ERTEak osatzeko aparteko laguntzak (Nafarroa)
2020/10/04
Uztailean, abuztuan eta irailean ERTEan egon diren langileek jaso duten prestazioa osazeko deialdia atera berri du Nafarroako Gobernuak: 358/2020 Agindu Forala, azaroaren 3ko BONen argitaratua.
Hori bai, aurreratu behar dizuegu soldatarik baxuenak jasotzen dituzten langileen prestazioak baino ez direla osatuko, betebeharreko baldintzetan ikusiko duzuen bezala, eta zenbatekoak nahiko exkaxak direla (gehienez, 150 euro).
Zeintzuk prestazio osatuko dira?
• Etenaldi espedienteetan (“suspensión”) zein murriztapen espedienteetan (“reducción”) egoteagatiko prestazioak osatuko dira.
• 2020ko uztailaren 1etik irailaren 30ra bitartean (egun biak barne), gutxienez, 7 egunetan kontratua etenda edo murriztuta izan duten langileek (ERTEan egon diren langileek, alegia) eska dezakete.
Bete beharreko baldintzak
— Soldata: esan bezala, soldatarik eta, hortaz, prestaziorik baxuenak baino ez dira osatuko. Honela, osagarri hau jasotzeko, gure kotizazio oinarria aurreko 12 hilebeteetan 20.000 eurokoa edo gutxiagokoa izan behar izan da.
— 2019ko PFEZ, hau da, errenta aitorpenaren zerga oinarria eta salbuetsitako errentak ezin dira 20.000 euro baino gehiagokoak izan. 20.000 euroko muga hau aplikatuko litzateke norbanako bakarren kasuan. Hala ere, familia unitate bateko kidea izanez gero, muga 40.000 eurokoa izango litzateke. Hori bai, familia unitate osoaren errentak hartuko liratezke kontuan.
[Salbuetsitako errentak zeintzuk diren PFEZ Legearen 7. artikuluan azaldurik daukazu. Hauen artean sartzen dira, adibidez, kaleratzeagatiko kalte ordainak edota gurasotasunagatiko prestazioak.]
— 2019an ezin izan duzu ondarearen gaineko zergagatik tributatu (ez zuk ez familia unitateko inork). Edozelan, nahiko irreala da pentsatzea 20.000 euro baino gutxiago irabazten dituen inork 700.000 eurotik goragoko ondarea daukanik.
— Honelako kasu guztietarako eskatzen den bezala, Gizarte Segurantzaren eta Ogasunaren ordainketetan egunean egon behar zara eta, honetaz gain, subentzioak ez jasotzeko zehapen edo zigorrik ezin izan dizute ezarri.
Zenbatekoa
Ondoko zenbatekoen proportzioa jasoko genuke, ERTEan emandako egun kopuruaren eta jardunaldiaren arabera.
- 150 euro hilean, gure jardunaldia %50ekoa edo %50tik gorakoa balitz.
- 100 euro hilean, gure jardunaldia %50tik beherakoa balitz.
150 edo 100 euro izango liratezke, baldin eta hilabete osoa etenaldi espedientean pasa izan bagenu. Hilabeteko zenbait egun baino ez badira izan, orduan, egun horiengatik proportzioan egokituko litzaigukeena jasoko genuke.
Murriztapen espedientea balitz, lan egin ez dugun jardunaldiaren zatia –eta, hortaz, langabezia prestazioa jaso dugun zatia- osatuko ligukete. Beraz, ERTEan egondako egun hauei murriztu diguten jardunaldi portzentajea aplikatu beharko genieke.
⇒ Ez nahastu egiten dugun jardunaldi portzentajea, hau da, gure kontratuak dakarrena, eta ERTEan murriztu diguten jardunaldi portzentajea.
Demagun normalean egiten dugun jardunaldia, hau da, gure kontratuak dakarren jardunaldia %50era murriztu digutela. Honelakoetan, egun bakoitzari dagokion erdia jasoko genuke. Hilabeteko 30 egunetan ERTEan jardunaldia %50era murriztu badigute, 75 euro jasoko genuke eta ez 150 (baldin eta gure normalean jardunaldi erdiz edo hortik gora aritzen bagara). Normalean egiten dugun jardunaldia jardunaldi erdia baino txikiagoa bada, hilean 100 euro jaso beharko genuke eta, ERTEak %50era murriztu badigu, 50 euro.
Emaitza ezin izango da izan 450 euro baino gehiago (450 euro izango lirateke hiru hilabetean etenaldi espedientean eman izan bagenitu eta gure jardunaldia %50ekoa eta hortik gorakoa balitz: 150 euro x 3 hilabete).
Jardunaldi partzialeko hainbat kontratu metatzen badituzu eta ERTEan kontratu bat baino gehiago badauzkazu, aplikatu beharreko portzentajea kalkulatzeko, etenda edo murriztuta dauzkazun kontratu guztien portzentajeak batuko dira.
Eskaera
Eskaera epea: azaroaren 4tik 20ra.
Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira, Nafaroako Gobernuaren Izapideen orrialdetik, dagokion fitxaren bitartez. HEMEN daukazu helbidea.
Fitxa horretan “tramitar” sakaturik, Erregistro Orokor Elektronikora sartuko gara. Izapideak egiteko, identifikatu beharko zara. Hiru modu daude honetarako:
– Ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa
– NAN eta PINa
– Cl@ve sistema
HEMEN dauzkazu Nafarroako Gobernuak ematen dituen argibideak internetez tramitatzeko.
Dokumentazioa
Dokumentazioa ere telematikoki aurkeztu behar da. Horretarako, eskaneatu beharko dugu edo PDF formatuan (edo antzeko beste batean) jaitsi eta eskaera egiten dugunean atxikitu.
— Kontratuaren edo kontratuen kopia
— Subentzioa banku transferentziaz ordaintzeko eskaera. Dokumentu hau Nafarroako Gobernuaren orrialdetik bertatik jaitsi ahal duzu.
— Bizi laboralaren txostena: bertan adieraziko da uztailaren 1etik irailaren 30era zenbat egunetan egon garen langabezia prestazioa jasotzen ERTEan egoteagatik.
— Kotizazio oinarriei buruzko txostena: bertan adieraziko da azken 12 hilabeteetan zeintzuk izan diren zure kotizazio oinarriak.
Azken dokumentu bi hauek Gizarte Segurantzaren webgunean eska daitezke:
Bizi laborala
Kotizazio oinarriak
Orrialde horietan, beheko partean, aukera emango dizu hainbat modutan sartzeko eta txostenak eskatzeko. Ez badaukazu ziurtagiri digitalik eta ez baduzu cl@vea egin nahi, Gizarte Segurantzak aukera eman du azken sasoi honetan SMS bitartez honelako izapideak egiteko. Erraza da, sakatu SMS aukera (orrialdearen beheko partean, eskumatara), zabalduko zaizun orrialdean zure datuak sartu eta Gizarte Segurantzak pasahitz bat bidaliko dizu SMS bitartez zure mugikorrera, bizi laborala eta kotizazio oinarriak ikusi eta PDFak deskargatu ahal izateko.
Bestetik, hemen daukazu Bizilaneko azalpena kotizazio oinarrien txostena eskatu ahal izateko: