Autonomoen kotizazio sistema berria
2022/09/20
Azken eguneraketa: 2023/03/16
— 13/2022 Lege Dekretua, autonomoen kotizazio sistema berria ezarri eta jarduera amaieragatiko babesa hobetzen duena
— 2023rako Estatuko Aurrekontuen Legearen VIII. Titulua
— PCM/74/2023 Agindua, urtarrilaren 30ekoa, Gizarte Segurantzari kotizazio arauak garatzen dituena
2022ko uztailaren 27an 13/2022 Lege Dekretua argitaratu zen BOEn. Honek autonomoen erregimenean hainbat berritasun ekarri ditu, besteak beste, kotizazio sisteman.
Momentura arte, autonomoek, erregimen orokorreko langileek ez bezala, euren kotizazio oinarria aukeratzen zuten. Gainera, ez zen derrigorrezkoa oinarri hau benetako irabazi edo diru-sarrerekin lotuta egotea. Honela, autonomoen gehiengo oso handiak (%85ek gutxi gorabehera) gutxieneko oinarria aukeratzen zuen eta, honen ondorioz, euren prestazioak ere -erretiro pentsioa, kasurako- gutxienekoak izaten ziren (erregimen orokorreko langileena baino %43 txikiagoa). Honek Gizarte Segurantzaren diru-bilketari ekartzen zion defizita ez aipatzearren.
Lege berriaren aldaketa nagusia hauxe da, hain zuzen, autonomoen kotizazioak irabazien araberakoak izan beharko direla 2023ko urtarriletik aurrera.
Edozelan, 2022ko abenduaren 31n autonomoen erregimenean dauden langileek 2023. urtean zehar lehengo sistemaren arabera kotizatzen jarraitu ahal izango dute, harik eta irabazien arabera kotizatzeko hautatu arte. Denarekin ere, kasu honetan 2022ko abenduko kotizazio oinarriari dagozkien aldaketak eta gehikuntzak aplikatu beharko zaizkio, Aurrekontu Orokorren eta bestelako araudiaren arabera (Bigarren Xedapen Iragankorra).
Era berean, autonomoak, 2022ko abenduan, kotizazio oinarri altuago bat aukeratuta baleuka (hau da, benetako irabaziengatik legokiokeena baino oinarri altuago bat aukeratuta baleuka), oinarri horri eutsi ahal izango dio (Seigarren Xedapen Iragankorra).
Kotizazio tarte eta oinarri berriak. Ordaindu beharreko kuotak.
15 tarte izango dira. 15 tarte hauetatik, 12 taula orokorrekoak izango dira eta gainontzeko 3ak taula murriztukoak.
Taulak progresiboki joango dira doitzen hurrengo hiru urteetan zehar eta asmoa da gutxieneko kuotak jaisten joatea, gehienekoak handitzen diren bitartean.
Honela, 2023rako gutxieneko kuota 230 euro izango dira eta gehienekoa 500 euro; 2024rako, 225€ eta 530€, hurrenez hurren; eta 2025erako, 200€ eta 590€.
Izan kontuan, gaur egun, sistema zaharraren arabera, gutxieneko kuota 294€ direla.
Hemen dauzkazue kotizazio oinarrien taulak, tarte bakoitzari dagozkion gutxieneko eta gehieneko kotizazio oinarriekin (Lehenbiziko Xedapen Iragankorra). Irudi gainean sakaturik, handitu ahal izango duzue: