Diru-sarrera baxuak dituzten herritarrei (edo, hobeto esanda, familiei) bideratutako 200 euroko dirulaguntza hau ez da berria; aitzitik, iaz ere bazegoen martxan.

Hala ere, hainbat kontu aldatu dira: diru-sarreren maila (14.000€tik 27.000€ra altxatu da), familia unitatean sartzen diren kideak, baita balizko jasotzaileak ere (laguntza berri hau ezin izango dute eskatu langabezia prestazio edo subsidiorik jaso ez duten langabetuek).

ADI! Pentsiodunek edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera (“IMV”) jasotzen dutenek ere ezin dute eskatu.

Espainiako Estatuaren menpeko dirulaguntza bada ere, EAE eta Nafarroako Foru Ogasunek kudeatuko dute eta, hortaz, horiexei eskatu beharko diegu.

Internetez eskatu behar da, derrigor. Administrazioak ondo baino hobeto daki hau modu paregabea dela hainbat eta hainbat lagun kanpoan uzteko. Ahalegindu gara, beraz, ahalik eta argien azaltzen:

Zer egin 200 euroko dirulaguntza eskatzeko?

2023/02/20

20/2022 Dekretua, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko neurrien ingurukoa. 74. artikulua

Araba: 90/2023 Agindu Forala
Bizkaia: 11/2023 Agindu Forala
Gipuzkoa: 384/2022 Agindu Forala
Nafarroa: 2E/2023 Agindu Forala

Diru-sarrera baxuak dituzten herritarrei bideratutako 200 euroko dirulaguntza da. Ez da laguntza berria; aitzitik, iaz ere bazegoen martxan. Hala ere, hainbat kontu aldatu dira, besteak beste, diru-sarreren maila (14.000tik 27.000ra altxatu da), familia unitatean sartzen diren kideak, baita balizko jasotzaileak ere (aurreko laguntza edozein langabetuk eskatu ahal zuen, prestazio edo subsidioaren jasotzailea izan ala ez; laguntza berri hau, ordea, ezin izango dute eskatu langabezia prestazio edo subsidiorik jaso ez duten langabetuek).

Espainiako estatuaren menpeko dirulaguntza bada ere, EAE eta Nafarroako Foru Aldundiek kudeatuko dute eta, hortaz, horiexei eskatu beharko diegu.

Aurrera jarraitu baino lehenago, abisatu behar dizuegu, internetez eskatu behar da, horixe da modu posible bakarra. Administrazioak ondo baino hobeto daki hau modu paregabea dela hainbat eta hainbat lagun kanpoan uzteko. Ahaleginduko gara, beraz, ahalik eta argien azaltzen.

 
Nork eskatu ahal du?

2022an lan egin dutenek, bai  soldatapeko moduan, bai autonomo moduan edo langabezia prestazioa edo subsidioa jaso dutenek. Hortaz…

Ezin izango dute eskatu ez pentsiodunek, ez eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen dutenek ere, nahiz eta diru-sarrera baxuak izan. Era berean, enplegu eskatzailetzat izena emanda dauden pertsonek, ez badute langabezia prestazio edo subsidiorik jaso, ezin izango dute diru-laguntza hau eskatu.

 
Gehienezko diru-sarrerak
  • 2022ko gehienezko diru-sarrerak: 27.000 euro gordin
  • Gehienezko ondasuna: 75.000 euro

ADI! Norberaren diru-sarrerez eta ondasunaz gain, familiakoak ere kontuan izango dira. Kalkuluak egiteko, honako hauek ere sartuko dituzte familia unitatean eta, hortaz, euren errentak ere zenbatuko dituzte:

            – Bikotekidea
            – 25 urtetik beherako seme-alabak edo desgaitasunak dituzten seme-alabak (edozein adinetakoak), beri ere zurekin batera bizi direnak eta 8.000 euro baino gutxiago kobratzen dutenak. (PFEZren inguruko 35/2006 Legearen 58. artikulua)
           – Zurekin batera bizi diren guraso edo aitaita-amamak

 
Zenbateko laguntza da?

200 euroko diru-laguntza da, ordainketa bakar batez jasoko dena.

Laguntza hau hurrengo urteko errenta aitorpenean deklaratu beharko da. Hau da, zergapetua izango da eta irabazitzat hartuko da 2024n egingo dugun PFEZ aitorpenean.

 
Eskatzeko epea

2023ko otsailaren 15etik martxoaren 31ra arte

 
Non eskatu behar da?

Esan bezala, laguntza estatala izan arren, Foru Aldundiek kudeatuko dute, Ogasun Foralek, zehazkiago.

Eskaera online izan behar da derrigor. Ez dago aurrez aurre egiteko aukerarik.

Honako orrialde hauetatik egin behar da (zuzenean sartuko zara dirulaguntza eskatzeko orrialdera):

ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA
NAFARROA

Identifikazio elektronikorako moduren bat beharko duzu. Ziurtagiri digitala badaukazu, berau erabil zenezake lau herrialdeetan. Nafarroan NAN elektronikoarekin ere sar zaitezke. Hauen ezean, beste aukera batzuk badaude, baina ezberdinak dira EAE eta Nafarroarako. EAEn, Bak eta BakQ sistemak erabiltzen dira administrazioarekiko izapideetarako; Nafarroako administrazioan, ordea, Cl@ve erabiltzen da.  

 
Identifikazio elektronikoa EAEn

Oraintxe eman ditugun orrialdeetara sartu eta izapidea egiten hasten bazara, lehenengo eta behin, Izenpen identifikatu beharko zara. Oraintxe esan bezala, hiru modu daude, oro har, EAEko administrazioarekin izapideak egiteko: ziurtagiri digitala, Bak edo BakQ. Orrialde hau zabalduko zaizu (Gipuzkoako Aldunditik sartutakoan topatuko genukeena jarri dugu, baina beste biak berdin-antzekoak dira):

Ziurtagiri digitalaz gain, izapide gehienak egiteko, BakQ eskatu ohi dute. Laburbilduz eta orain interesatzen zaigunerako, BakQ identifikazio modua lortzeko, buelta gehiago eman behar dira. Esan nahi baita, Bakq-ekin konparatuta, askoz errazago lortzen da Bak. Zorionez, diru-laguntza hau eskatzeko, posible da Bak bitartez identifikatzea.

Zelan lortu Bak?

Esan bezala, Bak errazago eta lehenago lortu ahal da, ez baikara inora joan behar eskatzeko (BakQ-en kasuan kazetagunera jo behar dugu).

1. pausoa: Formulario bat bete behar duzu eta, honen ostean, aktibaziorako kodea bidaliko dizute. Kode hau etxera bidaliko dizute, posta arruntaz. Edozelan, Bizkaian, esaterako, azken errenta aitorpenaren proposamenarekin batera, Bak aktibatzeko kodea bidali ziguten etxera. Araban, bestalde, formularioa betetzean, azken errenta aitorpenaren emaitza sartzen baduzu, zuzenean bidaliko dizute; bestela, posta arruntaz helduko zaizu.

Formularioak honako orrialde hauetan dauzkazue:

           ARABA

           BIZKAIA
           Telefonoz ere eskatu ahal duzu aktibazio kodea: 946 125 500

           GIPUZKOA
           Gipuzkoako formularioan niri, behintzat, ez zidan uzten ordenagailuan datuak sartzen. Mugikorrean, ordea, arazorik ez.

 

2. pausoa: Kontuz! Aktibazio kodea ez da pasahitza. Aktibazio kodea daukazunean, Bak aktibatu behar duzu. Aktibatzen duzunean, Bak erabili ahal izateko pasahitza SMSz bidaliko dizute (aukera dago, gerora, pasahitza aldatu eta nahi duzuna aukeratzeko).

Bak aktibatzeko orrialdeak:

ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA

Inoiz Bak erabili baduzu, baina pasahitza ahaztu bazaizu, pasahitz berri bat eskatu ahal duzu. Identifikatu behar zaren Izenperen orrialdean (irudia lehentxoago jarri dugu), Bak aukera sakatuta, hurrengo leiho hau zabalduko zaizu. Ikusten duzunez, NAN eta Pasahitza sartzeko koadroen azpian, pasahitz berria eskatzeko aukera ere ematen dizute:

Bak sistemarekin ez ezik, BakQ identifikazioarekin ere eska zenezake diru-laguntza. Honetaz, zein Izenpez, gehiago jakiteko, begirada bat bota ahal diozu hurrengo artikulu honi:

Identifikazio elektronikoa Nafarroan

Esan bezala, Nafarroan ziurtagiri digitalarekin edo NAN elektronikoarekin identifikatu ahal zara. Honelakorik ez badaukazu, beste aukera bat da cl@ve bitartez egitea.  Cl@ve sistema Estatuaren administrazioekin zein Nafarroako Gobernuarekin izapideak egiteko balio digu eta pasahitz iraunkorrak zein behin-behineko pasahitzak lor ditzakegu.

200 euroko dirulaguntza eskatzeko Nafarroako orrialdean zaudela, tramitazioan hasten zarenean -tramitazio botoia sakatzen duzunean, alegia-, orrialde hau zabalduko zaizu:

Hortxe dauzkazu aukera posible guztiak. Ikusten duzunez, NAN + Ogasunaren PIN ere azaltzen da. Orrialdean bertan abisatzen dutenez, laster batean aukera hau ezin izango da erabili, ez bada errenta aitorpenarekin zerikusia daukaten izapideetarako eta, beraz, cl@ve edo ziurtagiri digitala eskuratzeko gomendatzen dizute.

Cl@ve eskatzeko hiru modu daude:

  • NAN elektroniko edo ziurtagiri digitalarekin
  • Bulegoetan aurrez aurre
  • Internet bitartez, ziurtagiri digitalik edo NAN elektronikorik gabe

Lehenengo eta behin, aldez aurretiko erregistroa egin beharko dugu (aktibaziorako kode bat bidaliko digute) eta, gerora, cl@vea eskatu beharko dugu, cl@ve iraunkorra edo behin-behineko cl@vea, 24 ordurako balio duena.

Hau guztia pausoz pauso eta zehatz eta mehatz azalduta daukazu hurrengo artikulu honetan:

Informazio gehiago

ARABA:

— Informazio telefonoa: 945 181 555
— Ogasunaren bulegoetan aurrez aurre ere bai. Gogoratu aldez aurretiko hitzordua eskatu behar dela. Orrialde HONETATIK egin dezakezu. Sartu eta izapide motan “Información ayuda 200 euros” aukeratu.

BIZKAIA:

– Informazio telefonoa: 946 125 500

GIPUZKOA:

— Informazio telefonoa: 943 113 000
Diru-laguntza tramitatzeko gida

NAFARROA:

— Online kontsulta: https://www.navarra.es/eu/ogasuna/lagunduko-dizugu (“Ayuda 200€” aukeratu behar duzu)
— Azalpen bideoa: