Ekainaren 4ean beste diru-laguntza hau argitaratu da BONen.

Guraso bakarreko familiei begirakoa da, baina ez dirudi kontziliazioan laguntzeko balio handirik daukatenik.

Izan ere, diru-laguntza puntualak dira, ordainketa bakarrekoak. Zenbatekoa 800€ edo 500€ izango dira, familiaren errenta per capitaren arabera. Hortaz, gasturen bati aurre egiteko, agian, bai; baina lana eta familia bateragarriak egiteko, argi eta garbi, ez.

Edozelan, artikulu berri honetan nondik-norako guztiak azaldu dizkizuegu.

‼️ Eskatu behar baduzue, ez utzi azken momentura arte, aurrekontua behin agorturik, ez baita laguntza gehiagorik emango, nahiz eta baldintzak bete.

IRAKURRI GEHIAGO

Guraso bakarreko familien kontziliazioa errazteko diru-laguntzak (Nafarroa)

2020/06/11

Nori zuzendua?

— Guraso bakarreko familiak. Hala egiaztatzen duen titulua izan behar duzu. Titulua tramitatzeko HEMENDIK egin dezakezu.

— Guraso bakarreko familiaren titulua izan arren, adin nagusiko beste pertsona batekin bizi bazarete, kanpoan geratuko zinatekete.

Salbuespenak:
– adin nagusiko beste pertsona hori 25 urte bitarteko seme-alabaren bat bada,
– beste pertsona horrek baldin badauka %65eko desgaitasuna, gutxienez, menpekotasun handia, erabateko ezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia.

Zenbatekoak

800€, familia unitatearen errenta IPREM x 1,5 edo gutxiago bada (hau da, 11.294,64€ edo gutxiago)

500€, familia unitatearen errenta IPREM x 1,5 baino gehiago bada (hau da, 11.294,64€ baino gehiago)

Bete beharreko baldintzak

— Familiakide guztiak elkarrekin bizi behar dira (laguntza eskatzeko aintzat hartzen diren kide guztiak, alegia).

— Familiakide guztiek urte bi, gutxienez, eman behar izan dituzte Nafarroan erroldaturik.

— Laguntza eskatzen duen pertsona lanean egon behar da (bere kontura edo inoren kontura). Hiru hilabeteko antzinakotasuna egiaztatu beharko da eta, gainera, inoren kontura lan eginez gero, kontratua jardunaldi erdikoa izan behar da, gutxienez.

— Familia unitatearen errenta per capita IPREM x 2 baino gutxiago izan behar da, hau da, 15.059,52€ baino gutxiago. Familia unitatetzat hartuko dira guraso bakarreko familia tituluan agertzen direnak.

            Zelan kalkulatuko da hau?
            – Familiakideen errenta aitorpena hartuko da kontuan. Emaitza familiakide kopuruaren artean zatituko da.
            – %33 edo gehiagoko desgaitasuna daukan seme-alaba bakoitza pertsona bi balira moduan zenbatuko da.

Dokumentazioa

Eskaera-orria. HEMENDIK jaitsi ahal duzu eta eskaera-orria betetzeko jarraibideak HEMENDIK

Errolda-agiria (familiakide guztiak agertu behar zarete)

Inoren kontura lan egiten baduzu: azken hiru nominen fotokopia edo enpresa egiaztagiria (enpresa egiaztagiria aurkezten baduzu, egiten duzun jardunaldi portzentajea agertu behar da).

Zeure kontura lan egiten baduzu: autonomoen hilabeteko kuota ordainketaren egiaztagiria (hiru hilabete egiaztatu behar dituzu, azken sei hilabeteetan zehar) eta jarduera ekonomikoen zergako altaren egiaztagiria.

Ordainketa banku transferentziaz jasotzeko eskaera. HEMENDIK jaitsi ahal duzu.

– Familiak helburu berarekin jaso dituen beste laguntza guztien aitorpena. HEMENDIK jaitsi ahal duzu.

18 eta 25 urte bitarteko seme-alabarik badaukazu eta lanean ari badira, bizi laboralaren egiaztagiria eta diru-sarreren aitorpena; lanik egiten ez badute, hala aitortu beharko duzu (laguntza honetarako familia unitatetzat jotzen diren seme-alabak besterik ez, jakina)

– Gogoratu guraso bakarreko familiaren titulua izan behar duzula eta indarrean egon behar dela.

Eskaerak

Eskaera epea: 2020ko ekainaren 5etik, 2020ko azaroaren 2ra

ADI! Laguntza hau eskatu behar baduzu, ez utzi azken momenturako; izan ere, banaka joango dira aztertzen eta laguntzak ebazten, eskaerak sartzen diren ordenean. Aurrekontua behin amaituta, ez da laguntza gehiagorik emango; beraz, baliteke baldintza guztiak betetzea, baina kanpoan gelditzea. Aurrekontua 124.200€ izango dira eta, agortuz gero, baliteke 62.000 euro gehitzea.

INTERNETEZ

• Erregistro Orokor Elektronikotik egin daiteke. HEMEN daukazu lotura
• Edo, bestela, izapidearen orrialdetik bertatik abiatu

Gogoratu internetez egiteko, cl@ve sistemaren bitartez egin behar duzula. Honetarako, egiaztagiri digitala edo NAN elektronikoa beharko duzu edo, bestela pasahitza eskatu beharko duzu. Hementxe dauzkazu honetaz informatzeko eta pasahitzak lortzeko loturak:

Cl@ve sistemaren nondik norakoak HEMEN
Cl@ve Iraunkorra lortzeko modua HEMEN
Eta behin-behineko erabileretarako, cl@ve + PIN, HEMEN

AURREZ AURRE

Dokumentazioa Erregistro Bulegoetara eraman ahal duzu. Orrialde HONETAN bulegoen zerrenda eta helbideak dauzkazu.

Familia Sailaren arreta telefonoa: 848 42 12 58