Etxeko langileak, momentura arte, beste langile guztioi onartzen zaizkigun lan osasun eta segurtasun eskubideetatik aparte zeuden.
2024ko irailean 893/2024 Dekretua argitaratu zen. Honekin diskriminazio honi bukaera eman nahi omen zaio. Hala ere, artikuluan azaltzen dugunez, ikusi beharko da zelan amaitzen den arautzen eta zeintzuk diren benetako emaitzak. Alde batetik, hainbat kontu martxan jartzeko oraindik erregulazio eta tresna zehatzak falta direlako eta, bestetik, hainbat korapilo askatu behar direlako, hala nola Atzerritarren Legea. Lege hau aldatzen ez den bitartean, hainbat eta hainbat lagunek babesgabetasun betean jarraituko dute, egoera irregularrean. Eta ondo dakigunez, horixe da abusu, gehiegikeria eta indarkeriarako bide zabal askea.
Artikuluan Dekretuak dakarrena topatuko duzue. Besteak beste, prebentzio jarduerari dagokion guztia, arriskuen ebaluaketa, babes ekipamenduak…
Eta puntu ondo interesgarriak ere badira, hala nola,
- arrisku larri eta berehalako baten aurrean, jarduera eteteko aukera, baita etxea uztekoa ere.
- egin beharreko azterketa medikoak
- haurdunaldian eta edoskitzaroan, etxeko langileek ere izan behar dituzten eskubideak.
Sektore honetan pairatzen diren arriskuei ere eman nahi izan diegu errepasotxo bat. Ikusiko duzuenez, ezin dira gutxietsi, ez direlako gutxi, ezta makalak ere.