Ezintasun handia

Azken eguneraketa: 2026/04/09

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko II. Tituluko XI. Kapitulua

⇒ Adi! 2/2025 legeak, besteak beste, terminologia aldaketa ere ekarri zuen: lehengo “baliaezintasun handia” “ezintasun handia” deitzera pasatu zen.

Zer da ezintasun handia?

Ezintasun iraunkorren mailarik gorena da.

Egoera honetan langileak ezin du ezein lanik burutu, ezintasun absolutuan bezala, baina, honetaz gain, inoren laguntza ere beharrezkoa du eguneroko zereginak egin ahal izateko, hala nola, altxatu, jantzi, mugitu e.a.

Kasu honetan, hilabeteroko pentsioari laguntza hau ordaindu ahal izateko osagarri bat gehitzen zaio.

     Hauexek dira, laburbilduz, ezintasun handiaren gako nagusiak:

  • Langilea lan egiteko guztiz ezinduta dago. Hau da, ezin du ezein lanik egin. Baina, honetaz gain, beste pertsona baten laguntza beharrezkoa du eguneroko zereginak egin ahal izateko.
  • Ezintasun absolutuaren eta ezintasun handiaren arteko alderik nagusiena aipatutakoa da: beste pertsona baten laguntzaren premia daukagula gure egunerokotasunean.
  • Ezintasun handiagatik pentsioa jasotzen da. Honen zenbatekoa oinarri arautzailearen %100 izan ohi da. Honetaz gain, osagarri bat ere jasotzen da, laguntzen gaituen pertsona horri ordaindu ahal izateko.

Enpresak ezin zaitu automatikoki kaleratu

2025. urtera arte, ezintasun iraunkorra aitortuz gero, enpresak langilea kaleratu ahal zuen. Izan ere, Langileen Estatutuak lan harremana bertan behera uzteko arrazoien artean ezintasun iraunkorra ere aipatzen zuen (49.1.e) artikuluan).

Hala ere, 2/2025 Legearen bitartez hau aldatu zen eta arrazoi honengatiko kaleratze automatikoari amaiera eman zitzaion. Gaur gaurkoz, langileak erabakitzen du lanean jarraitu nahi duen ala ez eta enpresa behartuta dago behar besteko doikuntzak egitera edo beste lanpostu bat eskaintzera.

Baina, kontuz, kaleratze automatikoa bertan behera geratu bada ere, honek ez du esan nahi bota ezin zaituztenik. Bestetik, langileak hamar egun natural dauzka enpresari bere erabakia helarazteko. Hau guztia ondo azalduta daukazu beste artikulu honetan:

Ezintasun handia eta lana

Ikus dezagun zer dakarren Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 198.2 artikuluak:

“Ezintasun iraunkor absolutuagatiko edo ezintasun handiagatiko bizi arteko pentsioek ez dute eragotziko jardueraren batean aritzea, irabaziak eman ala ez, beti ere jarduera pertsonaren egoerarekin bateragarria bada eta bere lan-gaitasunean aldaketarik ez badakar berrikuspen ondorioetarako

Oro har, ulertu izan da ezintasun absolutuagatiko eta ezintasun handiagatiko pentsioak eta lan ordaindua bateraezinak direla, baina, artikulu horretan oinarriturik, zenbaitetan, epaitegiek kontrakoa ebatzi dute eta “irabaziak eman ditzakeen jarduera” lan ordainduarekin parekatu dute. 2024ko apirilaren 11an Auzitegi Gorenak dotrina bateratu zuen eta pentsioa eta lan ordaindua bateraezinak direla ezarri zuen. Eta legeak aipatzen dituen jarduerak? Tribunalak ez du ukatzen halakorik ezin direnik egin, baina beti ere marginal eta esporadikoak badira.

Honen ildotik, Gizarte Segurantzak 11/2024 kudeaketa irizpidea argitaratu zuen. Bertan argitu zuen ezintasun absolutuagatiko pentsioa jasotzea eta, aldi berean, Gizarte Segurantzaren erregimenen baten barruko lanen bat egitea bateraezinak direla. Hortaz:


⇒ Erabateko ezintasun iraunkorrean ez bezala, ezintasun handiagatiko pentsioa jasoko bagenu, ezingo genuke, aldi berean, lanik egin, ez inoren kontura ez norberaren kontura (autonomo moduan). Bestela esanda, ezin da Gizarte Segurantzako ezein erregimenetan lanik egin.

Zenbait jarduera egin daitezke, beti ere marginal eta esporadikoak badira. Hau da, noiz edo noiz diruren bat jaso zenezake jardueraren batengatik, baina jarduera hori ezin da iraunkorra izan, adibidez, dirutxoren bat jaso ahal duzu ekitaldiren batean musika tresnaren bat jotzeagatik edo, pintura zaletua bazara, koadroren bat saldu ahal duzu edo streaming plataformaren batean eskupeko puntualen bat jaso zenezake…


Beraz, aurreko atalean ikusi dugunez, enpresak gure lanpostua egokitu ahal du edo gure egoera berriarekin bateragarria den beste lanpostu bat eskaini. Halakoetan, lanean jarraitu nahi bagenu, egin genezake. Hori bai, ez genuke, aldi berean, ezintasun pentsiorik jasoko. Eta gauza bera gertatuko litzateke beste enpresa edota beste lan batean hasiz gero.

Lana utziko bagenu, pentsioa jasotzeari ekingo genioke. Bestetik, erretiro adinera behin helduta, aukera genezake ze pentsio jaso nahi dugun: ezintasun iraunkorragatiko pentsioa edo erretiroagatiko pentsioa.

Kotizazio betebeharrak

Kotizazio betebeharrak ezintasun iraunkor absoluturako eskatzen diren berberak dira.

⇒ ADI! Gutxieneko kotizazioak eskatuko dira, baldin eta arrazoia gaixotasun edo istripu arrunta izan bada. Lan istripuagatik edo gaixotasun profesionalagatik izanez gero, ez da aldez aurretiko kotizaziorik eskatuko.

  •  Arrazoia gaixotasun edo istripu arrunta izan bada (Gizarte Segurantzan alta egoeran):

– 31 urtetik beherakoa bazara: 16 urte bete zenituenetik momentura arteko denboraren heren bat (1/3) kotizatzen eman behar izan duzu. Adibidez, 28 urteko langile batek 4 urte kotizatu behar izan ditu:

28 – 16 = 12 urte pasatu dira
12 urte zati 3 = 4 urte, hau da, pasatutako denboraren herena, (1/3)

– 31 urtetik gorakoa bazara:

           – 20 urte bete zenituenetik momentura arteko denboraren laurden (¼) bat kotizatzen eman behar izan duzu. Gutxienez 5 urte izan behar dira.
           – Gutxienez bosten bat (1/5) azken hamar urteetan zehar izan behar izan da.

  • Arrazoia gaixotasun edo istripu arrunta izan bada (Gizarte Segurantzan altan egon gabe): 

Lanean ez bazaude ere, ezintasun handia eska zenezake, Gizarte Segurantzaren 195.4 artikuluak jasotzen duenez: gertakizun edo kontingentzia arruntek ezintasun absolutua edo ezintasun handia sorrarazi badute, pentsioa jaso ahal izango da, nahiz eta Gizarte Segurantzan alta edo altaren pareko egoeran ez egon gertaera eragilearen momentuan.  

Arrazoia gaixotasun edo istripu arrunta izan bada eta langilea ez badago alta egoeran, pentsioa jaso ahal izango da. Edozelan, kasu honetan ere gutxieneko kotizazio batzuk beharrezkoak izango dira:

– Aldez aurretik 15 urtez kotizatu behar izan da, oro har. Hauetatik, 3 urte kotizatu behar izan dira azken 10 urteetan zehar.

Gertaera eragilea

Zenbaitetan, gerta liteke aldez aurretik aldi baterako ezintasun egoeran egotea. Hau da, istripua gertatu da edo gaixotu gara eta laneko baja eskatu dugu, baina, baja arrunta amaituta edo baja bitartean, konturatu gara gure patologiak ondorioak utzi dizkigula eta ezintasun iraunkorra eskatzeko prozeduran hasi beharko garela.

Honelakoetan, hau da, ezintasun iraunkorra aldi baterako ezintasun egoeraren ostean datorrenean, ulertuko da gertaera eragilearen data dela aldi baterako ezintasuna (laneko baja) amaitu denean. Amaiera hau izan daiteke, bai bajan egon daitekeen gehieneko denbora pasatu delako, bai alta medikoa eman dizutelako ezintasun iraunkorra aitortzeko proposamenarekin.

Eragin ekonomikoak, hau da, pentsioa jasotzen hasteko momentua izango da Gizarte Segurantzak ebazpena ematen duenean. Hau da, bajagatiko prestazioa jasotzeari utzi zenionetik hasiko zinateke pentsioa jasotzen. Edozein kasutan, pentsioagatik jaso behar duzun diru kopurua handiagoa bada laneko bajagatik jasotzen zenuena baino, atzeraeraginez aplika dezakete.

Beste batzuetan, ezintasun iraunkorra ez dator aldi baterako ezintasunean egon ostean. Honelakoetan gertaera eragilearen data izango da ezintasunak baloratzen duen taldeak ebazpen-proposamena eman duen eguna. Eragin ekonomikoak ere egun berean hasiko lirateke.

Langilea ez bazegoen alta egoeran: gertaera eragilearen data izango da eskaera egin dugun momentua eta eragin ekonomikoak ere egun horretan hasiko lirateke.

Zenbat jasotzen da?

Pentsioaren zenbatekoa ezintasun absolutuagatik jasotzen den berbera izango litzateke. Esan dugunez, oinarri arautzailearen %100.

Honi osagarri bat gehitu behar zaio. Osagarri hau kalkulatzeko, zera hartuko da kontuan:

Zenbateko bi hauek batuko lirateke. Emaitza osagarriaren kopurua izango litzateke.

Edozelan, osagarri honen kopurua ezin da izan pentsioaren %45 baino gutxiago.

Gogoratu ezintasunaren arrazoia arrunta izanez gero, 14 ordainsaritan jasoko zenukeela pentsioa. Arrazoia lanekoa balitz (lan gaixotasuna edo lan istripua) pentsioa 12 ordainsaritan jasoko zenuke (aparteko paga biak hainbanaturik edo “prorrateaturik”).

Oinarri arautzailea zelan kalkulatzen den ezagutu nahi baduzu:

Gutxieneko zenbatekoak

Pentsio kontributibo guztiekin gertatu bezala, gutxieneko batzuk bermatuta daude. 2026rako gutxieneko zenbatekoak honako hauek dira:

Patologiaren nondik-norakoak

Lehen esan dugun bezala, patologia edo lesio larriak pairatu behar ditugu; izan ere, lan egitea galarazi behar digute.

Ezintasun iraunkorra sorrarazi dezaketen gaixotasunen zerrenda ofizialik ez dago. Hala ere, hainbat patologia halakotzat jo ohi dira, bide administratibo zein judizialetik.

Edozelan, ezintasuna ez da aitortzen gaixotasun zehatz bat pairatze hutsagatik, baizik eta gaixotasun edo lesio horrek lan gaitasuna murrizten duen moduagatik. Honela, baliteke pertsona bik gaixotasun berbera izatea, baina bakar baten jardun laborala egotea murriztuta. Era berean, gaixotasun berberak langile bati ezintasun maila altuagoa sorrarazi diezaioke beste bati baino.

Baliaezintasun handia oso ohikoa izaten da langileak ikusmena galdu duenean, gurpildun aulkian geratu denean, gaixotasun psikologiko/psikiatrikoengatik… Gogoratu baliaezintasun handiaren ezaugarri nagusia beste pertsona baten laguntza behar izatea dela. Bestetik, beharrezkoa ez bada ere, lagungarria izan daiteke EAE edo Nafarroako administrazioek desgaitasun edo menpekotasun maila handia aitortu badizuete.

Orrialde honetan edozein ezintasun iraunkor sorraraz dezaketen gaixotasunen zerrendatxo bat daukazue:

Zelan eskatzen da?

Lehen aipatu dugunez, normalean ezintasun iraunkorra aldi baterako ezintasunaren ostean etortzen da. Beraz, Osakidetzak edo Osasunbideak, Gizarte Segurantzak edo mutualitateak ezintasun iraunkorra aitortzeko prozedurari ekin diezaiokete tarte horretan.

Beraz, aldi baterako ezintasun egoera amaitu arte itxaron liteke, ea Gizarte Segurantzaren Institutuak berak ezintasun iraunkorrerako proposamena egiten duen. Denbora hau, luzapenekin, orotara, 545 egun dira.

Baliteke hala ez gertatzea. Kasu honetan zuk zeuk eska zenezake. Era berean, zeuk eskatu beharko zenuke derrigorrez, ez bazara aldez aurretik aldi baterako ezintasun egoeran egon.

Eskaera Gizarte Segurantzaren Institutuari egin behar zaio.

Eskaera-orria bete beharko duzu. Ondoko loturatik jaitsi ahal izango duzu:

Honetaz gain, beste dokumentu batzuk ere beharko dituzu. Besteak beste:

  • Identifikazio dokumentua (NAN edo NIE, pasaportea)
  • Osakidetza edo Osasunbidearen historial klinikoa
  • Lan gaixotasun edo istripuagatik izan bada, honen berri ematen duen parte administratiboa beharko duzu eta, gainera, aurreko urteko soldaten egiaztagiria.

Dokumentazio guztia HEMEN kontsulta dezakezu edo, bestela, eskaera-orri ofizialean.

Aurrez aurre eskatu ahal duzu bulegoetan (gogoratu aldez aurretiko hitzordua eskatu behar dela) edo, bestela, prestazioaren eskaera ONLINE ere egin daiteke. Honako helbidetik egin dezakezu: