Laburbildurik, 2020ko martxoan covid-agatiko bajak lan istriputzat aitortuak izan ziren (sektore guztietan), baina prestazioei begira besterik ez. Hau da, lan istripuekin asimilatu ziren ondorio ekonomikoetarako. Honek, beraz, baja arruntagatik baino prestazio altuagoa jasotzea ekarri zuen (%75 lehen egunetik); hala ere, edozelan, kutsapen hauek gaixotasun arruntzat hartuko ziren beste guztirako: baja arrunten tramitazio bera, Gizarte Segurantzak hartu zuen ordainketa bere gain…
Orduan azaldu genuenez, baja guztiak honela kudeatuz gero, kanpoan gelditzen dira benetan gertakizun edo kontingentzia profesionalengatik izan diren kutsapenak. Izan ere, ondorio guztietarako gertakizun profesionaltzat aitortuz gero, horrek babes handiagoa dakar ezintasun iraunkor edo heriotza kasuetan (ezintasun iraunkorretan, prestazio altuagoa eta, prestazioa jasotzeko, gutxieneko kotizazioen premiarik ez; eta, heriotz kasuetan, kalte-ordain espezifikoak).
Esan bezala, maiatzean koronabirus kutsapenak lan istriputzat ondorio guztietarako aitortuak izateko aukera zabaldu zen, baina osasun arloan (arlo sozio-sanitarioan barne) besterik ez. Inork ez du zalantzan jartzen eremu hau lehenbiziko lerroa denik, baina laneko kutsapenak ez dira arlo honetara mugatzen eta lanean gaixotzen bagara, hori behar den bezala aitortu eta islatu behar da. Puntu honetan esan beharra dago gobernu ezberdinak laneko kutsapenak ezkutatzeari ekin diotela batere lotsa barik, zenbait komunikabideren laguntzarekin, gainera. Gogora dezagun, esaterako, zelan eraman zuen azalera honako datu faltsu hau komunikabide ezagun batek: “Solo el 2% de los vascos contagiados por el virus se ha infectado en el centro de trabajo”
Eta hemen daukazue Ikerbasqueko ikertzailea eta UPV-EHUko irakaslea den Ugo Mayorrek zelan erakusten duen, gainbegiratu batez, twitterreko hari honetan, kutsapen guztien ia erdiak (!) jatorria lan inguruetan izan dezaketela (Euskadiko egoera bada ere, Nafarroakoa seguruenik ez dabil oso urrun).
Lan gaixotasuntzat joko dira hemendik aurrera
Lan istriputzat jotzea txaplata modukoa izan da hasieratik, lanak sorrarazitako gaixotasuna izan daitekeenez gero, eta halaxe aldarrikatu da hasieratik. Egia da lan istriputzat edo lan gaixotasuntzat jotzeak ez duela eragiten, oro har, jasotzen ditugun prestazioen zenbatekoetan, nahiz eta ezberdintasunak badauden, hurrengo atalean azalduko dugun bezala.
Honekin batera, garrantzizkoa da, era berean, lanak gaixotzen gaituenean hori behar den bezala islatuta eta aitortuta egotea. Esku hartzeko eta erantzukizunak zehazteko lehen pausoa da, batez ere kasu gehienetan babes nahikorik gabe lan egitera beharturik egon garenean.
Bada, 2021eko otsailaren 3an argitaratu den 3/2021 Dekretuak, 6. artikuluan, horixe ezartzera etorri da azkenik, hau da, covid-19 kutsapenak lan gaixotasuntzat jo behar direla.
Osasunaren Munduko Erakundeak nazioarteko pandemia aitortu zuenetik, harik eta osasun agintaritzek prebentzio neurri guztiak bertan behera utzi arte.
Osasun zentroetan zerbitzuak ematen dituzten langileen inguruan aritzen da dekretua, baina kutsapena zerbitzu sanitario edo soziosanitarioak eman bitartean izan behar izan dela zehazten du. Beraz, eremu hauetan zerbitzuak ematen dituzten langile asko uzten ditu kanpoan: garbitzaileak, administratiboak, mantentze lanak… Argi eta garbi, ez da zilegia eta hau idazten dizuen honentzat, behintzat, kutsu klasista ederra ere badario. Edozelan, aurreko atalean ikusi dugun moduan, lan istriputzat joko litzateke edozein kasutan.
— Lan arriskuen prebentzio zerbitzuek txostena eman beharko dute. Bertan adierazi beharko da covid-aren esposiziopean egon zarela osasun zerbitzuak ematen zenituen bitartean.
— Kutsapena pandemia fasean izanik eta prebentzio zerbitzuen txostenarekin, kutsapena lan egin bitartean gertatu dela suposatuko da.
— Prestazioak kudeatu eta emateko arduraduna gertakizun profesionalez arduratzen den erakundea izango da; hau da, lan zentroan kontrataturik dagoen mutualitatea.
Istripu edo gaixotasunaren arteko aldeak
Lehenengo eta behin esan behar da covid-19 gaixotasun berria izanda, oraindik ez dakigula zelako ondorioak izan ahal dituen. Momentuz hainbat lagunek covid iraunkorra deitu izan dena pairatzen ari dira, esaterako, eta ez dakigu hurrengo urteetan zelako garapena izango duen horrek guztiak.
Azken dekretu honek, azaldu dugunez, gaixotasun profesionaltzat aitortzen du, baina pandemia den bitartean besterik ez. Edozelan, covid-19ak etorkizunean gaixotasun moduan jarraituko du, pandemia fasea behin amaituta ere. Zer gertatuko da, orduan, osasun langileren bat kutsatuz gero? Izan ere, pandemia bitartean lan gaixotasuntzat aitortu arren, covid-19 ez da lan gaixotasunen katalogora sartu.
Bestetik, lehen aipatu dugun bezala, prestazioetan ez dago alderik, baldin eta aldi baterako ezintasuna sorrarazten badigu: lan istripuagatik zen lan gaixotasunagatik lehen egunetik oinarri erregulatzailearen %75 jasotzen da (baliteke gure hitzarmenak %100erako osagarria ere ekartzea). Baina aldea badago etorkizunera begira:
Lan gaixotasunagatiko estaldura bada, oraingo kutsapenetik eratorritako gaixotasunen bat garatuko baldin bagenu, hamar urte barru, esaterako, babesturik egongo ginateke. Hala ere, lan istripuagatik bada, estaldura kutsapenetik eta hurrengo bost urteetan baino ez da izango. Honela, aurreko dekretuan ere zehaztu zenez, heriotza ekarriko balu, adibidez, arrazoia lan istripua izan dela ulertuko da, kutsatu eta hurrengo bost urteetan zehar gertatzen bada. Lan gaixotasuntzat hartzen bada, ordea, estaldurak ez dauka denbora mugarik.