Kotizazioekin jarraiki, aurtengo berritasun nabarmenetako bat autonomoen erregimenari dagokio.

Izan ere, iaz sistema osoa aldatu egin zen 13/2022 Lege Dekretuaren bitartez, eta, hemendik aurrera, benetako irabaziengatik kotizatu beharko da.

Bere momentuan gure artikulu honetan azaldu genizkizuen lege berriak ekarri dituen aldaketa nagusi guztiak.

Edozelan, hemen daukazue berriro, egin dizkiogun eguneraketa txiki batzuekin:

Autonomoen kotizazio sistema berria

2022/09/20
Azken eguneraketa: 2023/03/16

— 13/2022 Lege Dekretua, autonomoen kotizazio sistema berria ezarri eta jarduera amaieragatiko babesa hobetzen duena

— 2023rako Estatuko Aurrekontuen Legearen VIII. Titulua
— PCM/74/2023 Agindua, urtarrilaren 30ekoa, Gizarte Segurantzari kotizazio arauak garatzen dituena

 

2022ko uztailaren 27an 13/2022 Lege Dekretua argitaratu zen BOEn. Honek autonomoen erregimenean hainbat berritasun ekarri ditu, besteak beste, kotizazio sisteman.

Momentura arte, autonomoek, erregimen orokorreko langileek ez bezala, euren kotizazio oinarria aukeratzen zuten. Gainera, ez zen derrigorrezkoa oinarri hau benetako irabazi edo diru-sarrerekin lotuta egotea. Honela, autonomoen gehiengo oso handiak (%85ek gutxi gorabehera) gutxieneko oinarria aukeratzen zuen eta, honen ondorioz, euren prestazioak ere -erretiro pentsioa, kasurako-  gutxienekoak izaten ziren (erregimen orokorreko langileena baino %43 txikiagoa). Honek Gizarte Segurantzaren diru-bilketari ekartzen zion defizita ez aipatzearren.

Lege berriaren aldaketa nagusia hauxe da, hain zuzen, autonomoen kotizazioak irabazien araberakoak izan beharko direla 2023ko urtarriletik aurrera.

Edozelan, 2022ko abenduaren 31n autonomoen erregimenean dauden langileek 2023. urtean zehar lehengo sistemaren arabera kotizatzen jarraitu ahal izango dute, harik eta irabazien arabera kotizatzeko hautatu arte. Denarekin ere, kasu honetan 2022ko abenduko kotizazio oinarriari dagozkien aldaketak eta gehikuntzak aplikatu beharko zaizkio, Aurrekontu Orokorren eta bestelako araudiaren arabera (Bigarren Xedapen Iragankorra).

Era berean, autonomoak, 2022ko abenduan, kotizazio oinarri altuago bat aukeratuta baleuka (hau da, benetako irabaziengatik legokiokeena baino oinarri altuago bat aukeratuta baleuka), oinarri horri eutsi ahal izango dio (Seigarren Xedapen Iragankorra).

 

Kotizazio tarte eta oinarri berriak. Ordaindu beharreko kuotak.

15 tarte izango dira. 15 tarte hauetatik, 12 taula orokorrekoak izango dira eta gainontzeko 3ak taula murriztukoak.

Taulak progresiboki joango dira doitzen hurrengo hiru urteetan zehar eta asmoa da gutxieneko kuotak jaisten joatea, gehienekoak handitzen diren bitartean.

Honela, 2023rako gutxieneko kuota 230 euro izango dira eta gehienekoa 500 euro; 2024rako, 225€ eta 530€, hurrenez hurren; eta 2025erako, 200€ eta 590€.

Izan kontuan, gaur egun, sistema zaharraren arabera, gutxieneko kuota 294€ direla.

Hemen dauzkazue kotizazio oinarrien taulak, tarte bakoitzari dagozkion gutxieneko eta gehieneko kotizazio oinarriekin (Lehenbiziko Xedapen Iragankorra). Irudi gainean sakaturik, handitu ahal izango duzue:

Badakizuenez, kotizazio oinarriari kotizazio tipoak aplikatu behar zaizkio, jakiteko zein izango den ordaindu beharreko kuota. Hau horrela da erregimen guztietan.

Hauexek dira, gaur gaurkoz, autonomoei dagozkien kotizazio tipoak (kotizazio oinarriari aplikatu behar zaizkion ehunekoak, alegia):

— Gertakizun arruntak: %28,30
— Gertakizun profesionalak: %1,30
— Jarduera amaieragatiko prestazioa: %0,90
— Lanbide heziketa: %0,1

Edozelan, kotizazio oinarri eta tipoak beti izango dira Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean urterik urte ezartzen direnak.

Beste taula honetan ikus dezakezue kotizazio tarte bakoitzari egokituko zaion kuota datozen hiru urteetan:

Kuota murriztua

Autonomoen Estatutuko 38 ter artikulua

2023 eta 2025 urteen bitartean, hilabetean 80 euroko kuota murriztua ordaindu ahal izango duzu, baldin eta:

— Autonomoen erregimenean lehenengo aldiz apuntatu bazara
— Autonomoetan urte bi bajan egon osten, berriro apuntatu bazara
(Bosgarren Xedapen Iragankorra)

Neurri hau urtebetez aplikatuko da eta beste urtebetez luzatu ahal izango da, baldin eta zure irabaziak lanbidearteko gutxieneko soldata baino baxuagoak izan badira lehen urtean.

Era berean, desgaitasun mailaren bat badaukazu (%33koa gutxienez) edo indarkeria matxistaren biktima bazara, lehenbiziko urte bietan 80 euroko kuota aplikatuko zaizu eta, honen ostean, 160 euroko kuota beste urtebetez.

Kuota murriztu honek 60 euroko tarifa laua ordezkatuko du. Hala ere, lehenagotik tarifa laua aplikatzen ari bazitzaizun, jasotzen jarraituko duzu dagokizun denbora guztian, aurreko araudiaren arabera.

 
Zelan kalkulatu ze kotizazio tarte dagokizun?

Ikusi dugunez, kotizazioak -eta ordaindu beharreko kuotak- irabazi garbien arabera izan beharko dira 2023tik aurrera, tauletan azaldu bezala.

Ze tarte dagokizun jakiteko, diru-sarrera guztiak batu behar dituzu eta honi gastu kengarriak (“gastos deducibles”) kendu. Jasoko duzun emaitza honi %7 ere kendu ahal izango diozu, gastu generiko kontzeptupean.

Hortaz, kotizazio tartea aukeratzeko, hurrengo urte naturaleko zure irabazi garbien aurreikuspena egin beharko duzu. Kantitatea dakigunean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari jakinarazi beharko diozu Importass atariaren bitartez.

Baina, jakina, baliteke urte horretan zehar konturatzea zure irabaziak ez datozela bat hasieran aurreikusi duzun kopuruarekin. Izan ere, altuagoak edo baxuagoak izan daitezke. Zer gertatzen da horrelakoetan? Bada, aukera dago urtean zehar oinarria aldatzeko, benetako irabazietara egokitzeko. Aldaketa hau sei aldiz egin daiteke urtean zehar (2064/1995 Dekretuaren -Kotizazioaren inguruko Araudi Orokorraren- 45. artikulua):

Honela, zure kotizazio oinarria honako data hauetan aldatu ahal izango duzu:

  • Martxoaren 1ean, eskaera urtarrilaren 1etik otsaileko azken egun natural arte egitekotan
  • Maiatzaren 1ean, eskaera martxoaren 1etik apirilaren 30era arte egitekotan
  • Uztailaren 1ean, eskaera maiatzaren 1etik ekainaren 30era arte egitekotan
  • Irailaren 1ean, eskaera uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte egitekotan
  • Azaroaren 1ean, eskaera irailaren 1etik urriaren 31ra arte egitekotan
  • Hurrengo urteko urtarrilaren 1ean, eskaera azaroaren 1etik abenduaren 31ra arte egitekotan
 
Ez dagokizun oinarria aukeratzen baduzu

Urtea amaitzen denean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak eta Ogasunak datuak trukatuko dituzte:

— Aukeratu zenuen kotizazio oinarria zegokizuna baino baxuagoa izanez gero, Administraziotik jakinaraziko dizute zenbat diru duzun zor. Diru kopuru hori ordaindu beharko duzu. Honetarako epea: jakinarazpena jaso eta hurrengo hilabeteko azken egunera arte.

— Aukeratu zenuen kotizazio oinarria zegokizuna baino altuagoa izanez gero, Administrazioak ofizioz itzuliko dizu zor dizun dirua. Honetarako epea: jakinarazpena jaso eta hurrengo ekitaldiko maiatzaren 31 baino lehen.