Zer da IPREM?

IPREM (ondorio anitzen errenta adierazle publikoa/indicador público de renta de efectos múltiples) laguntza sozialak, bekak, subsidioak eta abar kalkulatzeko Estatuan erabiltzen den adierazlea da. PSOEren gobernuak sortu zuen 2004an. Ordura arte, erreferentzia moduan, lanbidearteko gutxieneko soldata erabiltzen zen. Honen helburua babes sozialeko gastua murriztea izan zen eta ondo baino hobeto lortu zuten, ordudanik laguntzak gero eta murritzagoak baitira eta gero eta jende gehiagori ukatzen baitzaizkie eskubide hauek, geroxeago ikusiko dugunez.

Madrileko gobernu berriaren akordioak IPREM adierazlea igotzeko konpromisoa jaso arren, momentuz ez da aldaketarik edo erabaki irmorik egon eta izoztuta jarraitzen du. Aldaketarik edo eguneraketarik egonez gero, segunuenik Aurrekontu Orokorren legean izango da. Hortaz, momentu honetan, 2020. urterako zenbatekoak honako hauek dira:

  • Egunekoa: 17,93 euro
  • Hilekoa: 537,84 euro
  • Urtekoa: 6.454,03 euro
Zertarako erabiltzen da IPREM adierazlea?

Prestazio bat jaso ahal dugun erabakitzeko orduan, eskatzailearen diru-sarrerak izaten dira kontuan. Hortaz, diru-sarrera hauek ezin izango dira izan IPREMaren araberako kopuru zehatz bat baino altuagoak izan (IPREM x bider). Era berean, laguntza askoren zenbatekoa -jasoko dugun kopurua, alegia- IPREMaren arabera kalkulatzen dira.

  • Prestazioa eskatzen duen pertsonaren diru-sarreren muga ezartzeko.

Prestazioren bat eskatzen dugunean, gehienezko diru-sarrerak markaturik daude, prestaziorako eskubidea ote daukagun ebazteko. Hau, askotan, IPREM adierazlearen arabera finkatzen da.

ADIBIDEA: doako laguntza juridikoa eskatu behar badugu, familiaren diru-sarrerak ezin izango dira izan hurrengo zenbatekoak baino altuagoak:

– Norbanako edo pertsona bakarrentzat: IPREM x 2 = 1.075,68 euro gordin hilean
– 2 edo 3 laguneko familientzat: IPREM x 2,5 = 1.344,60 euro gordin hilean.
– 4 lagun edo gehiagoko familientzat: IPREM x 3 = 1.613,52 euro gordin hilean.

  • Prestazioaren zenbatekoa kalkulatzeko.

Zenbateko prestazioa jasoko dugun edo, bestela esanda, zenbat diru egokituko zaigun kalkulatzeko ere erabiltzen da IPREM indizea. Hortaz, zenbat eta indize txikiagoa, orduan eta prestazio exkasagoa jasoko dugu.

Gainera, izan kontuan prestazioetan askotan IPREMaren %100 ere ez dela jasotzen. Honela, langabezia subsidioetan, adibidez, IPREMaren %80 baino ez da kobratzen: 430,27 euro hilean.

Honako hauek dira IPREM adierazlearen menpean dauden laguntzetako batzuk:

– Langabezia prestazio kontributiboagatik jasoko dugun zenbatekoaren gehieneko eta gutxieneko mugak
– Langabezia subsidioaren zenbatekoa
– Doako laguntza juridikoa jaso ahal izateko gehieneko diru-sarrerak
– Babes ofizialeko etxebizitza eskatu ahal izateko gehieneko diru-sarrerak
– Bekak edo ikasketarako bestelako laguntzak eskatu ahal izateko gehieneko diru-sarrerak
– Amatasun-prestazio ez kontributiboa eskatu ahal izateko kotizazio baldintzak
– …

Gero eta jende gutxiago

Beraz, prestazioa dagokigun ala ez erabakitzeko, diru-sarrerak hartzen dira kontuan. Adierazlea oso baxua bada, laguntza jasotzeko aukera askoz jende gutxiagok izango du. Eta horrelaxe gertatu da: laguntzak edo subsidioak, gaur egun, pobrezia egoera oso-oso larrian dagoen jendeari baino ez daude bideratuta eta hainbat lagun kanpo geratzen dira, premia izan arren, diru-sarrerak “gehiegizkoak” direlako.

Honela, lehen eman dugun adibidearen arabera, gutxieneko soldata bana jasotzen duten bikotekideek, seme-alabak izanda ere, gaur egun “gehiegi” kobratuko lukete eta ez lukete eskubiderik izango doako laguntza juridikoa jasotzeko. Eta, era berean, ez lukete eskubiderik izango beste prestazio batzuk, ikasketa bekak eta abarrak jasotzeko.

Prestazio gero eta baxuagoak

Jasotzen diren prestazioen zenbatekoak ere indize honi loturik egoten dira. Lehen ikusi dugunez, 430 euroko langabezia subsidioak duintasun minimorik ere ez du bermatzen. Miseriazko indizea bada, miseriazko prestazioa jasoko dugu eta horixe izan zen, hain zuzen, indize honekin hasieratik bilatu zena, babes soziala muga-mugako kasuetara murriztea.

IPREMaren bilakaera

Indize hau 2004an sortu zenetik ez da apenas birbalioztatu, ezta KPIren hazkundearen arabera ere. Beraz, hasieran gutxieneko soldatatik deslotzeak ekarri zuen murrizketaz gain, urtez urte ari da balioa galtzen, bizi maila hazten den heinean. Izan ere, martxan ipini eta hurrengo urteetan baino ez zen igo. Gerora, urte gehien-gehienetan, izozturik egon da.

Hurrengo taula honetan ederto ikus daiteke:

IPREM eta lanbidearteko gutxieneko soldata (SMI)

Lehen azaldu dugunez, 2004ra arte babes sozial aferetarako erabiltzen zen adierazlea lanbidearteko gutxieneko soldata zen. 2004an biak 460 eurotan zeuden arren, lanbidearteko gutxieneko soldatak gora egin du azken urteotan, IPREMa geldirik daukaten bitartean.

Esan beharra dago lanbidearteko gutxieneko soldatak gora egin arren, oraindik ez dela nahikoa. Europako gomendioen arabera, lanbidearteko gutxieneko soldata batezbesteko soldaten %60 izan beharko litzateke; hau da, momentu honetan 1.200 euro. Estatu mailako datuen arabera, behintzat, EAEn eta Nafarroan batezbesteko soldata askoz altuagoa baita; honek argi uzten du Euskal Herriako adierazle propioen beharra. Hala ere, azkenengo igoerarekin ere, lanbidearteko gutxieneko soldata nahiko urrun dago oraindik (950 euro 2020. urterako)

Hemen ikus dezakegu IPREMaren galera urtez urte gutxieneko soldatarekin eta KPI igoerekin erkaturik: