Aurrekoan azaldu bezala, prestakuntza kontratuak berriztu dira azken lan erreformarekin. Bigarren hau falta genuen azaltzeko, baina.

Lehengo praktika kontratua “praktika profesionala lortzeko prestakuntza kontratu” bihurtu da. Zenbait hobekuntza egin dira, batez ere soldatari dagokionez, eta iraupena urtebetera mugatu da.

Hala ere, beste prestakuntza kontratuarekin gertatu bezala, enpresen gaineko kontrolaz ez da ezer berririk ezarri.

Gogoratu kontratu berri hauek martxoaren 30etik aurrera hasiko direla indarrean eta, beraz, momentura arte sinatu diren praktika kontratuak lehengo araudiaren arabera gauzatuko direla.

👉🏼 IRAKURRI GEHIAGO

Praktika profesionala lortzeko prestakuntza kontratua

2022/02/14

Lan erreformarako premiazko neurrien 32/2021 Dekretuaren 1. artikulua
Langileen Estatutuaren 11. artikulua

 

Prestakuntza kontratuak Langileen Estatutuaren 11. artikuluan datoz islatuta. Lan erreformarako premiazko neurriak ekarri dituen 32/2021 Dekretuak artikulu hori moldatu du.

Erreformara arte hiru prestakuntza kontratu mota zeuden: prestakuntza eta ikasketa kontratua, praktika kontratua eta unibertsitateko heziketa dualerako kontratua (lanbide heziketa dualaren kasuan, enpresak prestakuntza kontratu bat egin dezake edo beka bat eman). Erreformarekin hiru kontratu mota hauek bitara murriztu dira eta zenbait baldintza moldatu dira:

  • Orain arte erabiltzen ziren prestakuntza eta ikasketa kontratua eta prestakuntza dualerako kontratua bateratu egin dira. Hemendik aurrera alternantziako prestakuntza kontratua izango da.
  • Bestetik, praktika kontratua hemendik aurrera praktika profesionala lortzeko prestakuntza kontratua izango da.

Artikulu honetan bigarren kontratu motari dagokiona azalduko dugu, hau da, praktika profesionala lortzeko prestakuntza kontratua.

 

Nori dago zuzenduta?

– Berez, praktika kontratuak batez ere gazteei egiten bazaizkie ere, ez dauka adin mugarik. Hau da, edonori egin dakioke, bere adina edozein dela ere.

– Titulazioren bat eduki behar da (alternantziako prestakuntza kontratuarekin ez bezala): unibertsitatekoa, lanbide heziketakoa, maila ertain edo goi mailako titulua, master profesionala, profesionaltasun ziurtagiriak, e.a.

– Titulua jaso eta hurrengo hiru urteetan egin behar da kontratu hau. Epe hau 5 urtetakoa litzateke langileak desgaitasunen bat baleuka. Hau berritasuna da: aurreko praktika kontratuarekin ikasketak amaitu eta bost urteko tartea zegoen kontratu hau egin ahal izateko eta, dibertsitate funtzionaldun langileen kasuan, 7 urteko epea.

– Ezin izango da praktika kontraturik egin, baldin eta langilea aldez aurretik enpresa horretan eta jarduera berean aritu izan bada hiru hilabete baino gehiagoz. Berdin da denbora hau lanean edo prestakuntzan izan bada. Hori bai, ez da kontuan hartzen titulua ateratzeko beharrezkoa izan den prestakuntza, hau da, tituluaren edo egiaztagiri profesionalaren curriculum barruan sartzen diren praktikak.

 

Iraupena

Praktika kontratuaren iraupena, gutxienez, 6 hilabetekoa eta, gehienez, urtebetekoa izan daiteke. Iraupena, beraz, laburtu egin da, lehengo praktika kontratuarekin posible baitzen 2 urtez egotea.

Hortaz, gehienez, urtebetez egon zaitezke praktika kontratuarekin. Gogoratu praktika kontratua titulazio zehatz bati lotuta baino ezin daitekeela egin. Beraz:

  • Titulazio berberagatik ezin zara egon urtebete baino gehiago praktiketan. Izan hau enpresa berean edo enpresa bat baino gehiagotan.
  • Ezin zara enpresa bereko lanpostu berean urtebete baino gehiago egon honela kontrataturik, nahiz eta titulazio ezberdinengatik izan. Hau da, demagun praktiketan kontratatu zaituztela lanpostu baterako eta, gerora, beste titulazio bat atera duzula. Enpresak ezin zaitu berrio praktiketan kontratatu lanpostu berbererako beste titulazio berri hori aitzakiatzat erabilita.
  • Unibertsitateko ikasketak: gradua, masterra eta doktoretza titulazio ezberdintzat hartuko dira. Honela, posible litzateke gradua ateratzen duzunean praktiketan egotea eta, gerora, masterra ateratzen baduzu, berriro praktiketan kontratatzea. Hori bai, lehen esan dugunez, ezingo litzateke izan lanpostu berbera betetzeko. Baina, kontuz! Hau ezin da alderantziz izan; hau da, praktiketan kontratatu zaituzten lehenbiziko aldian goragoko titulazioa baldin bazeneukan (adibidez, masterra), ezin izango zaituzte gerora praktiketan kontratatu gradu titulazioagatik.

 

Soldata

Hitzarmenaren araberakoa izan behar da. Hitzarmenak kontratu mota honetarako soldatarik ezartzen badu, horixe aplikatu beharko da. Bestela, hitzarmenak ez badio ezer praktika kontratuaz, hitzarmenak funtzio eta talde profesional horretarako ezartzen duen soldata arrunta izan beharko da.

Edozein kasutan, ezin izango da praktika kontratuetarako soldata txikiagorik ezarri alternantziako prestakuntza kontratuetarako baino, ezta lanbidearteko gutxieneko soldata baino gutxiago ere.

Puntu honetan aldaketa egon da. Izan ere, lehengo praktika kontratuetarako, legeak zera zioen, lehen urtean lanpostu horri dagokion soldataren %60 eta hurrengo urtean %75 jaso behar zela (gogoratu lehengo praktika kontratuak urte bi iraun ahal zituela). Orain, soldata osoa kobratu beharko genuke.

Hala ere, praktikan, honelako kontratuak aplikatzen dituzten enpresa askok, hitzarmenak ez badu kontrakoa zehazten, lanbide arteko gutxieneko soldata baino ez dute ordaintzen. Beraz, ezer baino lehen, begiratu ondo zein den dagokizun hitzarmena eta egiaztatu dagokizun soldata jasotzen ari zarela.

 

Bestelako batzuk

⇒ Jardunaldi osoz edo jardunaldi partzialaz kontrata gaitzakete.

⇒ Gizarte Segurantzan alta eman behar digute eta beharrezkoa da kontingentzia edo gertakizun guztiengatik kotizatzea, langabeziarako barne.

⇒ Enpresak prestakuntza plangintza egin behar du honela kontratatutako langile bakoitzarentzat. Plangintza honetan praktika profesionalaren edukiak islatu behar dira. Honetaz gain, tutore bat izendatu behar du.

⇒ Kontratua idatziz egin behar da eta bertan honakoak ere islatu behar dira: prestakuntza plangintzaren testua, praktiken edukiak eta tutoretza jarduerak.

⇒ Praktika kontratua amaitzen denean, enpresak ziurtagiri bat eman behar digu.

⇒ Probaldia: gehienez, hilabete.

⇒ Praktika kontratua behin amaituta, enpresak berriro kontratatzen bazaitu, ezin izango dizu probaldirik ezarri. Honetaz gain, praktika kontratuarekin eman duzun denbora antzinatasunerako hartu beharko dizute kontuan.

⇒ Kontratua lege-iruzurrean egiten bada edo enpresak ez baditu betetzen prestakuntza betebeharrak, kontratu hori kontratu arrunt mugagabe bihurtuko da.

⇒ Ezin izango da aparteko ordurik sartu. Hala ere, salbuespen bat dago: aparteko orduak sartu ahal izango dira, baldin eta aparteko ezbehar eta kalteak premiaz konpondu behar badira (Langileen Estatutuaren 35.3 artikuluan azaltzen direnak, alegia).

⇒ Legea indarrean hasi baino lehen sinatu diren praktika kontratuei ez die arau berriak eragingo. Hau da, lehengo legea aplikatuko zaie.

 

Noiz hasiko da indarrean?

2022ko martxoaren 30ean.

Prestakuntza kontratu berriak (praktika profesionala lortzeko kontratu hau zein alternantziako prestakuntza kontratua) data horretatik aurrera hasiko dira sinatzen, beraz.

Honela, data horretara arte sinatzen diren prestakuntza kontratuak –lehengo prestakuntza eta ikasketa kontratua eta praktika kontratua, lehengo araudiaren arabera gauzatuko dira, sinatzen direnetik eta kontratuaren amaiera datara arte.

Erreformara arte hiru prestakuntza kontratu mota zeuden: prestakuntza eta ikasketa kontratua, praktika kontratua eta unibertsitateko heziketa dualerako kontratua (lanbide heziketa dualaren kasuan, enpresak prestakuntza kontratu bat egin dezake edo beka bat eman). Erreformarekin hiru kontratu mota hauek bitara murriztu dira eta zenbait baldintza moldatu dira: