EAEko kudeaketa tamalgarria oraindik saman trabaturik daukagula, gaur Nafarroako Gobernuak argitaratu ditu autonomoentzako diru-laguntza zuzenak Buletinean.
EAEko kudeaketa tamalgarria oraindik saman trabaturik daukagula, gaur Nafarroako Gobernuak argitaratu ditu autonomoentzako diru-laguntza zuzenak Buletinean.
2020/04/17
Apirilaren 17ko Nafarroako Buletin Ofizialean 3/2020 Lege-Dekretu Forala argitaratu da. Legearen I. Tituluak langile autonomoentzako laguntza zuzen hauek dakartza.
Langile autonomo multzo bi hartzen ditu kontuan:
– Jarduera amaieragatiko aparteko prestazioa aitorturik daukaten autonomoak
– Jarduera amaieragatiko aparteko prestaziorik hartu ez dutenak
2.200 euroko diru-laguntza zuzena jasotzeko eskubidea izango dute
Prestazio hau eskatu ahal izango dute, era berean, autonomo sozietarioek, merkataritza sozietateetako langileek, izaera juridikorik gabeko erakundeetako langileek eta kooperatibetako bazkide langileek (euren konturako langile moduan altan emanda badaude).
– Ohiko bizilekua Nafarroan izan behar dute
– Jarduera Ekonomikoen gainezko Zergan (Nafarroako Erkidegoan) altan egon behar ziren alarma egoera deklaratu zenean (martxoaren 14an, alegia).
– Nafarroako Foru Ogasuneko zerga beharrak beteta izan behar dituzte eta Gizarte Segurantzaren kuoten ordainketan egunean egon behar dira.
Kanpo geratzen dira:
– 2020. urtean enplegu autonomoaren sutapenerako laguntzak eskatu dituztenak
– 2018ko ekitaldian Ondasunen gaineko Zerga ordaintzera behartuta egon direnak
Familia unitatearen diru-sarreren muga:
– Hilabeteko IPREM adierazlea bider 4:
537,84€ X 4 = 2.151,36€.
Hortaz, familia unitatearen diru-sarrerak ezin dira 2.151,36 euro baino altuagoak izan.
– Kargupean daukazun seme-alaba bakoitzeko, muga hau 53,78 eurotan handituko da (IPREM bider 0,1). Guraso bakarreko familien kasuan, seme-alaba bakoitzeko 80,6 euro izango dira (IPREM bider 0,15).
– Familia unitatean 65 urtetik goragoko kide bakoitzeko, aipatutako muga 53,78 eurotan handituko da (IPREM bider 0,1).
– Familiako kideren batek %33tik gorako desgaitasunik aitorturik badauka, menpekotasun egoeran badago edo gaixotasunen batek lan egitea iraunkorki galarazten badio, diru-sarreren muga IPREM adierazlea bider bost izango da, hau da, 2.689,2€ (kasu honetan ere seme-alabengatik igo liteke diru-sarreren muga).
– Jarduera amaieragatiko prestazioa jasotzeari utzi eta hurrengo 12 hilabeteetan autonomoen erregimenean (eta Nafarroako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan) altan jarraitu behar duzu. Hau bete ezean, diru-laguntza itzuli beharko zenuke.
700 euroko diru-laguntza zuzena jasotzeko eskubidea izango dute
Aurrekoan aipatutako baldintza guztiak bete behar dituzte (azkena izan ezik, prestazioa jasotzen ez dutenez gero) eta beste baldintza bi hauek ere bai:
– Momentu oro altan egon autonomoen erregimenean eta Jarduera Ekonomikoen gainezko Zergan (Nafarroako Erkidegoan) ere bai.
– Laguntza eskatu aurreko hilabeteko fakturazioa gutxienez %30 jaitsi dela egiaztatu behar dute –aurreko sei hilabete naturaletako fakturazioaren batezbestekoarekin konparatuta-
Familia unitatearen diru-sarrerak lehen aipatutakoak baino baxuagoak badira (hilabetean, IPREM bider 3ra ez badira heltzen, zehazkiago), diru-laguntza 800 eurokoa izango da.
IPREM X 3 = 1.613,52€
Hortaz, familia unitatearen diru-sarrerak ezin dira izan 1.613,52 euro baino altuagoak. Muga honi ere gehitu ahal zaizio lehen aipatutako portzentajeak, seme-alabengatik, nagusiengatik eta desgaitasunak dituzten pertsonengatik.
Alarma egoera amaitu eta hurrengo hilabeteko azken egunera arte egin ahal izango da eskaera.
Prozedura telematikoa izango da, baina horixe da momentuz dakigun bakarra. Izan ere, oraindik ez dago finkatuta zelan banatu eta emango diren laguntza hauek. Ekonomia eta Enpresa Garapenaren Sailaren esku gelditu da eta berak ezarri behar du zein izango den prozedura, Agindu Foralaren bitartez.
Honen inguruko informazioa daukagunean, helarazi egingo dizuegu. Hori bai, espero dugu EAEko Gobernuaren eta Lanbideren kudeaketa tamalgarri eta umiliagarritik urrun egotea.
Edozelan, Nafarroan, behintzat, partida handiagoa izango dugu, EHBilduren ekimenez handitu dena: 20 milioi (47.000 autonomo dira Nafarroan); EAEko partida, ordea, 3 milioi besterik ez zen izan (170.000 autonomo baino gehiago egonda).
Bidali bizilan@lab.eus posta elektronikora ze gai nahi duzun jorratzea; guk webgunean txertatuko dugu eta horren berri emango dizugu.