Ezintasun iraunkorra

Aldi baterako ezintasuna gaixotasun edo istripu baten ondorioetaz sendatu bitartean behar dugun denbora da. Aitzitik, gaixotasun edo istripu horrek lan egiteko gaitasuna murriztu digunean, ezintasun iraunkorraz hitz egin behar dugu.

Ezintasu iraunkorreko lau mota daude:

• Ezintasun iraunkor partziala
• Erabateko ezintasun iraunkorra
• Ezintasun iraunkor absolutua
• Baliezintasun handia

Ezintasun iraunkor partziala

Lan egin dezakegu (lehen egiten genuen lan berbera, alegia), baina jarduna burutzeko gure gaitasuna gutxienez %33 murriztu da. Kasu honetan kalte ordaina jasoko genuke eta lanean jarraituko genuke, nahiz eta zerbaiterako zailtasunak izan edo astiroago egin behar izan.

Esan bezala, baliteke ezintasun honek zure jardueran eragitea. Zure lanpostura itzuli beharko zinateke eta, zailtasunak handiak balira, enpresak antzekoa den beste lanpostu batera mugitu beharko zintuzke. Hala ere, lanpostu aproposik ez balego, enpresak aukera izango luke soldata %25 jaisteko. Edozein zalantzaren aurrean, jarri kontaktuan sindikatuarekin, enpresak ez dezala egoera aprobetxatu zure lan baldintzak kaskartzeko.

  • Zenbat kobratzen da?

Ordainketa bakarra da. Aldi baterako ezintasuna kalkulatzeko erabili den oinarri arautzailea bider 24; hau da, gaixotasun edo istripuagatiko baja kalkulatzeko oinarria bider 24.

  • Zelan eskatzen da?

Gizarte Segurantzaren Instituko (INSSeko) bulego batean eskatu behar duzu. Eskaera orriaz gain, identifikazio dokumentua eta, posible baliz, inspekzio medikoaren txostena.

Lan gaixotasun edo istripuagatik izan bada, honen berri ematen duen parte administratiboa beharko duzu eta, gainera, aurreko urteko soldaten egiaztagiria.

Etxeko langilea bazara eta zuk zeuk enpleatzailearen kotizazioak bideratzen badituzu, azken hiru hilabeteetan hauek ordaindu izanaren egiaztagiria beharko duzu, ezintasuna gaixotasun edo istripu arruntagatik izan bada.

Erabateko ezintasun iraunkorra

Ezintasun hau erabatekoa da zure ohiko lanbiderako, ez lan egiteko. Esan nahi baita, momentura arte zure jarduna izan den horretan ezin zara aritu, baina bai beste batzuetan. Lan egitea galarazten duten ezintasunak ezintasun absolutua eta baliaezintasun handia dira.

Erabateko ezintasun iraunkorra aitorturik badaukazu, %33ko ezintasuna ere aitortuta daukazu eta, hortaz, desgaitasuna duten pertsonentzako laguntzez zein enpleguen erretserba kuotaz ere profitatu ahal izango zara.

Ezer baino lehenago, jarri kontaktuan sindikatuarekin enpresan bertan lanean jarraitzeko aukerak aztertzeko eta kaleratzea ekiditeko.

  • Kotizazio betebeharrak

Lan istripu edo gaixotasunagatik izan bada, ez duzu gutxieneko kotizaziorik behar. Hala ere, gaixotasun edo istripu arrunta balitz, bai eskatzen dira gutxieneko batzuk:

– 31 urtetik beherakoa bazara: 16 urte bete zenituenetik momentura arteko denboraren heren bat (1/3) kotizatzen eman behar izan duzu.
– 31 urtetik gorakoa bazara: 20 urte bete zenituenetik momentura arteko denboraren laurden (¼) bat kotizatzen eman behar izan duzu. Gutxienez bosten bat (1/5) azken hamer urteetan zehar izan behar izan da eta gutxienez 5 urte kotizaturik izan behar dituzu.

  • Erabateko ezintasunagatiko prestazioa

Bizi osorako pentsioa da, hilabetero kobratzen dena. Nahiz eta ordainketa bakar batez ere eskatu daitekeen, geroxeago ikusiko dugunez.

Gaixotasun edo istripu arruntagatik izan bada, gutxienez oinarri arautzailearen %55 izaten da.

Lan gaixotasun edo istripuagatik izan denean, kopurua %30 edo %50 handitu liteke, enpresak lan osasun eta segurtasun arauak ez betetzeagatik suertatu bada. Gainkargu hau enpresak hartuko luke bere gain.

55 urtetik gorakoa bazara, pentsioaren kantitatea %20 handitu daiteke (erabateko ezintasun iraunkor kualifikatua), beste sektore batean edo beste funtzio batzuk betetzeko (prestakuntza falta dela eta) zailtasun handiagoak baitaude. PFEZari dagokionez, ezintasun iraunkor kualifikatuak ez du kenketarik.

Esan dugunez, ordainketa bakar batean eskatu liteke (adibidez, zeure kabuz lan egiten hasteko). Honetarako betebeharrak:

– Ezintasuna aitortu zaizunean 60 urte baino gutxiago izan behar dituzu
– Ezintasun egoera aldatuko ez dela aurreikusi behar da
– Negozio berri bati ekiteko edo autonomo moduan aritzeko proiektua aurkeztu behar duzu

Honela egiten baduzu, 60 urte betetzen dituzunean berriro jasoko duzu hilabeteroko pentsioa.

  • Zenbat kobratzen da?

2020rako gutxienekoak honako hauek dira:

• 65 urte badauzkazu:

– Bikotekidea zure kargupean badago:
11.807,60 euro urtean / 843,40 euro hilean
– Bikotekiderik ez badaukazu (pertsona bakarreko unitate familiarra):
9.569 euro urtean / 683,50 euro hilean
– Bikotekidea badaukazu, baina hau ez badago zure kargupean:
9.081,80 euro urtean / 648,70 euro hilean

• 60 eta 64 urte artekoa bazara:

– Bikotekidea zure kargupean badago:
11.069,80 euro urtean / 790,70 euro hilean
– Bikotekiderik ez badaukazu (pertsona bakarreko unitate familiarra):
8.953 euro urtean / 639,50 euro hilean
– Bikotekidea badaukazu, baina hau ez badago zure kargupean:
8.461,60 euro urtean / 604,40 euro hilean

• Gaixotasun arruntak eragin badu eta 60 urtetik beherakoa bazara:

– Bikotekidea zure kargupean badago:
7.054,60 euro urtean / 503,90 euro hilean
– Bikotekiderik ez badaukazu (pertsona bakarreko unitate familiarra):
7.054,60 euro urtean / 503,90 euro hilean
– Bikotekidea badaukazu, baina hau ez badago zure kargupean:
6.993 euro urtean /499,50 euro hilean

  • Zelan eskatzen da?

Gizarte Segurantzaren Instituko (INSSeko) bulego batean eskatu behar duzu. Eskaera orriaz gain, identifikazio dokumentua eta, posible baliz, inspekzio medikoaren txostena ere eraman.

Lan gaixotasun edo istripuagatik izan bada, honen berri ematen duen parte administratiboa beharko duzu eta, gainera, aurreko urteko soldaten egiaztagiria.

Etxeko langilea bazara eta zuk zeuk enpleatzailearen kotizazioak bideratzen badituzu, azken hiru hilabeteetan hauek ordaindu izanaren egiaztagiria beharko duzu, ezintasuna gaixotasun edo istripu arruntagatik izan bada.

  • Pentsioa jasotzen dudan bitartean, lan egin dezaket?

Bai, guztiz bateragarria da. Jakina, burutzen dituzun funtzioak ezin dira izan zure ezintasunak galarazten dituenak. Hau da, ezin zara jarduera berean aritu: garraiolaria bazinen edo pisuak altxatu behar bazenituen eta lan horretarako ezinduta bazaude, lan egin dezakezu, baina beti ere beste jarduera batean.

Salbuespen bakarra da lehentxoago ikusi dugun erabateko ezintasun iraunkor kualifikatua aitortu bazaizu (pentsioa %20 handiturik). Kasu honetan ezin izango duzu lanik egin.

Lanean hasiz gero, Gizarte Segurantzaren Insitutuari (INSSi) jakinarazi behar diozu. Zure ezintasuna lan gaixotasunak eragin badu, baimena ere eskatu beharko duzu.

  • Erabateko ezintasun iraunkorra eta langabezia

Ezintasuna dela eta, zure lana galtzen baduzu, lehenengoz langabezia kobratu ahal duzu eta, gerora, pentsioa. Baina kasu honetan ez dira bateragarriak.

Bestalde, pentsioa kobratzen duzun bitartean lan egiten baduzu eta, handik denbora batera, lanik gabe gelditzen bazara, langabezia prestazioa eta penstioa, biak batera, kobratu ahal izango dituzu.

Hau da, langabezia eta pentsioa bateragarriak izateko, langabezian gelditu baino lehenago pentsioa jasotzen eta lanean egon behar izan zara.

Bestalde, jubilatzeko adina heltzen zaizunean, aukeratu ahal duzu; hau da, erabateko ezintasuna kobratzen jarraitu edo jubilazioa eskatu. Ez da automatikoa: jubilazioa eskatu egin behar duzu; ez baduzu egiten, ezintasun prestazioa kobratzen jarraituko zenuke. Onena da, jubilatzeko sasoia heltzen denean, kontsultatzea ea zer datorkizun hobeto. Kontuan izan behar duzu erabateko ezintasun kualifikatua aitorturik badaukazu, honek ez daukala PFEZ erretentziorik.

Ezintasun iraunkor absolutua

Ezintasun iraunkor absolutuaz ezin duzu ezein lan jarduerarik burutu, hau da, lan egiteko gaitasuna galtzen da, jarduera edozein dela ere.

Gizarte Segurantzako Institutuak (INSSek) aitortu behar du, ezintasuna baloratzen dituen taldearen bitartez. Berdin da ezintasuna gaixotasun edo istripu arruntaz zein lanekoaz izan den, hala ere, gaixotasun edo istripu arruntaz izan bada, zenbait baldintza bete behar dira:

– 31 urtetik beherakoa bazara: 16 urte bete zenituenetik momentura arteko denboraren heren bat (1/3) kotizatzen eman behar izan duzu.
– 31 urtetik gorakoa bazara: 20 urte bete zenituenetik momentura arteko denboraren laurden (¼) bat kotizatzen eman behar izan duzu. Gutxienez bosten bat (1/5) azken hamar urteetan zehar izan behar izan da eta gutxienez 5 urte kotizaturik izan behar dituzu.

Jardunaldi partzialaz lan egiten baduzu, lan egindako egunei partzialitate koefizientea aplikatu behar zaie. Hau da, lan egindako eguna ez da kotizatutako eguntzat hartuko. Kasu honetan bazaude, jarri kontaktuan sindikatuarekin, zure kasua aztertu ahal izateko. Informazio gehiago Gizarte Segurantzaren orrialdean.

  • Zenbat kobratzen da?

Hilabeteroko pentsioa jasotzen da. Zenbatekoa oinarri erregulatzailearen eta portzentajearen araberakoa da. Oro har, oinarri erregulatzailearen %100 izaten da. Oinarri hau zure adinaren eta ezintasunaren arrazoiaren arabera kalkulatzen da (arrazoia gaixotasun edo istripu arrunta edo lanekoa izan bada, alegia).

Lan gaixotasun edo istripuagatik izan denean, kopurua %30 edo %50 handitu liteke, enpresak lan osasun eta segurtasun arauak ez betetzeagatik suertatu bada. Gainkargu hau enpresak hartuko luke bere gain.

Jubilatzeko adina badaukazu, baina ez badituzu baldintzak betetzen, gutxieneko kotizazioarekin jubilatuko bazina bezala izango litzateke, hau da oinarri arautzailearen %50 jasoko zenuke.

Gaixotasun edo istripu arruntagatik izan bada, 14 paga jasoko zenituzke eta, lanekoa izan bada, 12 paga (aparteko paga biak prorrateaturik).

2020rako gutxienekoak honako hauek dira:

– Bikotekidea zure kargupean badago:
11.807,60 euro urtean / 843,40 euro hilean
– Bikotekiderik ez badaukazu (pertsona bakarreko unitate familiarra):
9.569 euro urtean / 683,50 euro hilean
– Bikotekidea badaukazu, baina hau ez badago zure kargupean:
9.081,80 euro urtean / 648,70 euro hilean

Baliaezintasun handia

Egoera honetan langileak ezin du ezein lanik burutu, ezintasun absolutuan bezala, baina, honetaz gain, inoren laguntza ere beharrezkoa du eguneroko zereginak egin ahal izateko, hala nola, altxatu, jantzi, mugitu e.a.

Kasu honetan, hilabeteroko pentsioari laguntza hau ordaindu ahal izateko osagarri bat gehitzen zaio.

  • Kotizazio baldintzak

Ezintasun iraunkorreko beste kasuetan bezala, gaixotasun edo istripu arruntagatik zein lanekoagatik suerta liteke egoera hau. Eta, besteetan bezala, lanak eraginda izan bada, gutxieneko kotizaziorik behar ez bada ere, gaixotasun edo istripu arruntagatik izan bada, ondorengo kotizazio hauek beharrezkoak izango dira:

– 31 urtetik beherakoa bazara: 16 urte bete zenituenetik momentura arteko denboraren heren bat (1/3) kotizatzen eman behar izan duzu.
– 31 urtetik gorakoa bazara: 20 urte bete zenituenetik momentura arteko denboraren laurden (¼) bat kotizatzen eman behar izan duzu. Gutxienez bosten bat (1/5) azken hamar urteetan zehar izan behar izan da eta gutxienez 5 urte kotizaturik izan behar dituzu.

  • Zenbat kobratzen da?

Pentsioaren kopurua erabateko ezintasunagatik edo ezintasun absolutuagatik jasotzen den berbera izango litzateke. Honi, esan dugunez, osagarri bat gehitu behar zaio. Osagarri hau momentuan indarrean dagoen gutxieneko kotizazioaren %45 gehi langilearen azken kotizazioaren %30 izango litzateke (kontingentzia arruntengatik edo profesionalengatik, segun eta arrazoia zein izan den). Edozelan, osagarri honen kopurua ezin da izan pentsioaren %45 baino gutxiago.

2020rako gutxienekoak honako hauek dira (osagarria barne):

– Bikotekidea zure kargupean badago:
17.711,40 euro urtean / 1.265,10 euro hilean
– Bikotekiderik ez badaukazu (pertsona bakarreko unitate familiarra):
14.354,20 euro urtean / 1.025,30 euro hilean
– Bikotekidea badaukazu, baina hau ez badago zure kargupean:
13.623,40 euro urtean / 973,10 euro hilean