiena da hitzarmen kolektiboen falta. Izan ere, hitzarmen kolektiborik ez daukan sektore bakarra da hau eta negoziazioak oraindik orain modu indibidualean egiten dira enplegatzailearekin eta, hortaz, askotan, legeak markatzen duenaren azpitik (“hauxe da dagoena eta ez baduzu nahi, badakizu”).
  • Gizarte Segurantzaren babesa gainontzeko langileek jasotzen dutenarekin pareka dadila (14. artikulua). Gogora dezagun etxeko langileek ez daukatela, besteak beste, langabezia prestazioa jasotzeko eskubiderik, ezta Fogasara joaterik enplegatzaileak ordaintzen ez baldin badio, kaudimenik ez duelakoan.
  • Lan arriskuak eta lan osasuna (13. artikulua). Etxeko langileek lan inguru seguru eta osasungarria izateko eskubidea daukate. Hau Estatuko legedian ere jasotzen da, baina, hala ere, ez da errespetatzen, segurtasun eta osasun neurriak hartzea enplegatzailearen esku uzten baita, inolako kontrolik gabe. Gogora dezagun, etxeko langileei ez zaiela aplikatzen lan arriskuak prebenitzeko legea. Hitzarmenak, hortaz, dei berezia egiten du Estatuek eskubide hau errespetatua izateko neurri eraginkorrak har ditzaten.
  • Atsedenaldiak (10. artikulua). Atsedenaldiei dagokiena lan legedian jasota badago ere (gutxienez, 12 orduko atsedenaldia jardunalditik jardunaldira eta asteko atsedenaldia 36 ordukoa), puntu gehienekin gertatu bezala, hau askotan ez da betetzen (areago, barneko langileen kasuan).
  • Lan agentzia pribatuak (15. artikulua). Hainbat neurri proposatzen ditu lan agentzia pribatuen abusuak ekiditeko.
  • Lan Ikuskaritza (17. artikulua). Estatuek neurri bereziak ezarri behar dituzte Lan Ikuskaritzari dagokionez eta, honen barnean, zehaztu beharko dute ze baldintzetan sartu ahal izango diren ikuskatzaileak etxeetara euren kontrol lana egin ahal izateko.. Ikusi dugunez, gure eskubideak babesten dituzten legeak edukitzea bezain garrantzitsua da lege horiek betearazteko bitartekoak ere izatea; bestela, legea ez bada betearazten, lege horrek paper bustia baino gehiagorik ez du balioko. Eta horixe da, hain zuzen, etxeko lanaren sektorean sarri baino sarriago gertatzen dena.

Laburbilduz, 189 Hitzarmenak dakartzan eskubide gehienak Espainiako legedian jasota daude, nahiz eta hobetu daitezkeen eta, kontrol faltagatik eta utzikeriagatik, gehiegitan betearazten ez diren. Hala ere, badira Espainiako legediak jasotzen ez dituen hiru puntu nagusi: negoziazio kolektiborako eskubidea, Gizarte Segurantzaren babesa eta lan arriskuen prebentzioa (eta, barkatu digresioa, baina lan arriskuak aipatu ditugun honetan, ezin arrisku psikosozialak hizpidera ekarri gabe utzi: gehiegitan ahaztuak, baina honelako ezaugarriak dituen lan batean ezinbestean kontuan hartu beharrekoak).

189. Hitzarmenak puntuz puntu zer dakarren kontsultatu nahi baduzu, ORRIALDE HONETATIK egin dezakezu. Gazteleraz gain, beste hizkuntza hauetan ere eskura dezakezu: ingelesez, frantsesez, arabieraz, alemaneraz, errusieraz eta txineraz.

Eta hemen daukazue 201 Gomendioa: gazteleraz, ingelesez, frantsesez, arabieraz, alemaneraz, errusieraz, txineraz.

Espainiar Estatuak berretsi ez badu ere, Hitzarmenaren promulgazioak berak hainbat aldaketa ekarri zituen bere momentuan. Izan ere, 189. Hitzarmena onartu zen urtean bertan, 2011n, alegia, arau berri bi etorri ziren etxeko langileen egoera aldatzera: 1620/2011 Dekretua, etxeko zerbitzua lan harreman berezitzat arautzen duena, eta 27/2011 Legea, Gizarte Segurantzaren sistema berritu, egokitu eta eguneratzen duena. Azken lege honen bitartez, etxeko langileen erregimen berezia erregimen orokorrean txertatu zen, nahiz eta guztiz ez egin.

Beraz, baliorik ez diogu kenduko Hitzarmen hau aurrera ateratzeko mundu zabaleko hainbat eragile sozial eta sindikalek egindako lanari, jakina, baina, ikusten dugunez, berrespenak berrespen, langile hauen guztien egoera hobetzeko eta gainontzeko langileekin parekatzeko, inportanteena da borondate politikoa izatea.

 

Zer ekarriko luke? Ze ibilbide egin behar du? Ezer bermatzen du hitzarmen hau berresteak?

Esan bezala, Lanaren Nazioarteko Erakundeak 2011. urtean eman zuen hitzarmen hau. Honezkero hainbat herrialdek berretsi dute; hauen artean, Alemaniak, Portugalek, Belgikak, Finlandiak edota Italiak. Espainiako Estatuan, momentuz, asmo onak eta konpromisoak baino ez ditugu entzun, gobernuak aspalditik egitekoen zerrendan daukala, alegia.

Denarekin ere, badirudi berrespenerako bidean hasi dela azkenik. Izan ere, apirilaren 5ean Ministro Kontseiluak adostu zuen testua Diputatuen Kongresura eta Senatura bidaliko zela. Eta apirilaren 8an bertan PSOEk Kongresuan legez besteko enegarren proposamena aurkeztu zuen. Hala ere, honek ez du gauza handirik esan nahi. Gai hau eta 189. Hitzarmena behin baino gehiagotan jorratu izan dira Kongresuan. Lehenbiziko aldiz, 2012an izan zen (Izquierda Plural izeneko taldeak aurkeztua); urtebete beranduago talde berberak eraman zuen berriro; 2018an, (kasu honetan PSOEk eramana), 2017an Unidas Podemosek Senatura eraman zuen. Azken-aurreko saiakera EHBilduren eskutik etorri zen, legez besteko beste proposamen baten bitartez, 2021eko maiatzean. Orain, Europako Auzitegiak behartuta, Gorteetako mahaiak azkenik erabaki du PSOEren proposamena tramitatuko duela eta Hitzarmena berreste bidean jarriko duela (Diputatuen Kongresuaren Buletina, apirilaren 22an).

Aipatutako momentu hauetan baino askoz gehiagotan jorratu da gai hau Gorteetan. Ideia bat egiteko ekarri ditugu adibide moduan; Kongresura eta Senatura eramango dela berriro entzuteak ez duelako, bere horretan, segurtasun minimorik ere ematen; gainera, orain ikusi beharko da zer gertatzen den emendakinekin eta bozketarekin. Bestetik, jadanik esan dugunez, berrespenak ez luke ezer ekarriko automatikoki, edozein aldaketa egin ahal izateko, lege estatalak moldatu behar direlako eta horrek bere prozedura ekarri beharko luke.

Hala ere, beste gertaera garrantzitsuago batek ere ekarri du gaia berriro lehen planora. Europako Auzitegi Nagusiak 2022ko otsailean ebatzi zuen Espainiako Estatuak etxeko langileak diskriminatzen dituela, langabezia eskubidea ukaturik (LOTURA honetan kontsulta ditzakezu Vigoko Epaitegiak altxatutako galdera eta Auzitegiaren ebazpena). Horren ostean, Estatuan bertan hainbat auzitegi hasi dira ebazpen hau aplikatzen eta, jakina, honek guztiak eraman du Estatua baieztatzera etxeko langileen langabeziaren inguruko afera aurten konponduko dutela.

Eta idazten dizuen honi, behintzat, susmo txarra ematen dio honek guztiak: langabezia prestazioa eta subsidioak agian egokitu bai -Europako Auzitegiak horretara behartuta-, baina ez ote diren beste aldarrikapenak eta Hitzarmenaren beste puntuak ahanzturaren tiraderan amaituko.

 

Langabezia prestazioa ez da aldarrikapen bakarra

Komunikabideetan – eta Ministeriotik bertatik ere – etengabe aipatzen da 189. Hitzarmenaren berrespenak langabezia prestazioa jasotzeko eskubidea ekarriko diela etxeko langileei. Eta baliteke hala izatea eta gobernuak aprobetxatzea hitzarmenaren berrespena aspaldiko aldarrikapen honi bide emateko (domina bi kolpe bakar batez). Gogora dezagun 1620/2011 Dekretuak agindua eman zuela batzorde berezi batek gaia azter zezan. Bada, 2012ko abenduan Batzordea osatzeko epea amaitu zen eta, urtebete beranduago, Gobernuak erabaki bat hartzeko zeukan epea ere iraungi zen. Ezer egin barik.

Ez da gauerdiko ahuntzaren eztula neurri hau, diskriminazio onartezin honek etxeko langileak babesgabezia egoera askoz larriagoan utzi eta lan onartezinak onartzera behartzen baititu. Baina hori ez da gainontzeko langileekiko bereizkeria edo diskriminazio bakarra. Jadanik aipatu dugunez, hainbat gai ere konpontze bidean jarri behar dira: negoziazio kolektiborako eskubidea, langileen osasun eta segurtasun eskubideak benetan babestea, enplegatzaileek legea betetzen dutela kontrolatzea, Fogasara jotzeko eskubidea eta, oraindik aipatu ez badugu ere, “desistimiento” bezalako figurekin (kaleratze askearekin, alegia) behingoz amaitzea.

Eta, jakina, ezin dugu ahaztu sektore honetan atzerritarren legeak daukan eragin maltzurra: hiru urtez ezkutuko ekonomian lan egitera behartzen ditu langile hauetako asko, erresidentzia baimena lortu ahal izateko. Egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak prekarietate eta esplotazio egoerak onartzera behartuta ikusten dute euren burua, biziraun nahi badute. Eta hori Estatuak ere badaki eta nahita erabiltzen du. Atzerritarren legeari pertsonak esku-lan merketzat erabiltzeko hatsa dario eta Estatuak erakutsi du zaintzen krisiari ekiteko daukan eskaintza bakarra dela beste emakume batzuk erabiltzea -kasu honetan, gainera, gehienak migratuak- zaintzen katea betikotzeko.