Gaueko lana
2020/03/10
Langileen Estatutuaren 36. artikulua
Gauez lan egiteak ondorioak dakarzkio gure osasunari. Gauez lan egiteagatik dauzkagun eskubide espezifikoetatik harago, nabarmendu behar dugu honelako ordutegietan aritzeak osasunari kalte egiten diola hainbat eratan.
Arazo nagusienetako bat normaltasunez ezin lorik egitea da. Egunez lo egin behar denean, loa maiz eteten da eta, zelanbait esateko, zatika deskantsatzen dugu eta, hortaz, atsedena bera askoz murritzagoa da. Lan, elikadura eta lo faseak aldatzen dira eta honek gure erritmo zirkadianoetan eragiten du. Bestela esateko, gaueko lanak behartzen gaitu esna egotera gure erloju biologikoarekin sinkronizatuta ez dagoen patroi baten arabera.
Honela, besteak beste, obesitate arriskua areagotu egiten du eta, zenbait ikerketek nabarmendu dutenez, hainbat minbizi pairatzeko aukera biderkatzen du; ondorio psikosozialak eta istripuak izateko arriskua ere handiagoa izaten dela ez aipatzeagatik. Hala ere, gaueko (eta txandakako) lana osasunerako kaltegarria dela gauza jakina den arren, lan sistema hau gero eta sektore gehiagotara zabaltzen ari da, irabazi handiago eta arinagoak lortzeko helburu nagusiarekin. Berriro ere interes ekonomikoak pertsonen osasunaren gainetik.
Gaueko lana eta gaueko langileak
Ezer baino lehen, bereiztu behar dugu zer den gaueko langilea (hau da, noiz jotzen den pertsona bat gaueko langiletzat) eta zer diren gaueko orduak. Izan ere, gaueko langilearen izaerak berezitasun batzuk dakartza berarekin batera. Baina lantzean behin gaueko ordu batzuk sartzea ez da nahikoa gaueko langilea izateko.
Langileen Estatutuaren 36. artikuluaren arabera, gaueko lana da gaueko hamarrak eta goizeko seiak bitartean egiten dena.
Hala ere, hitzarmen kolektiboak ordutegi hau moldatu ahal du, baina aldaketa hauek beti izan beharko dira gaueko ordutegia luzatzeko eta ez murrizteko. Honela, hitzarmenak ezarri ahal du gaueko lana iluntzeko zortzietan hasiko dela, adibidez, baina ezingo luke hasiera ordua gaueko hamabietan jarri. Hau da, balizko aldaketak zentzu honetan beti izan beharko dira langilearen mesedetan.
Gaueko langileei dagokienez, aipatutako 36. artikulu horrek zera dio, gaueko langiletzat hartua izateko, pertsona horrek…
— Gutxienez eguneko jardunaldiaren 3 ordu gauez egin behar dituela
— Edo urteko jardunaldiaren heren bat, gutxienez, gauez egun behar dituela (hala izango dela aurreikustea nahikoa izango da).
Hau da, hasieran esan dugunez, gaueko langiletzat hartua izateko, gaueko lana maiztasunez egin beharko du.
Ezin dute gauez lanik egin:
— Adin txikikoek (Langileen Estatutuaren 6. artikulua)
— Prestakuntza eta ikasketa kontratuaz aritzen direnek (Langileen Estatutuaren 11.2.f artikulua)
Honetaz gain, gero ere ikusiko dugunez, haurdunaldian edo edoskitzaroan, emakumeek babes berezia daukate. Arrisku ebaluazioak adierazten badu osasun edo segurtasunerako arriskurik dagoela, enpresak lan baldintzak eta lan denborak egokitu beharko ditu, gaueko lana eta txandakako lana ekiditea barne (Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen 26.1. artikulua).
Jardunaldia
Gaueko langileen jardunaldia ezin da 8 ordutik gorakoa izan. Muga hau 15 eguneko erreferentziazko epe batean kalkulatu behar da. Hau da, kontua ez da ezin ditugunik 8 ordu horiek egun batean ere gainditu, baizik eta 15 egunetan gure jardunaldia batez beste gehienez 8 ordukoa izan behar dela derrigor. Zenbait hitzarmen kolektibotan erreferentziazko epe hau zabalagoa da, baina jardunaldia beti ere gehienez 8 ordukoa izan beharko da.
Honetaz gain, gaueko langileek ezin dute aparteko ordurik egin.
Mugapen bi hauek hainbat salbuespen izan ditzakete (1561/1995 Dekretuaren 32. artikulua) eta, hortaz, posible izango da aparteko orduak egitea eta erreferentziazko epeak zabaltzea hurrengo kasu hauetan:
• Jardunaldi luzapenetan. Jardunaldi luzapena onarturik dagoen sektoreetan (Dekretuaren II Kapituluan aurreikusten direnak izan beharko lirateke): hiriko finka eta eraikinetako langileak eta guarda zein zaindariak (trenbideetakoak izan ezik); nekazaritza lanak; merkataritza eta ostalaritza; garraioak eta itsaso, aire, errepide eta trenbide lanak. Kasu honetan, hala ere, jardunaldiak ezingo ditu 8 orduak gainditu, batez beste, lau hilabeteko erreferentziazko epealdian.
• Aparteko eta urgentziazko kalteak konpontzeko ezinbestekoa denean. Jardunaldiaren 8 orduak lau asteko epean kalkulatuko dira batez beste.
• Txandakako lanean txanden erreleboetan suerta daitezkeen irregulartasunengatik (beti ere enpresaren erruz ez baldin badira). Azken kasu honetan ere erreferentziazko tartea lau astekoa izango da.
Honela, aipatutako hiru kasu hauetan jardunaldia luzatu ahal izango da baita aparteko orduak sartuta ere. Aparteko ordu hauek konpentsatu beharko dira (hitzarmenean adostuta dagoen moduan eta beti ere Langileen Estatutuaren 35.1 artikuluak ezartzen duena errespetaturik), baina, honetaz gain, langileen jardunaldia hurrengo egunetan murriztu beharko da, zortzi orduko batezbestekoa aipatutako erreferentziazko epeetan lortu arte.
Gaueko lanagatiko plusa
Langileen Estatutuaren 36.2 artikuluak dioenez, gaueko lanak ordainketa espezifikoa izango du, ez bada lana, bere izaeragatik, berez gauekoa dela edo egun libreekin konpentsatzea adostu dela.
Ordainketa espezifiko honi gaueko lanagatiko plusa deitzen zaio eta negoziazio kolektiboaren bitartez zehaztu behar da. Hitzarmen kolektiboan ez badago gaueko lanagatiko plusa adosturik, langileek, berez, ez dute hau jasotzeko eskubiderik izango. Izan ere, lan legediak arautzen duen bakarra da zein den gaueko lanaren kontzeptua eta ze hartzen den gaueko ordutegitzat, baina ez du behartzen gaueko ordu horiek garestiagoak izatera.
Gauez lan egiten den denbora efektiboagatik jaso ohi da soldata osagarri hau. Hau da, gure jardunaldiaren zati bat baino ez bada gauez, ordu kopuru zehatz horrengatik jasoko dugu plusa; eguneko ordutegiaz egiten dugun jardunaldi zatia, ordea, ordainketa arrunta izango luke.
Plus hau, normalean, soldataren portzentaje bat izaten da, baina kopuru finko bat ere izan liteke. Edozelan, plus honi dagokion guztiak (barne hartzen duen jardunaldi zatia, ordainketa modua eta abar) hitzarmen kolektiboak ezarri behar du.
Bestetik, zenbait lan, berez, gauekoak izaten dira, lan horien izaeraren parte da gauez egin behar izatea. Hala izan daiteke, esaterako, okintzan, ogia gauez egiten baita; edo zabor bilketa lan batzuetan. Honelakoetan ez da gaueko osagarririk jasotzen; soldata finkatzerakoan kontuan hartu ohi da kontuan gaueko lanak direla.
Laburbilduz, gauez lan egiten duten langile guztiek ez dute zertan plusa jasoko. Ez dute osagarririk izango…
• Baldin eta hitzarmenak ez badu hala islatzen
• Baldin eta euren lana berez gauez egin beharrekoa bada; kasu honetan suposatzen da soldata arruntak berez islatzen duela gaueko izaera hori.
• Gaueko lana egun libreekin konpentsatuko dela adostu bada.
Gaueko plusa ez da kontsolidagarria. Honek esan nahi du gauez lan egiteari uzten zaionean, adibidez, beste lanpostu batean hasi garelako, osagarria jasotzeari ere utziko zaiola.
Lan osasun eta segurtasuna
Langileen Estatutuaren 36.4 artikuluak dioenez, gaueko langileek eta txandaka lan egiten dutenek bere lanaren izaerarekin bat datorren babes maila izan beharko dute osasun eta segurtasunari dagokionez.
Izan ere, lan istripuen indizea altua da gauez eta, gainera, istripuen ondorioak larriagoak izaten dira. Estatistiken arabera, goizaldeko ordubietatik goizeko seietara arreta nabarmen jaisten da eta, hortaz, erabakiak hartzeko eta mugimenduak aurreikusteko arintasuna ere jaisten da.
Gaueko lanak dakartzan osasun kalteen artean, besteak beste, azpimarratu behar dira loaren nahasmenduak, arazo kardiobaskularrak, arazo digestiboak eta janguraren galera, nerbio-nahasmenduak eta estres maila altuak, maila hormonalen alterazioak e.a. Lehen aipatu dugunez, jarduera profesionalaren eta gorputzaren erritmo normalaren artean oreka falta suertatzen da eta honek eragin zuzen dauka hormonen ekoizpenean. Honen ondorioz, gorputzaren funtzioetan eraldaketak gertatzen dira eta estres maila altua pairatzen dugu, gure gorputza etengabeko tentsioan baitago erritmo aldaketara ohitu ahal izateko. Honetaz gain, bizi pertsonala, familiarra eta aisialdiaz disfrutatzeko aukerak ere kaltetu egiten dira eta atsekabeak areagotzen dira.
Hau guztia dela eta, enpresek bermatu beharko dute gaueko langileek doako osasun azterketa bat pasatuko dutela gauez lan egiten hasi orduko eta; behin hasita, azterketa hori tarteka errepikatu beharko da. Gaueko lanarekin zerikusia daukan osasun kalterik atzematen bada, enpresak behar besteko neurriak hartu beharko ditu arriskuak ezabatzeko edo murrizteko eta, zenbait kasutan, gaueko langileek eskubidea izango dute beste lanpostu batera aldatzeko.
Lanpostu aldaketa hau gauzatzeko, Langileen Estatutuaren 39. eta 41. artikuluetan ezartzen dena hartu beharko da kontuan. Aldaketa hau gauzatzeko, beharrezkoa izango da lanpostu hutsen bat egotea edo, horren ezean, beste langile batekin trukatu beharko litzateke, beti ere denak horretan ados badaude.
Lehen aipatu dugunez, Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen 26. artikuluan zera ezartzen da:
Arriskuen ebaluazioaren emaitzek segurtasun eta osasunaren kontrako arriskurik islatuko balute edo haurdunaldi zein edoskitzean eraginik balute, enpresak behar besteko neurri hartuko ditu, lan baldintzak edo lan denbora egokituta. Neurri hauek barne hartuko dute, beharrezkoa denean, gaueko lanik edo txandakako lanik ez egitea.
Lan baldintzak edo lan denbora ezin direnean egokitu edo, egokitzapena gorabehera, lanpostuak eragin kaltegarria izango balu langilearen edo fetuaren osasunean -eta horrela egiaztatzen badu langilearen medikuak zein mutualitateak-, langilearen egoerarekin bateragarria den lanpostu edo funtzio ezberdin bat betetzera pasatu behako da.
Lanpostu edo funtzio bateragarririk ez balego, langilea beste talde edo kategoria bateko lanpostu batera aldatu ahal izango da. Hori bai, bere jatorrizko lanpostuan jasotzen duen soldata berbera jasoko du.