Eskaera epea: maiatzaren 12tik 25era.
Aparteko laguntza honen inguruko informazioa jaso eta sarrera honetan ekarri dizuegu (eskaera, dokumentazioa, bete beharreko baldintzak…).
Eskaera epea: maiatzaren 12tik 25era.
Aparteko laguntza honen inguruko informazioa jaso eta sarrera honetan ekarri dizuegu (eskaera, dokumentazioa, bete beharreko baldintzak…).
2020/05/12
2020/05/26an eguneratua
Covid-19ak sorrarazitako krisialdi honek eta konfinamenduak ekarri duten geldialdiak euskal kulturan egoera larria sorrarazi du, programazio kultural guztiak bertan behera utzi baititu. Hau azken kolpea baino ez da izan, krisialdia baino lehenago, kulturgintza eta kulturgileak pairatzen duten prekarietateaz –batez ere sortzaileek pairatzen duten prekarietateaz- hausnartzen, ohartarazten eta aldarrikatzen ari baitziren.
Eta konfinamenduak askoz argiago utzi du kulturaren garrantzia eta eredua aldatzeko premia agerian utzi du. “Ikus gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara” lelopean, greba digitalerako deia zabaldu eta apirilaren 21 eta 22an itzalaldia gauzatu zen. Deialdi zuzena izan zen gogoeta eta eztabaida soziala eragiteko eta erakundeei premiazko neurriak exijitzeko.
Neurririk hartuko ez zuela erantzuna zien Jaurlaritzak ordura arte, baina grebak eta piztu zen eztabaida sozialak mugimendu bat egitera behartu zuten. Hala, Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailak diru-laguntza bereziak iragarri zituen. Hala ere, nabarmendu behar da diru-laguntza hauek ez zirela izan propio eta espreski hartutako neurri bat; aitzitik, aurrekontueta harrezkero Lanbidera bideratuta bazegoen diru-partida bati izena aldatu eta desbideratu baino ez zen egin, batere nahikoa ez zen kopuruarekin, bestalde.
Hau ez da izan aldrebeskeria bakarra, halere, geroaro ikusiko dugunez, diru-laguntzen banaketa sistema zozketa bidez izango dela ebatzi dute eta.
Diru laguntza hauen berri ematen duen Ebazpena maiatzaren 11n argitaratu zen EHAAn. Maiatzaren 22an argitaratutako ebazpenaren bitartez, aldaketa zenbait egin dira, hala nola, eskaera egiteko epea bost egunetan luzatu edota laguntza hauek norberaren kontura zein inoren kontura aritzen diren pentsonei bideratuta daudela argiagotu.
Kultura arloko profesionalak, euren kontura edo inoren kontura lan egitne dutenak, arte-emanaldi edo erakusketetarako lokaletan aritzen direnak, edo ikuskizun publiko edo ekitaldi kolektiboetan, baldin eta jarduera eten edo bertan behera geratu bazaie.
• Adin nagusikoa izatea
• EAEn erroldatuta egotea
• Jardueraren egoitza fiskala EAEn egotea
• Aipatutako azken baldintza bi hauek indarrean jarraitu behar dute alarma egoerak irauten duen bitartean eta lau hilabete gehiagoz (alarma egoera amaitzen denetik edo ikuskizun edo kultura ekitaldietara buelta baimentzen denetik).
• Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotea
• Bertan behera geratu den kultura arloko jarduera diru-iturri nagusia izatea (hala ulertuko da diru-sarreren %60, gutxienez, hortik baldin baletor).
• Egoera hauetako batean edo batzuetan egon behar zara:
— Egiten ari zinen lana bertan behera gelditu bazen alarma egoeragatik. Zeure kontura edo inoren kontura izan daiteke eta, hortaz, autonomoen erregimenean edo erregimen orokorrean egon zaitezke (erregimen orokorrean, artisten sistema berezian).
— Alarma egoera deklaratu osteko datarekin kontrataturik zeneukan lana bertan behera gelditu bada.
— 2019. urtean, gutxienez, hiru hilabetez edo 90 egunez altan egon izana autonomoen erregimenean edo erregimen orokorreko artisten sistema berezian.
• Momentura arte zerrendutatutako baldintzez gain, beste hauek ere bete beharko dituzu:
— Zerga eta Gizarte Segurantzaren ordainketetan egunean egotea
— Diru-laguntzarik itzuli behar izan baduzu, ordainketa guztiak egin izana
— Diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zehapenik jaso ez izana edo laguntzen onuraduna izateko aukera galdu ez izana (38/2003 Legearen 13. artikuluaren 2. puntua).
• Ondasun-erkidego edo sozietate zibilen bateko kidea bazara, horren egiaztagiria
• Jarduera 2019an edo aurretiaz hasi izanez gero, PFEZ aitorpenaren kopia. Ez badaukazu dokumentua, erantzunkizunpeko adierazpena (eskaera-orrian bertan dago).
• Jarduera artistikoagatik 2019an izan dituzun diru-sarrerak (Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean egon bazara); honetarako, kotizazioen erregularizazioen egiaztagiria beharko zenuke. Ez badaukazu, eskaera orrian dagoen erantzunkizunpeko adierazpena (eskaera-orrian bertan diru-sarrerak adierazita nahikoa izango litzateke).
• Alarman egoera deklaratu zenean lanean ari bazinen eta jarduera bertan behera gelditu bazen, lan horren berri ematen duen dokumentazioa (jardueraren iraupena agertu behar da, izan aldi baterakoa, izan mugagabea).
• Alarma egoera deklaratu zenean lan-jardueraren bat kontrataturik bazeneukan eta bertan behera gelditu bazen, kontratuen kopia (hainbat emanaldi baziren, hauen egutegia agertu behar da).
⇒ Administrazioak ordainketa egin ahal izateko, Hirugarrenen Erregistroan egon behar zara (Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoan). Ez bazaude alta emanda edo datuak aldatu nahi badituzu, LANBIDEREN WEBGUNETIK egin zenezake.
Ezin baduzu online egin, PDFa jaitsi zenezake eta, web formulariotik eskaera egiten duzunean, PDF hori atxikitu.
Hilabeteko zenbatekoa:
– Lan jarduera 2019an edo aurretiaz hasi izanez gero: 2019an, hilabetero batezbeste izandako diru-sarrera garbien %70. Gehienez, 1.200 euro.
– Lan jarduera 2020ko urtarrilaren 1etik martxoaren 13ra bitartean hasiz gero: 950 euro hilean.
Diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa honelaxe kalkulatuko da: oraintxe aipatutako hilabeteko kopurua bider laguntzaren iraupena. Iraupen hau 2020ko martxoaren 14tik hasi eta alarma egoera amaitu arte edo, bestela, ikuskizun edo kultura ekitaldien itzulera baimentzen den arte luzatuko da, 6 hilabeteko mugarekin.
Edozelan, laguntzaren kalkulurako denbora-epe hau ezin izango da luzeagoa izan…
– bertan behera gelditu diren kontratuen iraupena baino
– 2019. urtean altan egon zaren denbora baino
Ordainketa bakarra izango da.
Eskaera egoitza elektronikoan egin daiteke, Izenpe bitartez
Edo, ezinezkoa balitz bide horretatik egitea, lehen hirugarrenen altarekin esan dugun bezala, online formularioaren bitartezz egin beharko zenuke eskaera. Hortaz, eskaera-orria jaitsi, bete eta formularioa osatzen duzunean, atxikitu eskaera orria.
Eskaerak egiteko epea maiatzaren 12an hasi eta ekainaren 1ean amaituko da (eskaeretarako epealdia 10 lanegunetik 15 lanegunetara zabaldu da).
Informazio guztia eta tramitazioa LANBIDEREN ORRIALDE honetan daukazu.
Eskaerak ez dira heldu ahala aztertuko, ezta ebatziko ere; aitzitik, hurrenkera zozketa bidez ezarriko da. Hau da, zozketatuko da ze eskaeratatik hasiko den aztertzen eskaera horiek baldintzak betetzen ote dituzten ala ez. Eta aztertu ahala joango da baietzak ematen eta, hortaz, diru-partida banatzen.
Egia da Kultura Sailburuordeak azaldutakoa, diru-laguntza askoren prozedura antzekoa dela eta dirua agortu arte joaten dela partida banatzen, kanpoan hainbat eta hainbat utzita. Honen adibide daukagu, esaterako, larrialdi sozialerako laguntzak, besteak beste. Prestazioak eskubide moduan onarturik ez daudenean, zelanbait esateko, dohaintzatzat ematen dira: berdin da premia daukazun ala ez, heltzen denerako heltzen da eta, suertea badaukazu, ondo, bestela, hor konpon.
Zenbaitetan, lehenbiziz aurkezten direnak izaten dira lehenbiziz asetzen direnak. Baina denok ikusi genuen zer gertatu zen autonomoentzat atera ziren diru-laguntzekin. Eta halako lotsabakokerian berriro ez jausteko, beste sistema hau hobetsi omen dute (lotsabakokeria antzekoa baino ez dena). Esan barik doa arazoa ez dela diru-laguntzak banatzeko modua (aztertzeko eta banatzeko modu justuagoak araka daitezkeen arren); diru-laguntzak nahikoak balira, edozein modutan banatuta ere, premia daukan orok jaso lezake. Eta denok dakigu, era berean, arazoa ez dela diru falta, baizik eta denon diru publikoa nora bideratzen den. Eta adibideak soberan ditugu.
Bidali bizilan@lab.eus posta elektronikora ze gai nahi duzun jorratzea; guk webgunean txertatuko dugu eta horren berri emango dizugu.