Gaixotasun edo lesio batek jotzen gaituenean, ohikoena izaten da, lehenengoz, aldi baterako ezintasun egoeran egotea eta, gerora, hobekuntzarik ezean, ezintasun iraunkor egoerara pasatzea.

Ezintasun iraunkorra aitortzeko prozedura, zenbaitetan, ofizioz has daiteke, arazoa, esan bezala, luzatzen bada eta langilea osatuko ez dela aurreikusten bada.

Baina langileak ere eskatu ahal du.

Ezintasun iraunkorra eskatzeko zer egin behar den azaldu dizuegu goitik behera:

  • nora jo behar den
  • online egin ahal izateko loturak
  • beharrezko dokumentazioa
  • zer gertatzen den behin eskatuta
  • non begiratu ze fasetan dagoen prozedura

Eta, jakina, gure eskaera ukatuz gero, zelan jokatu ahal dugun.

Gaixotasun edo lesioren bat pairatzen dugunean, askotan, egoera honek lan egitea galarazten digu. Horrelakoetan, ondo dakigunez, baja medikoa eskatu eta aldi baterako ezintasun egoerara pasatzen gara.

Hala ere, zenbaitetan, sendatzea ezinezkoa izan daiteke eta, langileak lan egiteko gaitasuna galdu duenez, ezintasuna iraunkorra izatera pasatzen da. Ezintasun iraunkorraren lau maila edo mota daude, aipatutako gaitasun galera handiagoa edo txikiagoa izan daitekeenez gero. Edozein kasutan, honelakoetan, langileak pentsio bat jasotzeko eskubidea izaten du (edo kalte-ordain bat, ezintasun iraunkor partzialaren kasuan gertatzen den bezala).

Aldi baterako ezintasunaz eta ezintasun iraunkorraz beste artikulu batzuetan kontatzen dizuegu:

Aldi baterako ezintasunetik ezintasun iraunkorrera

Gaixotasun edo lesio batek jotzen gaituenean, ohikoena izaten da, lehenengoz, aldi baterako ezintasun egoeran egotea eta, gerora, hobekuntzarik ezean, ezintasun iraunkor egoerara pasatzea.

Ezintasun iraunkorra aitortzeko prozedura, zenbaitetan, ofizioz has daiteke, arazoa, esan bezala, luzatzen bada eta langilea osatuko ez dela aurreikusten bada. Baina langileak ere eskatu ahal du.

⇒ Adi! Langileak eskatu nahi badu, legean egindako azken aldaketa batzuk direla medio, honezkero ez da ezinbestekoa aldi baterako ezintasun egoeratik egitea. Hau aurreratxoago azalduko dugu hobeto.

Beraz, ezintasun iraunkorra aitortzeko prozedura…

• Ofizioz has daiteke, honako hauetako batek eskatuta:

– Gizarte Segurantzak: aldi baterako ezintasun egoeran, gehienez, 18 hilabete (545 egun) egon daiteke. Denbora hau pasaturik, Gizarte Segurantzak ezintasun iraunkorrerako prozedura has dezake.

– Lan Ikuskaritzak eskatuta ere has daiteke prozedura hau.

– Osakidetzak edo Osasunbideak proposatuta. Alta medikoa eta historial klinikoa emango lituzke honetarako, aldez aurretik langileari baimena eskatuta.

• Mutualitateak ere eskatu ahal du, beti ere laneko gertakizun edo kontingentziengatik izan bada.

• Langileak eska dezake. Prozedura hauxe da segidan azalduko dizueguna.


⇒ Gizarte Segurantzak prozedura ofizioz hasten duenean, oro har, langilea 18 hilabete bajan egon ostean egiten du. Hala ere, langileak eskatu nahi badu, ez dago bajan pasatu beharreko gutxieneko denborarik. Hau da, edozein momentutan egin dezake. Batzuetan gaixotasuna edo lesioa hain da larria, ezen nahiko argi ikusten baita lehen momentutik. Beste batzuetan zalantzagarriagoa izan daiteke eta administrazioak ezintasun iraunkorra aitortzea errazagoa izan daiteke baja medikoan denbora luzea eman badugu.


Beharrezkoa al da bajan egotea ezintasun iraunkorra eskatzeko?

Lehen, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 193.1 artikuluaren literalitateari jarraiki, ezinezkoa zen ezintasun iraunkorra eskatzea, aldez aurretik trataera jaso ezean, hau da, aldi baterako ezintasun egoeratik pasatu ezean.

Hala ere, 3/2024 Legeak artikulu hau aldatu zuen Azken Xedapenetako Bigarrenean   (lege honek alboko esklerosi amiotrofikoa eta halako gaixotasunak pairatzen dituztenen bizi kalitatea hobetzea dauka helburu) eta orain posible da ezintasun iraunkorra zuzenean eskatzea, aldi baterako ezintasunetik pasatu barik.

Hori bai hainbat baldintza izan behar dira kontuan:

  • Langileak pairatzen duen patologiaren ezaugarriak
  • Gaixotasunaren egoera eta aurreikusten den garapena
  • Urritze anatomiko eta funtzionalen larritasuna

Honetaz gain, aldaketa hau baino lehenago ere bazen posible beste zenbait kasutan hala egitea. 193.2 artikuluak jasotzen zituenek euren horretan diraute: ezintasun iraunkorra zuzenean eskatu ahal izango da (aldi baterako ezintasunetik pasatu gabe), baldin eta langileak ez badauka aldi baterako kontingentziaren babesik edo estaldurarik edo ez badago alta egoeran Gizarte Segurantzan. 

Nora jo behar da?

Eskaera Gizarte Segurantzaren Institutuari egin behar zaio. Hau aurrez aurre bulegoetan edo online egin daiteke.

1. Bulegoetan:

Lotura honetan bilatu ahal duzu non dauden Gizarte Segurantzaren bulegoak:

Gogoratu, bulegora joan baino lehen, aldez aurretiko hitzordua eskatu behar dela. Aldez aurretiko hitzordua eskatzeko:

ESKATU INTERNETEZ: HEMEN

ESKATU TELEFONOZ:
               91 541 25 30
               901 10 65 70 (901 guztiak bezala, tarifikazio berezikoa da; hortaz, tarifa laua izan arren, aparte kobratuko dizute)

2. Online:

Online eskatzeko, errazago eta arinago egingo duzu, baldin eta, identifikatzeko, cl@ve, NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala badaukazu. Ez bada horrela, ez kezkatu, Gizarte Segurantzak aukera ematen du identifikazio modu elektronikorik gabe ere egiteko. Honetarako, zure datu pertsonalak eta momentuan ateratako selfie bat eskatuko dizkizu.

Ze dokumentazio behar da?

— Eskaera-orria. HEMENDIK jaitsi ahal duzu dokumentu ofiziala.
— Identifikazioa (NAN edo TIE)
— Historial klinikoa
— Gaixotasun edo istripu arruntagatik izan bada:
               • Autonomoa bazara, azken hiru hilabeteetako kotizazioak ordaindu izanaren egiaztagiria
—Lan istripuagatik edo gaixotasun profesionalagatik izan bada:
               • Lan istripuaren edo gaixotasun profesionalaren parte administratiboa
               • Aurreko urteko soldaten berri ematen duen enpresa ziurtagiria

Zure eskaerarako beste dokumenturen bat komenigarria izan litekeela uste baduzu, atxiki zenezake. Izan ere, zure gaixotasunaren edo lesioaren larritasunaren berri ematen duten frogak atxikitzeak berebiziko garrantzia dauka.

Era berean, administrazioak ikusten badu dokumenturen bat falta duzula, atxikitzeko eskatuko dizu. 10 egun izango dituzu honetarako.

Adi! eskaera online egiten baduzu, dokumentuen pisua ezin da 10 Mb baino gehiago izan.

Oso garrantzitsua da eskaera-orria ondo betetzea eta dokumentazioa prest edukitzea. Beraz, jar zaitez kontaktuan zure ordezkari sindikalekin edo, bestela, jo ezazu sindikatura. HEMEN dauzkazu helbideak eta telefonoak.

Bestetik, Gizarte Segurantzak informazio eta arretarako telefonoak ere badauzka:
               91 542 11 76
               901 166 565 (901 guztiak bezala, tarifa berezikoa da; hortaz, tarifa laua izan arren, aparte kobratuko dizute)

Eta eskaera behin aurkezturik, zer?

Eskaera aurkezten denean, instrukzio fasea hasten da. Baliteke Gizarte Segurantzak bestelako dokumentazio eta froga mediko batzuk galdegitea eta seguruena da tribunal mediko deitzen dugun horretatik pasatzeko eskatzea.

Honen ostean, Ezintasuna Ebaluatzeko Taldeak proposamen bat egingo du. Horretarako, Gizarte Segurantzaren tribunal medikoak egindako txostena eta zuk atxiki duzun dokumentazioa izango ditu kontuan. Proposamen honetan oinarriturik, Gizarte Segurantzaren Institutuaren herrialdeko zuzendaritzak ebazpena emango du.

Gizarte Segurantzak emandako ebazpen honetan adieraziko da ezintasun iraunkorra aitortzen dizun ala ez. Aitortuz gero, honako hau ere adieraziko du, ze ezintasun mota edo mailatan aitortzen dizun (erabateko ezintasuna, ezintasun absolutua edo ezintasun handia), prestazioaren zenbatekoa eta ze epetan eskatu ahal dizuten hurrengo azterketa mediko bat pasatzeko (pairatzen dituzun osasun kalteak okertu diren edo hobetu diren ikusteko).

Prozedura ze momentutan dagoen jakiteko, online kontsulta zenezake honako helbidean:

8 fase ezberdin azalduko zaizkizu egoitza elektronikoan:

               1. Eskaeraren azterketa eta dokumentazioa:
Gizarte Segurantza aztertzen du ea altan zauden eta dokumentu guztiak ondo dauden. Esan bezala, zerbait falta bada, eskatuko dizute. 10 egun dauzkazu horretarako.

               2. Ebazpen medikoa:
Tribunal medikora deitu dizute.

               3. Ezintasun proposamena:
Gizarte Segurantza zure oinarri arautzailea (hau da zenbat kobratuko duzun) kalkulatzen ari da.

               4. Bizi laboralaren eta kotizazioaren azterketa:
Badakizunez, gutxieneko kotizazio batzuk beharrezkoak dira pentsioa jaso ahal izateko. Lan istripuagatik bada, ez da gutxieneko kotizaziorik behar. Honelakoak konprobatzen ari dira.

               5. Azken azterketa eta ebazpen proposamena:
Herrialdeko zuzendaritzak txosten guztiak jaso ditu ebazpena eman ahal izateko.

               6. Berrikuspena eta espedientearen berrespena:
Kontrolerako barne izapidea da hau

               7. Ebazpenaren sinadura:
Prozedura teknikoa amaitu da

               8. Ebatzita:
Ebazpenaren komunikazioa baino ez da falta. Gutunaz bidaliko dizute etxera, baina, hori baino lehen, egoitza elektronikoan ere kontsultatu ahal izango duzu.

Epeak

Gizarte Segurantzaren Institutuak, gehienez, 135 egun baliodun dauzka ebazteko. Adi! egun baliodunak dira eta ez egun naturalak, hortaz, jai egunak eta asteburuak kanpoan geratzen dira. Hau beste artikulu honetan hobeto azalduta daukazu:

135 egun horiek pasatzen badira eta ez badizute ezer erantzun, ulertu behar da isilune administratibo hau negatiboa dela, hau da, ukatu egin dizutela.

Onarpena, ukapena edo atzerapena

Gizarte Segurantzak ematen duen ebazpenean honako hiru kasuetako bat azalduko da:

  • Ezintasun iraunkorra onartu dizute.

Aurreratu bezala, ze mailatan izan den ere adieraziko dizute: erabateko ezintasuna, ezintasun absolutua edo ezintasun handia. Eman dizuten mailarekin ados ez bazaude, erreklamazioa egin zenezake Gizarte Segurantzan.

  • Ezintasun iraunkorra ukatu dizute

Berez, lanera itzuli beharko zinateke, nahiz eta txarto egon. Enpresan oporrak eskatu ahal dituzu, denbora tartetxo bat edukitzeko eta erreklamazioa prestatzeko. Izan ere, 30 egun baliodun dauzkazu Gizarte Segurantzan erreklamazioa aurkezteko.

Gogoratu ezer erantzuten ez badizute, isilune administratiboa ere ukapena dela eta, hortaz, berdin jokatu beharko zenukeela.

Aldez aurretiko erreklamazio hau ezinbestekoa da epaitegietara jo baino lehen.

  • Kalifikazioa atzeratu dute

Gizarte Segurantzak uste du zure gaixotasuna edo lesioa hobetu daitekeela eta sei hilabeteko luzapena eman ahal dizu. Honek esan nahi du azken ebazpena atzeratzen dela eta, bien bitartean, aldi baterako bajan bazaude, kobratzen jarraituko duzu.


⇒ Adi! Lehen, erabateko ezintasuna ematen bazizuten, enpresak automatikoki kaleratu ahal zintuen. Hori berriki aldatu da. Dena daukazu beste artikulu honetan ondo azalduta. Beraz, ez sinatu kaleratzerik edo finikitorik eta jo zure ordezkari sindikalengana edo sindikatura.


Erreklamazioa

Esan bezala, ezintasun iraunkorra ukatzen badizute (izan ebazpenean, izan isilune administratiboagatik), lehenengo eta behin, erreklamazio bat aurkeztu beharko zenuke Gizarte Segurantzan. 30 egun baliodun daude honetarako.

Hau ere bulegoetan aurrez aurre edo online egin daiteke.

Online egiteko orrialdea honako hauxe daukazue:

Gizarte Segurantzak 45 egun baliodun dauzka erantzuteko. Erantzungo ez balu, kasu honetan ere isilune administratiboa ukapen moduan ulertu beharko litzateke.

Berriro ukatuko balizu, epaitegietara jo zenezake. 30 egun baliodun dauzkazu horretarako.

Oso garrantzitsua da aholku sindikala jasotzea prozedura honetan zehar. Beraz, jarri kontaktuan hasieratik sindikatuarekin.