Jai egun hauei herriko jai eguna gehitu behar zaie. EAEko herri bakoitzeko jai egunak ondoko lotura hauetan kontsulta ditzakezue; Nafarroakoak, ordea, oraindik ez daude argitaraturik, baina, ondo dakigunez, normalean ez dira aldatzen. Gainera, zerrenda osoa buletinean abenduan argitaratu ohi den arren, udal bakoitzak aldez aurretik izaten du ebatzita:
ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA
Orrialdearen beheko partean egutegi eta kartelerak jaitsi ahal izango dituzue PDF formatuan.
Jai iraingarririk ez
Urtez urte, lan egutegiarekin batera, hainbat jai inposatzen zaizkigu, ezinbestez ospatu beharrekoak eta euskal langileriarentzat iraingarriak direnak. Gainera, erreparatzen baduzue, jai hauek derrigor bete beharrekoen artean sartzen dira. Estatuak, beste ezeren gainetik arbuioa eta gaitzespena sorrarazi ahal dituzten egunak direla jakinda, beste batzuekin ordezkatzeko aukerarik ere ez du ematen. Eta, gero, ikusi behar dugu askoz errotuago dauden eta familia artean ospatu ohi diren beste jai batzuk aukeran uzten dituztela, Errege Egunarekin edo Urte Berri egunarekin, adibidez, sarri askotan egin ohi duten bezala.
• Urriaren 12a, gaur egun Espainiako jai nazionaltzat jotzen dena eta aurretiaz Hispanitatearen jaia edo Arrazaren eguna izan zena. Jai honek gure herriaren eta gure eskubideen gainetik hispanitate horren inposaketa suposatzen du. Eta, honetaz gain, Inperio espainiarrak gurutzearen eta ezpataren izenean Latinoamerikako herrietan egindako sarraski guztiak ospatzea ere bai: genozidioa, baliabide ustiaketa, hizkuntza eta kultura akatzea…
• Abenduak 6, Konstituzio eguna. Hegoaldeko herritarroi gure eskubideak ukatzen dizkigun lege-markoa ospatzea adierazten du. Autodeterminazio eskubidea galarazten diguna, hain zuzen ere.
Egun hauek, jakina, ez dira jai ez Bizilanentzat, ez LAB sindikatuarentzat. Eta guretzat ez diren bezala, hainbat enpresetan ere ez. Negoziazio kolektiboaren bitartez posible baita, bultzatu eta lortu izan dugun bezala, jai egun horiek beste batzuekin ordezkatzea.
Lan egutegia enpresan
Lan egutegiaren inguruko arautegia honakoetan aurkituko dugu, besteak beste:
• Langileen Estatutuaren 34.6 artikulua: Bertan egutegia urtero egin beharra eta leku ikusgarrian jarri beharra adierazten da
• 1561/1995 Dekretua, Hirugarren Xedapen Gehigarrian: Langileen ordezkarien parte hartzea lan egutegian
• 5/2000 Dekretuaren 6.1. artikulua eta 40 artikulua: Arau hausteak eta zehapenak
• Hitzarmen kolektiboa. Negoziazio kolektiboaz askotan lan egutegiaren inguruko hainbat puntu adosten dira, sektorean edo enpresan bete beharrekoak direnak.
Lan egutegian honako hau islatu behar da: lan jardunaldia, atseden egunak, jai egunak eta oporraldia. Honetaz gain, jardunaldien banaketa irregularra ere azaldu beharko litzateke, hitzarmenak ezartzen duena errespetaturik.
Enpresak urtero egin behar du lan egutegia. Ze epetan izan behar den, normalean hitzarmen kolektiboak adierazten du. Izan liteke, esaterako, hilabeteko tartea egotea administrazioek jai egunak argitaratzen dituztenetik edo adostu den edozein epe.
Egutegia egin baino lehen, langileen ordezkaritzari kontsultatu behar dio. Honetaz gain, langileen ordezkaritzak aldez aurretiko txostena eman ahal dio enpresari. Txosten hau loteslea ez bada ere, bertan adierazi behar da enpresak urteko jardunaldia, atseden denborak, jai egunak eta zubiak eta abar betetzen ote dituen.
Enpresak lan egutegia ordezkaritzarekin kontsultatu barik egingo balu, egutegia baliogabetzat jo liteke eta zehapena jaso lezake Lan Ikuskaritzaren aldetik. Era berean, txostena loteslea ez bada ere, erabilgarria izango litzaiguke balizko erreklamazioren bat sartu beharko bagenu.
Adostasunarekin edo adostasunik gabe, egutegia langileen bistan egon behar da (normalean informazio paneletan eskegitzen da). Hau lan zentro guztietan egin behar da eta, beharrezkoa balitz, enpresan dauden sail ezberdinetan. Enpresak eta langileen ordezkariek sinatuta egon behar da. Esan bezala, langileen ordezkaritzak kontrolatu behar du egutegian islatzen den horrek legeak eta hitzarmenak ezartzen dutena betetzen ote duen eta errespetatu egiten ote duen. Izan ere, lan baldintzen aldaketa substantziala ekar lezake egutegiak, behin baino gehiagotan gertatzen den bezala.