Zeintzuk baldintzak bete behar dira?
- Aurreko BI URTEETAN Estatuan.
Eskatzaileak egiaztatu behar du aurreko urte bietan Estatuan bizitzen egon dela. ADI! urte bi segidan; hortaz, denbora honetan zehar, Estatutik kanpora irtenez gero, egonaldi hauek, guztira, ezin izan dute 90 egun baino gehiago iraun.
- Asilo eskatzaileek ezin dute baimen hau eskatu.
Baimen hau eskatzen duen pertsona ezin da izan, aldi berean, asilo eskatzailea. Gainera, asilo eskatzailetzat ematen den denbora ez da kontuan hartuko erresidentzia baimena eskatzeko eta, beraz, asilo eskaera ukatzen badute edo eskatzaileak prozedura lagatzen badu, zerotik zenbatzen hasi beharko da. Azken araudiak ekarri duen aldaketa larria da hau.
- Errotze soziala eskatzeko puntu bi hauetako bat bete behar da:
— Estatuan erresidentzia legala duten beste atzerritar batzuekin lotura familiarra (lehen mailako lotura): Bikotekideak (senar-emazteak edo izatezko bikotekideak), gurasoek edo seme-alabek erresidentzia baimena badaukate, errotze sozialagatiko baimena eskatu ahal da
— Lotura familiarrik ez badago, integrazio sozialerako ahaleginak ziurtatzen dituen txostena aurkeztu behar da. Administrazioak ematen duen txostena da. Bertan, eskatzaileak sozialki integratzeko ahaleginak egin dituela adieraziko litzateke. Hau da, lotura familiarrik ez balego, administrazioak eskatzailearen aldeko txostena egitea lortu beharko litzateke. Hau aurreratxoago azalduko dugu zehatzago.
Gutxieneko baliabide ekonomikoak egiaztatu behar dira: IPREMaren %100 (600€ hilean).
— Estatuan familiarik badaukazu (aurreko puntuan azaldu bezala), zure senideak egiaztatu beharko luke zenbateko honetara heltzen dela zure mantenurako. ADI! 600€ zure mantenurako eta beste 600€ bere mantenu propiorako. Hau da, errotze soziala lotura familiarragatik eskatzen baduzu, zure senideak, gutxienez, 1.200€ hilean egiaztatu beharko lituzke (IPREMaren %200). Ez du ardura familian senide gehiago badira.
— Estatuan ez badaukazu familiarik eta integrazio txostena aurkezten baduzu:
• Negozio bat zabaltzeko egoeran bazaude, horixe egiaztatu beharko zenuke. Zehazkiago, Arautegiko 84. artikuluan zehazten diren baldintzak bete behar dira (artikulu horretan beste baimen bat jorratzen da, Estatura etorri eta berton autonomo moduan lan egin nahi duten lagunek egiten duten hasiera bateko eskaera, alegia). Betebeharrak: negozio bat zabaltzeko edo jarduera profesional batean hasteko legalki eskatzen direnak; beharrezko prestakuntza profesionala izatea, eta proiekturako beharrezkoa den inbertsio ekonomikoa. Dokumentazio atalean argiago daukazue.
• Bestelako baliabide batzuk. Eskatzaileak bere mantenurako bestelako baliabide batzuk badauzka (diru sarrerak, nahiz eta kontratu formalik ez izan), administrazioari jakinarazi ahal izango dio integrazio txostenean islatu dezaten.
Ezin da aurrekarik penalik izan, azken bost urteetan, ez Espainiako Estatuan, ezta bizitzen egon den herrialdeetan.
- Tasa bat ordaindu behar da (790 eredua, 052 kodea).
Tasa hau eskaera egiten denean (eta, hortaz, tramitera onartzen denean) ordaindu behar da. 10 egun daude honetarako. 2025. urtean 38,28 euro dira. Tasa hau ONLINE ere ordaindu ahal da.