Bozkatzera joateko baimena
Langileen Estatutuan, gainontzeko baimen ordaindu guztien artean, zera aurki dezakegu 37.3.d) artikuluan: lanera huts egin daiteke ”ezinbesteko denboraz, izaera publiko eta pertsonala duten eginbeharreko saihestezinak betetzeko, botoa ematea barne hartuta”.
Baina, zer da “ezinbesteko denbora”?
Lege estatalak markatzen du baimen hau, gehienez, lau ordukoa izango dela, baina erkidegoak dira, hauteskunde prozesu bakoitzean, baimen hauek zehazten dituztenak.
Baimen honen iraupena ez da berdina kasu guztietan. Izan ere, gure jardunaldiak bozketa ordutegiarekin kointziditzen duen denbora hartuko da kontuan beti. Gogoratu bozketa ordutegia goizeko 9:00etatik iluntzeko 20:00etara dela.
Hemen utziko dizkizuegu, adibidez, ekainaren 9ko Europako hauteskundeetarako baimenak. Izan kontuan, hauteskunde prozesu bakoitzean, bai Nafarroan, bai EAEn, baimenak argitaratzen diren arren, ohikoena dela aldaketarik ez egotea. Esan nahi baita, normalean testua “kopiatu eta pegatu” egiten da hauteskunderik hauteskunde.
Nafarroan (ekainaren 3an argitaratutako 319/2024 Ebazpena):
- Lan ordutegiak ez badu kointzinditzen hauteskunde-mahaiak zabalik dauden ordutegiarekin edo ordu bi baino gutxiago kointziditzen badu: ez dago ordaindutako baimenik.
- Kointzidentzia bi ordu eta lau ordu (baino gutxiago) bitartekoa bada: bi orduko baimena
- Kointzidentzia lau ordu eta sei ordu (baino gutxiago) bitartekoa bada: hiru orduko baimena
- Kointzidentzia sei ordutik gorakoa bada: lau orduko baimena
EAEn (maiatzaren 10ean argitaratutako Agindua):
- Lan ordutegiak eta bozketa ordutegiak lau ordu edo gehiagoz kointziditzen badute: lau orduko baimena.
- Kointzidentzia lau ordutik beherakoa bada, lanaldiarekin bat datorren denborara mugatuko da baimena (adibidez, hiru orduko kointzidentzia = hiru orduko baimena etab.)
— Jardunaldi partzialaz aritzen diren langileen kasuan baimena murriztuko da jardunaldia murrizturik dagoen portzentaje berean. Esaterako, demagun lau orduz aritzen zarela lanean (jardunaldi erdiz, alegia) eta zure jardunaldiak lau ordu horietan kointziditzen duela; egokituko litzaizukeen baimena bi ordukoa baino ez litzateke izango, hau da, jardunaldi osoz arituko litzatekeen langile bati dagokion erdia.
— Bozketa egunean zure herritik urrun lan egin beharko bazenu (edo laneko baldintzek zailduko balute egun horretan botoa ematea), enpresak aldez aurretik posta bidez botoa eman ahal izateko baimena eman beharko lizuke. Baimen hau, gehienez, lau ordukoa izango da eta azaldutako irizpide berdinekin kalkulatuko da.
⇒ ADI! Enpresak botoa eman izanaren egiaztagiria eskatu ahal dizu. Egiaztagiri hau hauteskunde-mahaian bertan eskatu ahal da, botoa emateko momentuan.