PFEZ, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, bere izendapenak ondo adierazten duenez, pertsonen errenta zergapetzen du, hau da, urtebetean izan ditugun diru-sarrerak.
Errenta honek aurrezkia eta zenbait ondare higigarri eta higiezin barne hartzen baditu ere, batez ere lanaren errendimenduak zergapetzen ditu, izan soldata, izan pentsioa.
Eskala baten arabera tributatzen da. Eskala horretan diru-sarrera handiagoak izan dutenek gehiago ordaindu beharko dute. Honetarako, diru-sarreren tarteak ezartzen dira, tarte bakoitzari karga-portzentaje –gero eta altuago- bat dagokio: lehen tarteari portzentaje zehatz bat dagokio, tarte horretatik aurrera, hau da, tarte hori gainditzen duen euro bakoitzari portzentaje altuago bat eta horrela tarterik altuenera arte.
Bestetik, PFEZren atxikipenak, zelanbait esateko, diru-sarrerak jaso heinean Ogasunari egiten dizkiogun aurrerakinak dira, errenta aitorpena egiten dugunean koadratu behar direnak. Honela, askotan behar baino atxikipen gehiago egin dizkigute eta errenta aitorpena egindakoan itzulketa egin behar digu Ogasunak; beste batzuetan atxikipen gutxiago izan ditugu eta aitorpena egindakoan falta duguna ordaindu behar dugu.
Gure artikuluan, besteak beste, taula hauek guztiak berrizturik dauzkazue: batetik, aplikatuko diren tarte eta tipoak eta, bestetik, hilabetez hilabete egingo diren atxikipenak.