Gaztelerazko termino bi horiek behin baino gehiago entzun ditugu: NIE eta TIE. Baina, gauza bera al dira?

NIEa, esan dugunez, beste jatorri bat daukaten migranteak identifikatzeko erabiltzen den zenbakia da.

TIEa txartel fisikoa da. Bertan NIEa edo identifikazio-zenbakia azaltzen da eta, honetaz gain, pertsona horren erresidentzia baimenaren mota ere bai.

Artikulu berri honetan azaldu dizuegu zertan datzan bakoitza, noiz emango diguten NIE zenbaki bat eta noiz atera eta berriztu behar dugun TIE txartela.

Gainera, “NIE zuria” eta “NIE berdea” ere ekarri ditugu. Eta azaldu dugu, horrela deitu arren, azken hau Europatik datozen herritarrek atera behar duten erregistro-ziurtagiria dela.

👉🏼 IRAKURRI GEHIAGO

Zer dira NIE eta TIE? (Atzerritarren nortasun zenbakia eta txartela)

2021/04/13

Zenbakia (NIE) ala txartela (TIE)?

Gaztelerazko termino bi horiek behin baino gehiago entzun ditugu: NIE (atzerritarrentzako nortasun zenbakia) eta TIE (atzerritarrentzako nortasun txartela). Baina, gauza bera al dira?

NIEa, esan dugunez, beste jatorri bat daukaten migranteak identifikatzeko erabiltzen den zenbakia da. Baina zenbakia besterik ez. Pertsona bati NIE bat egozten zaionean, horixe izango da bere zenbakia handik aurrera. Hau da, ez da aldatuko, nahiz eta bere egoera administratiboa beste bat izan edo erresidentzia baimen ezberdin bat tramitatu. Zenbaki bakar eta pertsonala da, espainiar nazionalitatea daukatenen NAN zenbakia den bezala. Zenbaki hau Estatuko erakunde guztietan identifikatzeko erabiliko da eta pertsonaren identifikazio-dokumentu guztietan azalduko da. Harik eta nazionalitatea tramitatzen den arte, kasu honetan NAN (nortasun agiri nazionala) bat emango ligukete, beste zenbaki batekin.

TIEa txartel fisikoa da, espainiar nazionalitatea daukaten horiek erabiltzen duten NANaren parekoa, baina atzerritarrentzat. Txartel fisiko horretan NIEa edo identifikazio-zenbakia azaltzen da eta, honetaz gain, persona horren erresidentzia baimenaren mota ere bai. Txartel hau izan behar dute Europako Batasunetik kanpotik etorri diren eta Estatuan sei hilabete baino gehiago emateko baimena daukaten lagunek, zein iraupen luzeko erresidentzia baimena daukatenek (Europakoak edo Europatik kanpokoak izan arren).

NIEa

NIE bat edukitzeak ez du, berez, Estatuan bizitzeko eskubiderik ematen. Administrazioaren aurrean identifikatzeko ezinbestekoa denez, Estatuan bizitzen geratzeko asmorik ez daukatenek ere posible dute zenbaki bat eskatzea, etxe bat erosteko, kontu korronte bat zabaltzeko edo administrazioarekin izapideren bat egin behar dutelako, adibidez.

Eta, jakina, erresidentzia baimen bat lortzeko prozeduretan hasten den mundu guztiari NIE bat ematen zaio.

Askotan entzuten dira “NIE zuria” eta “NIE berdea” terminoak. Komentatu dugun kasuetan, NIEa kolore zuriko egiaztagiria da; horregatik, “NIE zuria”. Eta “NIE berdea”?

Kalean, normalean, horrela deitu arren, bere izena beste bat da: EBeko herritarren erregistroaren ziurtagiria. Beraz, dokumentu honek adierazten duena da Europako herritar bat Espainiako biztanle moduan erregistratu dela; ziurtagiri ofiziala da.

“NIE berdea”

Nork atera behar du?

Europako Batasuneko herritarrek, Estatuan hiru hilabete baino gehiago pasatu nahi badute, Atzerritarren Erregistroan eman behar dute izena. Honek esan nahi du, Europako biztanleak izanda, Espainiako biztanle moduan erregistratu garela. Hori egindakoan, NIE bat emango diete.

Bete beharreko baldintzak

Estatuan hiru hilabete baino gehiago emateko, beharrezkoa da honako egoera hauetakoren batean egotea:

— Inoren konturako langilea izan (lan kontratua eta nominak)

— Norberaren konturako langilea izan (autonomo moduan izena emanda egon behar zara eta, gutxienez, hiru hilabete kotizaturik izan behar dituzu)

— Baliabide ekonomiko nahikoak eduki behar dira (norberarentzat eta senideentzat). Honetaz gain, osasun aseguru pribatua kontratatu behar da. Baliabide ekonomikoak nahikoak ote diren egiaztatzeko, eskatzen da pentsio ez kontributiboa jasotzeko eskubidea ematen duen diru-muga gainditzeko. Muga hau, 2021. urterako 5.639,20 euro dira; hortaz, oro har, eskatuko lukete diru kopuru hori baino gehiago izan dezazun. Hala ere, baldintza hau modu pertsonalizatuan aztertuko da, eskatzailearen egoera kontuan hartuta eta, hortaz, baliteke beste kopuru bat eskatzea. Adi! Diru hori ez duzu ordaindu behar; eskatuko dizutena da kopuru hori kontu korrontean izan dezazun.

— Estatuan ikasten egotea. Nolanahi ere, kasu honetan ere baliabide nahikoak eta osasun asegurua badaukazula egiaztatu beharko da.

Beraz, Europatik bazatoz ere, Estatuan geratu ahal izateko, baliabide nahikoak izan behar dituzu, bai lanean zaudelako, bai dirutxo bat badaukazulako. Legeak berak, lotsagabeki, dioenez, hau eskatzen da pertsona hori Estatuarentzat “zama” izan ez dadin (!).

TIEa

Erresidentzia baimena eskatzen dugunean, lehen esan bezala, zenbaki bat ematen digute (NIEa). Baina hau oraindik ez da TIEa, ez da “plastikozko” txartel fisikoa. Baimena onartzen digutenean eta poliziak atz markak hartzen dizkigunean, orduantxe tramitatuko digute txartela.

EBeko hiritarrek lehen aipatu dugun “NIE berdea” ateratzen dutenean ere dute txartelik jasotzen (duela hainbat urte hala egiten bazen ere).

Estatu Espainolean sei hilabete baino gehiagoz egoteko baimena (edo bisatua) jasotzen duten lagun guztiek atzerritarrentzako nortasun txartela eskatu ahal (eta behar) dute. Baimena onartzen digutenetik hilabete daukagu txartela eskatzeko.

Txartel honetan, gure argazkia eta datu pertsonalak ez ezik, gure lan eta erresidentzia baimen mota zein den ere azaltzen da. Hortaz, erresidentzia baimena aldatuz gero, txartela eguneratu beharko genuke.

Txartelak iraungo du erresidentzia baimenak irauten duen beste. Hori dela eta, baimena eguneratzen dugunean, txartela ere eguneratu beharko dugu.

Izan kontuan txartel hau aldean eraman behar dela beti, nazionalitatea daukatenek edo lortu dutenek NANa eramatera behartuta dauden bezala.