2024ko otsailaren 20tik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteek 300 euroko diru-laguntza berri hau eska dezakete, bai alokairuan bizi badira, baita etxe bat erosi badute ere.

Zalantza barik, diru-laguntza hau jasoko duten gazteei ez zaie txarto etorriko, baina hau ez da gazteek, eta denok, oro har, etxebizitzarekin dauzkagun arazoen konponbidea, inondik inora. Gazteen emantzipaziorako gakoak errazak dira: lan baldintza duinak, behar bezalako soldatekin, eta etxebizitza politika eraginkorra. Urte bitarako subentzioa txaplata hutsa da, enpleguaren prekarietateak eta ezegonkortasunak beren horretan badiraute, gazteen batezbesteko soldata gero eta baxuagoa bada (Eusko Jaurlaritzak berak emandako datuen arabera, 2023an 100€ baxuagoa izan zen 2010ean baino) eta etxebizitza, espekulaziora eta turismora bideratutako ondasun bihurturik, ez bada eskubide moduan bermatzen.

Denarekin ere, badakizue, diru-laguntzaren inguruan jakin beharreko guztia ere azaldu dizuegu, betiko moduan: bete beharreko baldintzak, dokumentazioa, bateraezintasunak eta bateragarritasunak, eskaera egiteko moduak…