Aurrekoan kontatu genizuen bezala, badirudi aldizkako kontratu finkoak behin-behinekotasunaren zaku berria izango direla hemendik aurrera.

Lan erreformaren dekretuak ohartarazi zuenez, Gizarte Segurantzaren Legean behar besteko moldaketak egin behar ziren aldizkako langile finkoek langabezia subsidioak baldintza berdinetan eta eskubide berdinekin eskura ditzaten. Bada, aldaketa hauek 3/2022 Dekretuak egin ditu.

Moldaketa hau egin arte, aldizkako finkoek langabezia subsidioak mugatuta zeuzkaten eta, gainera, 52 urtetik gorakoentzako subsidioa ukatzen zitzaien.

Martxoaren 2tik aurrera, ordea, jarduerarik gabeko sasoian hasten diren langileek zein aldizkako kontratu finko berri bat sinatu dutenek arau berriaren arabera eskatu ahal izango dituzte subsidio hauek:

👉🏼 IRAKURRI GEHIAGO

Aldizkako langile finkoak: 52 urtetik gorakoentzako subsidioa

2022/03/07

3/2022 Dekretua, otsailaren 2an BOEn argitaratua:
Laugarren Xedapen Iragankorra
Seigarren Azken Xedapena

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 277 artikulua
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 280 artikulua

 

Lan erreformak hainbat moldaketa ekarri ditu aldi baterako kontratazioari dagokioez. Kontatu genizuenez, arauketa berriaren bitartez, aldizkako kontratu finkoak behin-behinekotasunerako zaku bihurtu nahi izan dituzte. Hau da, aldi baterako kontratu asko aldizkako finko bihurtuko dira. Honek ez du behin-behinekotasunarekin amaituko, estatistiketan ez bada. Hau da, langileok aldian-aldian lan egiten jarraituko dugu, batere egonkortasunik Gabe, baina, hala ere, gure kontratuak estatistiketan finko moduan azalduko dira.

Hau guztia askoz hobeto azalduta daukazue hurrengo artikulu honetan:

Testu horretan azaltzen dugunez, lan erreformaren dekretuak zera zekarren: Gizarte Segurantzaren Legean ere behar besteko moldaketak egin behar zirela aldizkako langile finkoek langabezia subsidioak baldintza berdinetan eta eskubide berdinekin eskura ditzaten. Bada, aldaketa hauek 3/2022 Dekretuak egin ditu. Errepide bidezko garraioari buruzko Dekretua izan arren, beste gai batzuk ere txertatu ditu bere xedapenetan eta hauetako bat da, hain zuzen, aldizkako langile finkoen langabezia subsidioei dagozkienak. Baina ikus dezagun zer aldatu den zehazki:

Lehenengo eta behin, garrantzitsua da jakitea Dekretu hau 2022ko martxoaren 2an hasi dela indarrean eta garrantzitsua dela diogu, araudi berria data horretatik aurrera aplikatuko delako.

Araudi zaharraren arabera, aldizkako langile finkoek langabezia prestazioa eska zezaketen lanik egiten ez zuten sasoietan (langabezia prestazioa eskuratzeko beharrezkoak diren kotizazio baldintzak eta abarrak betez gero, jakina). Langabezia subsidioak, halere, murriztuta zeuzkaten. Honela, aldizkako langile finkoek kotizazio nahikorik ez edukitzeagatiko subsidioa, 45 urtetik gorakoentzako subsidioa eta familia laguntza eskatu ahal zituzten. Kasu guztietan subsidioaren iraupena aurreko urtean kotizatutako hilabete kopurura mugatuta zegoen.

Honetaz gain, aldizkako langile finkoek ezin zuten 52 urtetik gorakoentzako subsidiorik eskatu, aldizkako kontratu finkoa zeukaten bitartean. Hau da, ezin zuten eskatu lan harremana indarrean zegoen bitartean, nahiz eta hainbat hilabetetan lanik egin barik egon.

Honela, arestian esan dugunez, martxoaren 2an jarduerarik gabeko sasoian (lanik gabe eta deialdiaren zain) egon diren langileek ezingo lukete eskatu, arau berria data horretatik aurrera hasi baita aplikatzen.

Hala ere, martxoaren 2tik aurrera jarduerarik gabeko sasoian hasten diren langileek zein aldizkako kontratu finko berri bat sinatu dutenek arau berriaren arabera eska ditzakete subsidioak, baita 52 urtetik gorakoentzakoa ere.

Hauxe da aldatu dena:

Atal honek aldizkako langile finkoen langabezia subsidioak eskuratzeko baldintza bereziaak ezartzen zituen. Hortaz, hemendik aurrera aldizkako langile finkoek langabezia subsidioak eskatu ahal izango dituzte beste langile guztiek egiten duten baldintza berberetan, 52 urtetik gorakoentzako subsidioa barne.

Hortaz, 52 urtetik gorakoentzako subsidioa jasotzen den bitartean egiten diren erretirorako kotizazioak berdinak izango dira edozein langileren kasuan.

 

Gogoratu 52 urtetik gorakoentzako langabezia subsidioa jubilaziorako kotizatzen duen bakarra dela. Kotizazio oinarria gutxieneko kotizazio mugaren %125 da. Jasotzen den kopurua beste subsidio guztietan jasotzen den berbera da: IPREMaren %80. Hau da, 2022. urterako, 463,21 euro hilean.

Langabezia subsidioei dagokien informazio guztia (bete beharreko baldintzak, iraupena, beharrezko dokumentazioa eta abar) hurrengo artikuluetan kontsulta dezakezue: